91 Zenbakia 2000-09-15 / 2000-09-22

Gaiak

Kultur-artekotasunari buruzko gogoetak

URIBARRI, Ibón

Kultur artekotasunari buruzko gogoetak Kultur artekotasunari buruzko gogoetak * Traducción al español del original en euskera Ibon Uribarri Globalizazioa prozesu ukaezina da, erreala, bereziki finantzak eta teknologiaren zabalpena badira gure arretagunea. Hala ere, globalizazioaren garrantziari buruzko iritziak ez datoz bat. Horrela, Hirst/ Grahame ren esanetan globalizazioa ilusiorik gabeko mundu bati dagokion mitoa besterik ez litzateke. Benetan, ordea, merkataritzaren portzentaia, Barne Produktu Gordinarekin alderatzen badugu, ratio hau beste garaietan handiagoa ere izan dela ikusten da. Besterik, atzerriko inbertsio zuzena lehen munduan ematen da gehien bat, eta ez da benetan globala. Eta enpresa transnazionalak, berez, oinarri nazional bat duten enpresa multinazionalak dira. Emigrazioa, bestalde, askoz handiagoa izan da beste garaietan gaur egun baino. Bestetik, idazle batzuk nahiago dute erregionalizazioz hitz egin, benetako prozesu erabakigarri gisa (Europar Batasuna, NAFTA, Ekitalde urruneko eremu informalagoa). Honekin globalizazioaren egitura asimetrikoari hobeto erantzuten zaio. Izan ere, inklusio esklusio prozesuak ezaugarritzen dute globalizazioaren martxa, globalizazioaren bitartez probetxu bat lortzen dutenen eta kaltea jasotzen dutenen artean, bai nazioarte mailan, baita gizarte baten barnean ere. Hala ere, badaude globalizazioaren murrizketa eta alde ilun hauek ikusi nahi ez dituztenak eta hauek globalizazioaren alde agertzen dira, berau prozesu autonomo gisa aurkeztuz, gizakien ekintzei eta kontroleei ihes egiten dien prozesu gisa. Merkatuak berez helburu honetara zuzentzen omen duen globalizazioaren ideia hau, benetan prozesu errealaren ulermen eskasa eta nahimen ahula ezkutatzeko tresna da. Benetan, globalizazioaren garapenak erabaki politikoen mende egoten jarraitzen du. Horrela, Kanten kosmopolitanismoa berriro eguneratzen saiatzen ari da zenbait pentsalari, IX. Naziaorteko Kant Kongresuan Berlin en ikusi ahal izan dugun moduan. Hau zuzenki globalizazioakgizarte eta politika mailan eskatzen dituen aldaketei aurre egiteko gertatzen ari da. Globalizazioak sortzen duen nahasmen anarkia hau gainditzeko egiturei eta erakundeei eman behar die bide, zeren nahasmenean geratzeak, gaurko arazoen iraupena eta gaiztotzea besterik ez luke ondoriotzat. Esan behar da gainera globalizazio delakoa, aurpegi anitz duen prozesua dela, ekonomia hutsetik gizarte, politika eta kulturaren eremuetara zabalduz. Nire interesgunea, ordea, kultura da orohar, eta kultur aniztasuna eta globalizazioaren arteko harremana bereziki, gai oso eztabaidatua baita kultur aniztasuna mehatxatuta omen dagoen ala ez. Globalizazioak kultur homogeneizazioa dakarrela esan daiteke neurri batean, nazioarteko kontsumo kultura baten eran. Badirudi biodibertsitatearen kontserbazioarako hitzarmenaren ondoren kultur aniztasunaren kontserbazioarako beste bat beharko dugula. Hala ere, natura eta kulturaren parekatze honek baditu beste arriskuak. Kultura lurra lantzea da jatorriz, beraz, gizakiak naturarekin duen jarrera, jarrera kolektiboa. Kultura, beraz, ezin da ulertu guretzat prest dagoen eremu baten gisa, ez gara kultura batean bizi, baizik eta kultura sortzen dugu, eratzen dugu. Berriztatze ezaugarri hau ahazten duen kultura desagertzeko arriskuan geratzen da, zeren gizabanakoa gizartearen tipo bat bihurtzen baita, bere taldea eta tradizioaren ordezkaria, bere ahalmen sortzaile eta kritikoak kentzen zaizkiolarik. Horregatik kulturaren ulermen estatikoak arazotsuak direlakoan nago, hala nola, Lévi Strauss en ideia; honen arabera mundu zibilizazioa beren jatorrizkotasuna gordetzen duten kulturen mundu mailako koalizioa da. Honek kulturaren dinamismoa ukatzen du eta bereziki dinamismo horren ondorio bat: ez dagoela irla moduko kultura bakarturik, mundu kultura bat bakarra ez dagoen bezalaxe. Askotan kultura baten hardware eta software bat badirela aipatzen da, lehena zientzia , teknika eta ekonomiak osatuko lukete, bigarrena hizkuntza, mitologiak, balioak, erlijioak,etab. Zatiketa honen asmoa lehenengo eremuan ematen den globalizazioa onartu eta bigarren eremuko unibertsalizazioa ukatzea da, modernizazioa bai, mendebaldartzea ez. Zatiketa hau ere oso arazotsua gertatzen da nire ustez, gizakiaren jarrera kritikoa lehen eremura baztertzen duelako, bigarrenetik ezabatuz. Hemen ez naiz hasiko eztabaida hau zehazki lantzen, baina bere garrantzia azpimarratzen saiatuko naiz. Zatiketa hau bultzatzen duen jarrerak giza eskubideen unibertsalitatea ukatzen du, kultur imperialismoaren adar bat balitz bezala. Bizimodua, tradizioa eta balioak aldatzen dituen ideia arrotz hori ez omen da onargarria. Hala ere, jarrera honekin gizakiaren banakotasuna eta bere jarrera kritikoa ezinezkoak egiten dituen bizimodu, tradizio eta balioak babesten dira, eta funtsean botere egitura oso konkretuak babesten dira. Horrela, adibidez, Jainkoaren legean oinarritutako balio alternatiboak defendatzen dituztenek, funtsean gizakien lege oso konkretu batzu babesten dituzte Jainkoaren izenean. Beti ahaztu egiten da Mendebaldean sortutako giza eskubideen oinarriak gizabanakoari errespetua eta bere hausnarketa askearen garapena direla, kultur aniztasuneko eremu batean. Aniztasunezko egoera horri aurre egiteko tresna da giza eskubideen ideia, Mendebaldean bestearekin harremana norbere buruaz egindako erreflexioaren parte delako. Honek ez du kultura, bizimodu edo erlijio unibertsal bat inposatzen, baizik aniztasuna bizi ahal izateko behar diren norma orokorrak, eta beraz, gizabanakoaren jarrera kritikoa ukatu nahi duten kultura, bizimodu edo erlijioaren aurka soilik egingo dute giza eskubideek. Bestalde, ordea, globalizazioa identitate anitzen mehatxu gisa agertzen da, kultur alienazioaren eragile gisa, eta horrek era guztietako erreakzioak sortzen ditu. Dena den, globalizazioa eredu liberal baten arabera bultzatzen bada, merkatuaren legeak soilik onartzen dituen eredua, lana eta lurra ere merkantzia bihurtuz, eta politikari bere funtzioa kentzen bazaio, orduan globalizazioarenaurkako erresistentziak ere forma apolitikoak hartzeko joera izango du. Mundu mailan ingurugiroaren defentsa, eta tokian tokiko mailan etnia, hizkuntza, erlijio, ezberdinean oinarritutako identitatearen defentsa gisa. Testuinguru honetan oso garrantzitsua gertatzen da identitatea eta legitimazioaren oinarriak nolakoak izan behar duten erabakitzea, politikoak ala kulturalak, edo alderdi bakoitzak zein pisu izan behar duen erabakitzea. Bukatzeko, kulturaren ulermen dinamikoa azpimarratu nahi dut berriro, zeren bestela eremu txikiko kulturak desagertzeko arriskuan dauden abereen gisara tratatzeko arriskua sortuko baita. Horregatik, kultur aniztasunaren onarpenak tolerantzia baino gehiago, izan behar du, zeren tolerantzia hutsa estatikoa da, pasiboa. Kultur aniztasuna erronka gisa hartu behar da arazo gisa baino; erronka kulturen berezitasuna errespetatuz aldi berean beren arteko komunikazioa eta elkarlana ahalbidetzea da. Ibon Uribarri doktorea irakasle gonbidatua da Oxford en Euskonews & Media 91.zbk (2000 / 9 / 15 22) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=denda&link=www.euskoshop.com http://ikaskuntza.org/