Euskararen ahozko kale erabilera Arrasaten Euskararen ahozko kale erabilera Arrasaten Jose Felix Diaz de Tuesta 1. Metodologia. Kaleetan dabilen jendeak zein hizkuntza erabiltzen duen jakitea da neurketaren helburua. Neurketa, beraz, ez da, inkesta edo elkarrizketa bidez, leku publikoetan zein hizkuntza erabiltzen duen galderari jendeak eman dion erantzuna. 1988tik hona urtero egin du Arrasateko Udalak neurketa hori. Izan ere, urte batean euskararen kale erabilera zein den jakitea garrantzitsua bada ere, are garrantzitsuagoa da kale erabileraren bilakaeraren berri jakitea. Hortaz, bada, neurketa urtero egiten da. Eta, urte bateko neurketako datuak beste urteetako neurketetako datuekin alderatu ahal izateko, sasoi berean eta baldintza berdinetan egiten dira beti neurketak. Otsailaren laugarren astean egiten da neurketa. Arrasateko ohiko giroa aldatuko duen ospakizunik (inauteriak, ekintza politiko edo kulturalen bat, ...) izango dela iragarrita badago, neurketa astebete beranduago edo lehenago egiten da. Lau neurketaldi izaten dira: asteazken arratsaldez, ostiral arratsaldez, larunbat eguerdiz eta larunbat arratsaldez. Arratsaldeko neurketaldiak 6etan hasi eta 8,30etan amaitzen dira. Larunbat eguerdiko neurketaldia, berriz, 12etan hasi eta 14,30etan amaitzen da. Neurketa auzoka egiten da. Hartarako bost auzotan banatu dugu Arrasate: Kalea (erdialdea), San Andres, Uribarri, Musakola eta Santamaina. Auzo bakoitzean ibilbide jakin bat egiten dute beti neurtzaileek (ikusi auzo bakoitzaren fitxa). Saio bakoitzean bikote batek egiten du neurketa. Bikoteko lagun batek jendearen hizketaldiak entzun eta besteak datuak fitxan jasotzen ditu. Neurtzaileei eurei egindako galderak edota lagunekin izandako elkarrizketak ez dituzte apuntatu behar. Ez neurtzaileen lagunek ez senideek ez dute neurketaren berri jakin behar, noski. Honela apuntatzen dira datuak: Bi haur gaztelaniaz hitz egiten ari direla entzunez gero, neurtzaileek bi makilatxo apuntatzen dituzte "Haurrak.Gaztel" zutabean. Bi heldu haur batekin euskaraz ari badira, neurtzaileek bi makilatxo apuntatzen dituzte "Helduak lagunduta **. Eusk" zutabean eta beste makilatxo bat "Haurrak lagunduta *. Eusk" zutabean. Lau gazte gaztelaniaz ari badira, neurtzaileek lau makilatxo apuntatzen dituzte "Gazteak.Gaztel" zutabean. Hiru heldu eta bi zahar euskaraz ari badira, neurtzaileek hiru makilatxo apuntatzen dituzte "Helduak.Eusk" zutabean eta beste bi makilatxo "Zaharrak. Eusk" zutabean. Zahar bat haur batekin gaztelaniaz ari bada, neurtzaileek makilatxo bat apuntatzen dute "Zaharrak lagunduta. Gaztel" zutabean eta beste makilatxo bat "Haurrak lagunduta. Gaztel" zutabean. Leku itxietara taberna, denda, atari eta zineetara, esate baterako ez dira sartzen neurtzaileak eta, sartuta ere, ez dute daturik hartzen. Hortaz, bada, neurketaldian kalean dauden pertsonek zein hizkuntza darabilten baino ez dute adierazten neurketako datuek. Horrek ez du esan nahi pertsona batzuek kalean beti euskaraz edo beti gaztelaniaz egiten dutenik. Neurketaren bidez ez dago jakiterik zenbat pertsonak egiten duen kalean euskaraz. Jasotzen den informazio bakarra, beraz, hauxe da: neurketa egin den leku, egun eta orduetan zenbat eta zein jende mota ari zen euskaraz edo erdaraz hitz egiten. Beste alde batetik, hizkuntzaren ahozko erabilera gertaera kolektiboa da berez. Ezaguera, ordea, norbanakoari dagokio. Izaera ezberdineko gertaeren aurrean gaude. Izan ere, udalerri jakin batean euskaldun bat aurkitzeko probabilitatea udalerri horretako euskaldunen proportzioa baino ez den bitartean, pertsona batek kalean euskara erabiltzeko probabilitatea faktore askoren emaitza da. Zeintzuk baldintza bete behar dira, ordea, pertsona batek euskaraz egin dezan? Lehenengo eta behin, pertsona horrek euskaraz jakitea, noski. Pertsona horrek euskaraz egin nahi izatea. Solaskideak euskaraz jakitea. Solaskide bat baino gehiago badira, guztiek jakitea. Baldintza horietako bakar batek huts eginez gero, hiztunak gaztelaniara pasatukodira. Baldintza hauek garbikien harreman afektibo pertsonaletan ematen dira, bestelako esparruetan administrazioan, lan munduan, komunikabideetan, e.a norbanakoaz kanpoko aldagaiek eragin handia baitute hizkuntza jokaeretan. Eta, hain zuzen ere, kaleetan ematen diren harreman gehienak maila afektibo edo pertsonalekoak dira. Kaleko hizkuntza jokaeraren neurketa hauek hizkuntzarekiko atxikimendua zenbaterainokoa den adierazten dute. Esan gabe doa euskararen ezaguera eta erabilera alderatze hutsetik atera ohi diren ondorioak ez direla zuzenak. Esate baterako, oso joera hedatua da hau esatea: "Arrasatearren %54 euskalduna da eta euskararen erabilera kalean %28,7koa baino ez da. Beraz, erabilera txikia da.". Hori ez da zuzena. Izan ere, ezagueraren eta erabileraren tasak bakarrizketan baino ezin baitaitezke bat etorri. Gainontzean, sekula ez datoz bat ezaguera tasa eta erabilera tasa. Talde bateko hizkuntza jokaeran zorizko aldagai askok eragiten dute eta ez bakarrik solaskide bakar baten borondateak edota euskararen ezaguerak. Ezarritako helburuak lortzeko erabiltzen den teknika neurketa objektibo exaustiboa da. Neurketaren esparrua Arrasate da eta unibertsoa bi urtetik gorako arrasatearrak. Lagina unibertsoaren % 20tik gorakoa izaten da. Laginketa mota, berriz, estratifikatua, auzo eta adin taldearen arabera. 2. Emaitzak. Aurtengo otsailean, aspaldiko hamabi urteotan bezala, euskararen erabilera neurtu du Arrasateko Udalak, goian azaldutako metodologiaren arabera. Hauexek dira aspaldiko urteotan egindako neurketetako emaitza nagusiak (ikusi ondoko taula): 1988tik hona urtetik urtera Arrasateko kaleetan euskararen ahozko kale erabilera etengabe hazi da. Gainera, hazkundea handia izan da: 1988ko neurketan kaleko elkarrizketen % 11,6 euskaraz ziren; 2000an, berriz, % 31,9. Euskararen ahozko kale erabileraren bilakaera adinaren arabera (%tan) Urtea Haurrak Gazteak Helduak Zaharrak Guztira 1988 24,4 10,3 9,7 28,9 11,6 1989 22,5 12,7 12,2 28,1 14,7 1990 21,0 13,4 12,0 18,9 14,3 1991 25,8 6,7 11,1 33,8 15,1 1992 34,1 21,1 14,4 20,7 18,8 1993 36,7 22,6 21,5 29,2 25,0 1994 33,7 21,7 17,4 25,2 22,8 1995 50,3 22,6 22,8 27,3 27,9 1996 47,3 25,2 20,1 23,6 26,5 1997 38,3 33,4 17,2 22,3 27,7 1998 42,5 42,1 26,0 19,9 32,7 1999 42,1 29,6 24,3 18,7 28,7 2000 40,9 36,6 27,4 25,9 31,9 Kalean euskaraz gehien egiten dutenak 2 14 urteko haurrak dira. Aurten gazteen erabilera ere oso handia izan da eta ia haurren parekoa izatera iritsi da. Halaber, beraiek dira euskararen ezaguerarik handiena dutenak: 2 24 arrasatearren %81ek daki euskaraz. Aspaldiko urteotan haurren erabilera haztea espero izatekoa zen bezala, poztekoa da gazteen eta helduen erabilera hazi izana. Zaharren erabilerak beheranzko joaera du, aurten gora egin duen arren. Izan ere, aspaldiko urteotan etengabe jaitsi da eta 1988tik 1999ra bitartean 10 puntuko jaitsiera izan zuen. Beste alde batetik, aurten, laugarren aldiz, neurketa egitean aztertu nahi izan dugu haurrek ba ote duten eraginik helduen hizkuntza jokaeretan. Horretarako, neurketako datuak jasotzean bereizi egin ditugu haurrek bakarrik parte hartzen duten hizketaldiak hau da, haurren arteko hizketaldiak haurrek helduekin eta zaharrekin dituzten hizketaldietatik. Haur eta gazteen arteko hizketaldirik, berriz, ez da bereizi. Hauexek dira datuon azterketatik ateratzen diren ondorioak (ikusi ondoko taulak): Haurrek bai dute eragina helduen eta zaharrek kalean euskaraz ala gaztelaniaz hitz egin aukeratzeko orduan. Haurrek eurek ere gehixeago egiten dute euskaraz nagusiren bat tartean dagoenean eurak bakarrik daudenean baino. Euskararen ahozko kale erabilera auzoka adinaren arabera 2000an (%tan) Auzoa Haurrak Gazteak Helduak Zaharrak Guztira * ** * * *** * **** * ***** Uribarri 43,2 38,3 50,8 32,7 47,5 31,5 29,6 38,3 40,1 Santamaina 23,4 26,9 11,7 13,6 19,8 7,5 8,7 13,8 19,0 San Andres 7,5 21,4 20,6 8,6 19,7 10,4 26,1 10,5 21,3 Musakola 28,9 28,8 22,4 32,1 32,9 17,4 11,9 27,1 27,5 Erdialdea 65,7 71,2 47,5 37,4 53,8 50,7 49,3 48,7 60,6 Arrasate 40,9 46,8 36,6 27,4 38,2 25,9 26,8 31,9 39,6 * Adin talde bakoitzaren datu orokorrak. ** Haurrek helduekin edota zaharrekin izandako hizketaldiak. *** Helduek haurrekin izandako hizketaldiak. **** Zaharrek haurrekin izandako hizketaldiak. ***** Haurrek parte hartutako hizketaldiak. Euskararen ahozko kale erabileraren bilakaera adinaren arabera (%tan) Adin Haurrak Gazteak Helduak Zaharrak Guztira taldea Urtea * ** * * *** * **** * ***** 1997 38 41 33 17 31 22 33 28 36 1998 42 44 42 26 45 20 32 33 43 1999 42,1 55,7 29,6 24,3 48,3 18,7 38,7 28,7 50,5 2000 40,9 46,8 36,6 27,4 38,2 25,9 26,8 31,9 39,6 * Adin talde bakoitzaren datu orokorrak. ** Haurrek helduekin edota zaharrekin izandako hizketaldiak. *** Helduek haurrekin izandako hizketaldiak. **** Zaharrek haurrekin izandako hizketaldiak. ***** Haurrek parte hartutako hizketaldiak. Honaino euskararen kale erabilerako neurketen emaitzak eta ondorioak. Zeintzuk dira, baina, euskararen kale erabileraren bilakaeraren zergatiak? Eusko Jaurlaritzak 1996an egindako Soziolinguistikazko Inkestaren arabera, norberaren harreman sareko euskaldunen dentsitateak eta norberak euskaraz hitz egiteko duen gaitasuna dira euskararen erabileran bereziki eragiten duten faktoreak. Bi faktore horien bilakaera oso positiboa izan da aspaldiko urteotan Arrasaten: haurren eta gazteen euskararen ezaguera bikoiztu egin da 1981etik hona, %36tik %81era pasatu baita. Horixe da, gure ustez, hamabi urteotan euskararenkale erabilerak izan duen hazkundearen arrazoi nagusia. Bada besterik, ordea, aspaldiko urteotan euskararen erabilera sustatzeari garrantzi handia eman diote Arrasateko euskara elkarteek eta Udalak berak ere. Arrasateko Udalak euskararen normalizaziorako urtero izendatzen dituen baliabideen erdiak erabilera areagotzeko egitasmoetan inbertitzen ditu (Arrasateko Udalaren Euskara Batzordearen aurtengo aurrekontua 167 milioikoa da). Arrasateko euskara elkarteek ere AED, ARKO, Txatxilipurdi eta Euskalan, besteak beste 103 milioi inguru erabiliko dituzte aurten euskararen erabilera normalizatzeko egitasmoetan eta euskaraz ematen dituzten zerbitzuetan. Azkenik, Arrasateko hainbat enpresak euskararen erabilera normalizatzeko martxan dituzten planetan jarri dituzten baliabideak ere kontuan hartu beharra dago. Zail da baliabide guztion eragina neurtzen eta kuantifikatzen. Hala ere, orain arte egindako lanak fruituak ematen hasia dagoela ematen du. Izan ere, arrasatear helduen euskararen erabilera ere asko hazi da azken urteotan, %9,7tik %27,4ra pasatu da eta. Azkenik, nolakoa izan da euskararen kale erabileraren bilakaera Arrasate moduko herrietan? Herri horietan euskararen kale erabilerak gora ala behera egin du? Biztanle kopuruan eta euskararen ezagueran Arrasaterekin antza duten herriak aukeratu ditugu: Andoain, Durango, Eibar, Hernani eta Zornotza. Ezaugarri hauek dituzte herri horiek: 14.000 eta 34.000 bitarteko biztanle kopurua dute eta, gainera, %44 eta %64 bitarteko euskararen ezaguera dute. Andoain eta Arrasate dira euskararen kale erabileran hazkunderik handiena eta, beraz, bilakaerarik egokiena izan dutenak. Aldi berean, Andoain eta Arrasate dira Hernanirekin batera euskararen ezagueraren hazkunderik handiena izan dutenak. Euskararen kale erabilera eta ezagueraren bilakaera hainbat herritan Herria Biztanleak Erabilera Ezaguera 1989 1997 Bilakaera 1986 1996 Bilakaera Andoain 14.321 14,2 23,5 %65 41 50 %22 Arrasate 24.219 19,3 30,7%59 43 54 %21 Durango 23.428 10,6 15,3 %44 38 44 %16 Eibar 29.872 14,3 16,4 %15 44 49 %11 Hernani 18.237 21,3 26,8 %26 44 53 %21 Zornotza 15.786 41,7 25,7 %38 46 53 %15 Iturria: Erabilerari buruzko datuak EKBk emandakoak dira. Ezaguerari buruzkok EUSTATEK emandakoak. Jose Felix Diaz de Tuesta, Euskara Zerbitzua Argazkiak: Auñamendi Entziklopedia Euskonews & Media 90.zbk (2000 / 9 / 8 15) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=denda&link=www.euskoshop.com http://ikaskuntza.org/
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.