93 Zenbakia 2000-09-29 / 2000-10-06

Gaiak

Deba Ibarreko euskeria

ZUAZO, Koldo

Deba Ibarreko euskeria Deba Ibarreko euskeria * Traducción al español del original en euskera Koldo Zuazo Lanaren zergatiak Betidanik, Oihenartek XVII. mendean aurkeztu zuen euskalkien sailkapenetik hasita, esan izan da Bizkai aldeko euskara berezia dela. Baina XIX. mende amaieraz gero, eta batez ere XX. mende honetan zehar, bizkaieraren eta gipuzkeraren arteko etena bat batekoa eta erabatekoa dela aldarrikatu da, eta antzina dialekto nagusi bi izan zirela esateraino ere iritsi gara: bizkaiera, alde batetik, eta gainerako guztiek osatutakoa, bestetik. Iritzi horretakoak ziren Koldo Eleizalde, Uhlenbeck eta Gorostiaga, besteak beste. Uste horren egia edo ustela ikusi beharra zegoen, eta Deba ibarreko hizkerak aztertzea zen bidea, ibar hauxe dagoelako Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko mugan. Beste eztabaida bat ere bada euskal dialektologian: ea zein ote den Arabako euskararen kokagunea. Gipuzkeratik gertu ikusi zuen Oihenartek eta bizkaieraren barruan Larramendik, nahiz eta honekin zeharo berdindu ez zuen. Bonapartek, berriz, bizkaierarekin batera sartu zituen XIX. mende erdialdean bizirik ziren hizkera arabarrak. Etena Mitxelenak egin zuen. 1958an, Landuchio italiarrak XVI. mendean osatutako hiztegia argitara eman zuenean, euskalki berezitzat jo zuen Araba aldekoa, eta "hegoaldekoa" deituraz izendatu zuen. 1958tik hona, baina, Arabako euskararen gaineko lekuko eta argibide berriak agertu dira, eta gauzak beste era batera ikusteko bidea zabaldu zaigu. Euskal dialektologia bera ere, bai antzinakoa eta bai egungoa, sakonago eta zabalago ezagutzen dugu, eta horrek ere gauzak beste era batera ikusteko bidea eskaini du. Deba ibarreko hegoaldeko alderdiak, Oñatik eta Leintz ibarrak, Arabarekin egiten du muga, eta Gasteizekin izan du, eta du, hartu emana. Gasteiz da bertakoendako gertuengo hiri nagusia, bai Bilbotik eta, zeresanik ez, Tolosa edo Donostiatik baino hurrago dagoena, eta ez da, beraz, harritzekoa administrazio mugak gorabehera, Gasteiza jo izana hango bizilagunek.Uste izatekoa denez, hizkuntzan ere nabaritu egin behar hartu eman horren eragina, eta alde honetatik ere bazuen interesa Deba ibarreko euskara aztertzeak. Bestalde, dialektologiaren aldetik ez ezik, soziolinguistikaren aldetik ere oso esanguratsua da ibar hau. 150.000 bizilagun inguru ditu, eta herri hazi samarrak dira tartean: Arrasate, Oñati, Bergara, Eibar, Elgoibar eta Ermua batez ere. Herri industrializatuak dira, eta industriaren osagarri, teknologia eta ikerkuntza garatu da. Horren lekuko dira, besteak beste, Arrasateko eta Eibarko unibertsitateak. Hau guztiau dela eta, etorkizun handiko alderdia da, eta erakargarri egiten zuen horrek ere bertako euskara aztertzea. Aretxabaleta. Euskara eta euskalkia ondo samar gorde dira gainera, eta esanguratsuagoa dena, etorkizunean gordetzeko ere urrats sendoak egin dira. Arrasaten sortu zen Euskal Herri osoko lehenengo euskara elkartea ("Arrasate Euskaldun Dezagun"), eta gaur egun ibar osoan hedatu dira tankera horretako elkarteak. Euskarazko hedabideak ere aldizkariak gehienbat ia herri denetan daude, eta euskara lan munduan sartzeko saioak ere egin dira: "Emun" Elkartea da horren eragile. Metodologia eta ondorioak Metodologiari dagokionez, aurretiaz egindako deskripzioak aztertu nituen lehenbizi. Lanabes ugariak eta zehatzak aurkitu nituen herri batzuetan: Antzuolan, Bergaran eta Eibarren batez ere. Aramaion, Arrasaten, Oñatin, Ermuan eta Mutrikun ere aurkitu nituen zenbait argibide, eta lanabes horietan guztietan oinarrituta, 252 itauneko galdetegi bat osatu nuen. Denetarik sartu nuen galdetegian: fonologia, morfologia, sintaxia eta lexikoa. Azentuaren gaineko galdera bi ere baziren tartean. Ibarra osatzen zuten hamazazpi herrietan egin nituen galderak, eta laster ohartu nintzen bazirela hizkera berezi bi: Debakoa eta Mallabikoa. Debakoa gipuzkeran sartu beharrekoa begitandu zitzaidan eta Mallabikoa, berriz, ez zitzaidan homogeneoa iruditu. Berriz aldera jotzen zuen auzo batek eta Markiña aldera beste batek, etahori dela eta, Mallabia ere alde batera uztea erabaki nuen. Gainerako hamabost herriak ere ez dira euskara aldetik berdinak. Hiru eremu egin ditut: Debagoiena (Aramaiok, Gatzagak, Eskoriatzak, Aretxabaletak, Arrasatek eta Oñatik osatua), Debaerdikoa (Antzuolak, Bergarak, Elgetak, Ermuak, Eibarrek eta Soraluzek osatua) eta Debabarrena (Elgoibarrek, Mendarok eta Mutrikuk osatua). Debagoiena eta Debaerdikoa mendebaleko euskararen barrukotzat jo daitezke, nahiz eta Antzuolan eta Bergaran euskara giputzaren eragina nabarmena izan. Debabarrena, berriz, ezin da euskalki horretan sartu. Ez mendebalekoan eta ezta giputzean edo erdialdekoan ere. Tarteko euskara da hemengoa, bateko zein besteko ezaugarriak dituena. Hasierako hipotesiei dagokienez, hauexek dira ondorioak. Batetik, bizkaieraren eta gipuzkeraren arteko etena ez da inondik inora bat batekoa eta erabatekoa. Debabarreneko hizkerek, Bergarak eta Antzuolak egiten dute eremu bien arteko lotura. Bestalde, Debagoiena da bizkaieratik gertuen dagoena. Gertutasun hori ezin etorri Debagoienak Bizkaiarekin hartu eman estuagoak izatetik. Hau da, kontua ez da Aretxabaletak, esate baterako, Soraluzek baino hartu eman estuagoak izan dituela Bizkaiarekin. Kontua da Arabarekin izan dituela Deba ibarrak bere hartu emanak, eta sendotu egiten du horrek beste argibide batzuek ere erakusten zutena: Araba gehiena mendebaleko euskalki barrukoa zela. Nire ustez, Arabak, Bizkaiak eta Deba arroak osatzen zuten euskalki hori antzina eta baita, ziurrenera, Burgosko eta Errioxako alderdi euskaldunak ere. Euskalkien etorkizuna Epilogo bezala, euskalkiek euskararen etorkizunean eta normalizazio bidean izan dezaketen balioaz egin dut saiotxo bat. 1968an euskara batua egin zenetik oso baztertuta izan ditugu euskalkiak, eta hainbat iritzi oker zabaldu da gainera: euskara batua dela euskara jasoa, aberatsa, modernoa eta euskaldunok batzen gaituena, eta euskalkiak, berriz, adin handiko jende ezjakinak, baserri giroan gehienbat, erabiltzen dituztenak direlaikusarazi zaigu, gaurregungo gizarte hiritar eta industrializatuan lekuz kanpo daudenak eta euskaldunon hartu emanak oztopatu besterik egiten ez dituztenak. Ikuspegi oker horretatik kalte larriak etorri zaizkigu, eta ondorioak ikusten eta ordaintzen hasiak gara dagoeneko. Galdutako bidea berriro aurkitu nahirik, gogoeta eta proposamen batzuk aurkeztu ditut saio honetan. Koldo Zuazu, EHU ko Irakaslea Euskonews & Media 93.zbk (2000 / 9 29 / 10 6) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=denda&link=www.euskoshop.com http://ikaskuntza.org/