778 Zenbakia 2023-04-12 / 2023-06-15

Gaiak

Hezkuntzan, zubigintzan, elkar lanean, aurrera

BUJANDA ARIZMENDI, José Manuel

Eusko Ikaskuntzako Hezkuntza Taldeko kidea

Hezkuntza sistemak hezur mamitzen gaitu. Hezkuntza sistemak hezur mamitzen du Herri eta Nazio egitasmo edo proiektu ausarta bat. Hezkuntza da garrantzitsuenetan garrantzitsuenetakoa Euskal Herria hezur mamitzeko orduan, horretan dugu herri bezala etorkizuna bermatzeko, etorkizunak suposatzen digun erronkari aurre egiteko. Eta irabazteko. Aspalditik gatoz. Bai aspalditik. Eta bai, nola hala, baina gatoz eta goaz. Ez gara, ez, jaio berriak. Atzera begiratzen dugu aurreari ekiteko orduan, ona baita ispilutik begiratzea jakiteko nondik gatozen aurreko erronkei aurre ekiteko. Gatoz, goaz. Memoria dugu. Ez dugu ahanzten. Ezin ahaztu. Hobetu nahi dugu egindakoa. Hezkuntza. Hezkuntza da herri gisa ezagutarazten gaituena. Hezkuntza da biharko Euskal Herriaren argazki baikorraren tresnaren tresnarik eraginkorrena. Aspaldian ere. Aspalditik bai. Bai, aspaldian ere horretan ibiliak gara. Saiatu ginen bere denboran, saiatzen ari gara, saiatuko gara. Adi gaude. Adi geunden. Aurreko mendeetan ere hortxe ginen, “bertantxulo”. Aspaldian ere. Gogora dezagun. Ona baita gogoratzea.

Euskal Herriaren hegoaldean Espainiak ondo bezain ondo jakin izan du Hezkuntzaren tresna garrantziaz euskal nortasuna, kultura, hizkuntza, ohiturak eta euskal etorkizuna zirriborratzeko. Espainiak ahal izan duen neurrian beti saiatu da tresna horren jabe izaten, jabe bakarra. Bakarra. Jabea. Eta horretan saiatuz eta horrela alfabetatze-eskolatzearen lehenengo formalizazio eta sistematizazio ahalegina 1857ko Moyano Lege famatua izan zen. Estatu espainolak, frantziarrak eraiki zuen eskola eta hezkuntza sistema guztiz jakobino ereduari jarraiki, Lege zentralista eta uniformatzaile hau sortu zuen. Estatu espainoleko hezkuntza administrazioa antolatzeko eta finkatzeko izan zuen eraginkortasuna nabaria izan zen. Hainbat araudi eta aginduz Udal eta Foru Aldundietan eskusartze zorrotza lortu zuen eta eskoletan, gobernu organoak, gaiak, gaztelania, ikuskaritza, kopuruak, irakasleriaren prestakuntza, maisu-maistren izendapena, eskolen kontrol ideologikoa, euskararen aurkako politika beligerantea Estatuari zegokion. Eta horrela Espainiarekiko erabateko menpekotasuna lortu. Beraiek jabe bakarra. Menpekotu. Helburua. Helburua, bai, hezkuntza politika zentralista bat garatzeko lehen urratsa zen. Ikasle euskaldun elebakarrak gazteleraz hitz egin zezaten zigorra eta iseka erabiltzen zen. Espainiaren batasuna bermatu behar zen. Horixe legea eta profetak.

Baina, beti dago bainaren bat zorionez, beste aldetik Euskal foruen galerak euskal gizartean erantzuna sortu zuen, erantzun irmoa euskararen eta euskal kulturaren defentsan. Aldeko erreakzio honek kimu desberdinak izan zituen, hala nola Iruñeko Asociación Euskara de Navarra, Gasteizko Revista de las Provincias Euskaras eta Donostian, Jose Manterolaren Kontsistorio de los juegos florales euskaros eta Euskal-Erria aldizkaria, Bilbon R. M. Azkue eta S. Arana, Euskal Esnalea, Euskaltzaleak, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza. Guere Eusko Ikaskuntza bai, zeinek 1918.ean Oñatin burutu zuena lehenengo Batzarra. Helburu tinkoa, non eskolak euskararekiko eta euskaldungoarekiko suposatzen zuena argi asko azalduz. Horra Landeta eta Elizalderen Auzo eta Nekazal eskolak elebitasunaren kontzepziotik abiatuta euskaraz ikasteko bideak errazten, maisu-maistra euskaldunak bilduz, eta ama hizkuntza babestuz. Ondoren Bilbo eta Donostiako Euskal Ikastetxeak, Euskal Eskolak eta Tolosako Ikastola: Miguel Muñoa, Elena Gamero, Elbira Zipitria eta abar. Eusko Ikaskuntza hortxe, beti hortxe. Bai, egon zen. Baikor. Lanean. Eraikitzaile. Zubigile. Sokatiran etorkizunari begira, Auzolanean. Eten gabe. Atseden barik, aberrigintzan eraginkor. Lehen eta orain. Orain eta lehen. Ikasiak gara, ginen eta izango gara. Hezkuntzaren eraginkortasunaz beti jabetu izan gara.

Euskal Herrian Ipar aldeak ere ezagutu zuen, eta ezagutzen du, Hezkuntzaren inguruan Estatutu frantziarrak beti izan duen, eta duen, jarrera makurra eta guztiz zentralista. Parisek, hiri zoragarria izanik, badu zoritxarrez euskaldunontzat, euskararentzat, euskal kulturarentzat, Hezkuntzarentzat oro har bere aurpegi zitala. Aurpegi zitala bai. Aspalditik gatoz bai. Ez gara jaio berriak, ez. Baina biharko eguna irabaziko dugu, bai hegoaldean, baita iparraldean ere. Gatoz. Goaz. Zirelako. Garelako. Nahi dugulako. Borondatez. Asmoz eta jakitez. Hemen eta han. Han eta hemen. Ezina, ekinaz egina. Bai.


 

Ez gara, beraz, etorri berriak. Eusko Ikaskuntza gara. Aspalditik gatoz. Euskal Herriaren zerbitzuan gaude. Euskal Herria gara, ginen eta izango gara. Horixe dugu geure zelai jokoa, baita Hezkuntza esparruan ere. Hezkuntza dugu jomuga, helburu eta irrika. Kontziente gara, betidanik, Hezkuntzaren garrantziaz Herri gisa dugun argazki-erronka osatuan. Ekin diogu, oraingoan ere, Hezkuntzaren gaiari. Euskal Herriak badu erronka etorkizunari begira. Ez da lehengo aldiz, ez da azkena izango ere. Jakin badakigu. Gaur egun marrazten dugun Euskal Herria biharko argazkia. Argazkia zirriborratzen ari gara.

Ekin diogu Eusko Ikaskuntzatik Hezkuntzaren gaiari. Eusko Ikaskuntzan osatua dugu Hezkuntza Talde anitza, anitza bai zentzu askotan. Talde aberatsa. Konplizitatez ehundua. Garbi dugu zubigileak garela. Motxiladun zubigileak. Motxiladunak baina zubigileak. Eskuak elkarri luzatu diogu, esku gazteak, ez hain gazteak, esku zimurtuak jada, neska eta mutilak, emakumeak eta gizonak, hangoak eta hemengoak, hemengoak eta hangoak. Eskuak. Elkarri. Eskua luzatu eta estutu. Sinesten dugu zubigintzan. Zubigintza bai. Beharrezkoa. Bai. Jakin badakigu nor garen.  Eta nolakoak garen. Gara. Baina. Gara. Kontziente gara Euskal Herria hiru administrazio esparru desberdinetan zatitua gaudela, banatuak gaudela, zatitu gaituztela, banatu gaituztela. Baina Eusko Ikaskuntzaren zelai jokoa horixe dugu, zazpi lurraldeak, Zazpiak Bat. Eskuduntza desberdinak, konpetentzi ezberdinak, aukera eta lege ez parekoak. Bai. Baina Herri bat. Asmo bat. Helburu bat. Hiru esparru administratiboen gainetik begirada ama-komun bat. Jakin badakigu Iparraldea non dagoen eta ze ezaugarri dituen, jakin badakizkigu Nafarroako berriak, EAEko erronka berriaren jakitun gara, jakin badakigu EAEn Hezkuntza Lege berriaren garrantzia.

Lanean dihardugu Hezkuntzak gaur egun dituen ataka eta korapiloez, zaurgarritasuna, segregazioa, euskararen ikaskuntza eta irakaskuntza, euskararen garrantzia ikur eta tresna erabilgarri bezala. Transmisioa. digitalizazioa, ezaugarri berriak, etorkinak eta hiritar berriak, euskaldunak. Erronkak. Ugari. Borondatea. Sare sozialak, internet, metodologi berriak, esparru eta espazio berriak, euskal curriculumaren transmisioa, kultur aniztasuna, etorkinak eta euskararen erabilpena, euskal gizartearen kohesioa, hezkuntza formala eta ez formala. Berriro diot, berriro, digitalizazioa eta gazteak, euskarekiko atxikimendua, inklusibitatea, ekitatea, ikastetxean autonomia, udalen zelai joko berria eta abar oso luze bat. Pandemiak bidea moztu zigun ibilbideari ekin genion ahal izan genuen bezain laster. Gauzak ondo egiteko grina. Bai, berriro diot, borondatea, taldea, aniztasuna, eskuak elkarri luzatuta hainbat jardunaldi egin eta burutu genituen, ilusioz blai. Talde-kide bat lapurtu zigun pandemiak. Aitor zuen izena, izana. Etxarte zuen abizena. Aitor Etxarte laguna, adiskidea, gizona, ona, gizon ona, azkarra, eskarmentu handikoa, maitekorra, guztiz maitekorra. Mundu honetatik alde egin zuela jakitean negar egin genuen, nuen, zuten. Guztiok. Negarra. Malkoak. Bere oroimenak indartzen gaitu, laguntzen gaitu. Sentitzen dugu bere itzal luzea. Ziur gara dagoen lekuan dagoela laguntzen saiatzen dela. Nabaria dugu. Eta hala nola geure lehen apustua, inoiz ahaztu ezina zaiguna jada “Ehun Zubigileen” Jardunaldi arrakastatsua Donostiako Miramonen. Izan ginen, izan ere, nola ez ba, Iparraldeko Kanbon jardunaldi adeitsu, abegikor bezain interesgarrian, Iparraldea. Baita Nafarroako Iruñean ere Euskal Kulturaren transmisioaren inguruan hausnartzen kultur-aniztasun egoera berrian. Gazteak. Gazteak ere aritu ziren, aukera izan zuten, beraien ezinegon eta proposamen interesgarri, baikor eta eraginkorrak luzatzen. EAEko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harreman zintzo eta estuetan aritu gara elkar lanean, hiru saio. Hiru. Saio. Jardunaldi guztiz itxaropentsu eta aberasgarrietan zaurgarritasuna eta segregazioa lantzen ikertzen eta aztertzen arreta guztiz konprometituan aditu eta dinamizatzaileekin aritu ginen. Iritziak iritzi. Begirunea. Errespetua. Eusko Ikaskuntza beti prest Euskal Herria osatzen duten lurralde bakoitzeko ezaugarriak kontuan hartuta bidelagun izateko Hezkuntzan ere. Bai, Hezkuntzan ere. Euskal Herri osoan eta osorako.

Eusko Ikaskuntzaren baitan Hezkuntzaren Liburu Zuria dugu jomuga, Liburu Zuria helburu. Hurrengo Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresurako prest, bai, XIX. Kongresurako prest. Hezkuntzaren Liburu Zuria osatuko dugu Kongresua baitugu zain. Hezkuntzaren Liburu Zuria erronka. Zeri heldu eta ekin, gogoetak. Nola ekin. Norekin. Nola eta norekin. Gogoetak. Ongi prestatuko dugu, datozen hilabete hauetan ekingo diogu hainbat foro eraginkor antolatzen han eta hemen, hemen eta han, Iparraldean izango gara, Baionan oraingoan, Iruñean ostera, egon beharreko eragileekin egongo gara, bai. Haize berrietara prest gaude. Asmatu nahi dugu. Horretan gabiltza. Jakin badakigu Euskal Herria eskuartean dugula eta berezitasun guztien gainetik Hezkuntzak batuko gaituela, batzen gaituela, baditugula ezaugarri eta erronka komunak. Horretan gaude. Ez da gai erraza. Jakin badakigu zailtasunak zailtasunean duela korapiloa. Baina saiatuko gara. Saiatzen ari gara. Ez dugu amor emango. Ez dugu etsiko. Eusko Ikaskuntzak garai askoz zailagoetan bezala bere onenak emango ditu ateak eta leihoak irekitzen, freskotasuna eta itxaropena irekitzen etorkizunari. Baditugu, izan ere, asmo eta ideiak Hezkuntzan aurrera egiteko. Asmoak, ideiak, indarrak eta kemenak aurrera egiteko. Ilusioa ere. Sekulako ilusioa hain zuzen. Moyano Legeak ez gintuen estali, burua tente izan zuten gure arbasoek. Bi zentralismo itogarriak, nahiz eta behin eta berriro saiatu, ez dute lortu, ezta lortuko ere, Euskal ikuspegi batetik zer izan daitekeen etorkizuneko Euskal Hezkuntza abegikor bat ito. Lortuko dugulakoan nago, lortuko dugulakoan gaude. Hezkuntzaren poderioan sinesten dugun Eusko Ikaskuntzako Hezkuntza Taldean osatzen dugunok. Geure onenak emateko prest gaude. Asmatuko dugu. Auzolanean jokatuko dugu, sokatiran eragile asko izango ditugu bidelagun, zubigintzan maisu izango gara. Sinesten dugu zertan gabiltzan. Hezkuntza ez baita txantxetako jostailua, ez, geure etorkizuna dugu jokoan, euskal gizarte kohesionatuagoa esku arteko zeregina. Dena loturik dago, hau eta bestea.

Hezkuntzaren Liburu Zuria XIX. Kongresurako prest izango dugu, eraikiko dugu. Izan zirelako gara, garelako eta nahi dugulako izango dira. Geure arbasoek saiatu ziren, altxor preziatua utzi ziguten: euskara, hezkuntza eta euskal kultura. Saia gaitezen geure Euskal Herri osoko geure ondorengoei, jaioko dira kimu berriak, testigantza preziatu hori eskaintzen. Eta hobetzen. Ziur nago eskertuko digutela. Hauskorra ez den zerbait eraiki eta utziko diegu datozenei. Hezkuntza, helburu. Euskal Herria, joko zelaia. Zubigintzan eta elkarlanean eskuak elkarri luzatuz. Lortuko dugulakoan, aurrera.

Animo eta zorte on adiskide.


Eusko Jaurlaritza