774 Zenbakia 2022-07-27 / 2022-09-20

Gaiak

Gregorio Mujika, euskaltzaletasunaren ideologoa

DÍAZ NOCI, Javier

Inongo alderdi politikoren partaide izan gabe, prentsa partisanotik at idatziz eta polarizazio politiko bat urrun mantenduz ideologia sendo bat era daiteke. Halaxe egin zuen, oso zentzu instituzionalean oinarrituta gainera, Gregorio Mujika Mujika (1882-1931) ormaiztegiarrak. Euskaltzaletasunaren garra edo “llama vasquista”, halaxe definitu zuen gazte zenean hil ondoren justu bide partidista jarraitzea aukeratu zuen Engracio Arantzadi Kizkitzak. Gregorio Mujikaren garrantzia euskal kultura, kazetaritza -baita literatura- eta pentsamoldea berriz ere azpimarratzea eta gaurko egunetara ekartzea, behar bezala gogoratuz -eta eskertuz- izan da gure asmoa bere testu nagusiak bildu eta argitaratu ditugunean aurten agertu den liburu batean: La llama vasquista/Euskaltzaletasunaren garra izenekoa, hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Legebiltzarrak argitaratzen duten Textos Clásicos del Pensamiento Político y Social en el País Vasco.

Esan bezala, Gregorio Mujikaren ekintzabidea eta pentsamoldea beti erakundeetan garatu zen. Berak ere erakunde kulturalak eratzen lagundu zuen, batez ere bi: Euskal Esnalea eta Eusko Ikaskuntza. Nolabait, Oñatiko kongresuaren ondoren, 1918an, eta Euskal Herriko Foru Aldundien laguntzarekin sorturiko Eusko Ikaskuntza izan ziren Gregorio Mujikaren obra nagusiak. Gregorio Mujikak belaunaldien arteko zubi-lan eskerga egin zuen, zalaparta handirik gabekoa hala ere. Diskrezioa aukeratu zuen Mujikak bere garaiko eta bere lekuko gizartean eragina eduki ahal izateko. Bazuen ahotsa, bai, Gregorio Mujikak. Beti ere eztabaida politikoetitak, behintzat alderdi politikoen zaratetatik at bidaltzea erabaki zuen.

Ormaiztegin jaioa 1882an, Serapio Mujika aitarengandik jaso zuen euskaltzaletasuna. Oso gipuzkoarra sentitu zen beti, eta Gipuzkoako Aldunditik batez ere lan egin zuen. Kataluniako Mancomunitatearen eredua hartuta, Gregorio Mujikak euskara eta euskal kulturan izan zuen bere pentsamoldearen ardatza. Ekonomia ere gustuko zuen, eta euskal gizartearen hainbat manifestazio ere bereganatu zituen: bertsolaritza mirestu eta antzerkia beharrezkotzat izan zuen. Literatura ere landu zuen: hainbat antzerki-lan itzuliz gainera, beharbada euskal literaturaren gailurra ez den baina euskarazko letren historian libururik irakurrienetako bat argitara eman zuen: Pernando Amezketarra. Nire ateraldi ta gertaerak (1927). Berak sortu edo zuzendu zituen aldizkarietan aurki ditzakegu bere orrialde gehienak: Euskal Esnalea, Euskalerriaren Alde, Argia, Juventud izenekoetan. Beste hainbatetan ere noizbehinka agertu ziren bere artikuluak: Resurrección María de Azkueren Ibaizabalen XX. mendearen hasieran, Revista Internacional de los Estudios Vascos, Eusko Ikaskuntza bera jaio aurrean, Bilboko Euzkadi egunkarian eta Donostiako El Dían. Aldizkari haietan argitaratutako garrantzitsuenak, eraginkorrenak bildu ditugu aipatu liburuan.


 

Mende hasiera hasi zen Gregorio Mujika euskal gauzetan eraginik izaten. Bi testuk bilatu zuten euskal kontzientzia esnatzea: 1906ko “¿Nun da euskaldun bat?” eta 1907ko “Euskaldun gazteriari”. Euskal izaera bizirauteko ezinbesteko zen, Mujikaren ustetan, euskarari eustea. Hurrengo hamarkadan batez ere, Gregorio Mujika, beharrezkoa zenean eta euskararen aurkako erasoa sentitu zuenean, erreibindikatibo agertu zen. Beti ere, inongo alderdi politiko baten aldeko jarrera erakutsi gabe. Euskal kultura eta euskara bera errespetatzen zuten bitartean, edozein indar politiko errespetagarri zen Mujikarentzat. Bere ekintza beste arlo batzuetan garatu behar zen. Esate baterako, Gipuzkoako Aldundiaren zirkularrak itzuli zituen 1918tik 1923era. 1918an bertan Eusko Ikaskuntza sortu eta urtebete geroago Euskaltzaindia. Beti oso erlazio onak izan zituen Gregorio Mujikak euskararen akademia eta Azkue bere lehen zuzendariarekin. Lehenagotik zetorren euskarentzako akademia baten aldeko jarrera. Gaur itzulpen haiek oso ekintza xumea eman dezakete. Ez ziren hain apalak, ordea: Kataluniako Mancomunitateak halaxe egin zuen eta katalana koofiziala izateko lehengo pausuak eman zituen horrela. Mujikak ederki zekien zein inportantea zen halako pausuak ematea.

1907an jaioa bazen ere, Euskal Esnalea erakunde kulturalak -eta izen berdineko aldizkariak- indarra hartu zuten 1911tik, Gregorio Mujikak aldizkariaren zuzendaritza hartu zuenetik, 1931ean hil arte. Hogei urte haietan ere erdarazko beste aldizkari bat agertu zen, Euskalerriaren alde, Mujikak berak zuzendua. Ahalegin bikoitza, beraz, euskararen inguruko gauzen bidez euskal gizartean eraginik edukitzearren. Biak, eta Gipuzkoako Juventud aldizkaria ere -Mujikak berak zuzentzen zuen- Mujikarekin batera zendu ziren Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen urte berean. Hilero idazten zuen Mujikak aldizkari haietan.

Dudarik gabe, kazetari gisa Gregorio Mujikak Donostiako Argia astekariaren orrialdeetan bideratu zituen bere indar nagusiak. Aspalditxotik zebiltzan Donostiako hainbat euskaltzale egunkari itxurako euskara hutsezko astekari bat argitaratu nahian. Euskaltzaindiarekin erlazioak zituzten, eta bertan gordetzen den gutunerian argi agertzen dira mugimendu haiek. 1920an hasi omen ziren. Azkuek Mujikari aitortu zion gipuzkerazko aldizkari informatibo bat beharrezko ikusten zuena Bilboko Euzkari egunkarian Ebaristo Bustintza Kirikiñok lantzen zuen eredu bizkaitar-aranista garbitzaileari aurre egiteko: “¿Cómo será posible que que la Academia tienda a hacer del dialecto central la futura lengua literaria, si los centrales no oponen lectura diaria en su dialecto a la bizkaina de Euzkadi?”. Euskara garbiaren aldekoa zen Mujika. Gipuzkera ulergarrian idatzi zuen beti.

Urte haren hasieratik egitasmoa planteatzen hasi ziren, Urumea izena izan behar zuen – Rafael Pikabearen laguntza nahi baina berak ezetz esan omen zuen– baina azkenean, urtebete beranduago, Argia jaio zen, arrakasta askorekin. Bertan ia astero idatzi zuen Mujikak, askotan astekariaren ahotsa zen Astea zutabea sinatuz lehen orrialdean. 1927an Txistu komikia prestatu -Mujikak entusiaskoki eman zion laguntza- eta argitaratu zuten Argiakoek. 1928an Argia lehen euskara hutsezko egunkaria bihurtzeko ideia eta zenbakiak plazaratu zuten hainbatek, haien artean Lizardi poeta eta kazetariak. Mujikaren izena ez da iniziatiba horri lotuta agertzen. Beste elkartea -politizatuago-batzuk agertu eta protagonismoa lortzen ari ziren, batez ere Aitzol-en Euskaltzaleak. Argia ez zen egunkari bihurtu eta euskara hutsezko hori ez zen orduan agertu. Haren ordez, Eusko Alderdi Jeltzalearen laguntzaz eta Aitzolen zuzendaritzaz Donostiako El Día egunkaria agertu zen 1930ean, erdaraz. Noizbehinka argitaratu zuen Gregorio Mujikak artikuluren bat. Ander Arzeluzek -Argian trebatua eta Mujikaren laguna, abertzale peto-petoa- zuzendu zuen euskarazko atala.

Gauzak aldatzen ari ziren. Primo de Riveraren diktadura gaindituta, polarizazio politikoa areagotu zen. Autonomia-estatutu baten aldeko lanak hasi ziren -autogobernurako garapenaren aldekoa agertu zen beti Mujika-, Eusko Ikaskuntzak berak idazti zuen lehen egitasmoa, eta Espainian erregimen-aldaketa bat gertu zegoen. Argia ere, beti alderdikerietatik kanpo agertu zena, abertzaletasun jeltzalearen alde-aldeko bihurtu zen. 1931n, aldiz, Mujika gaixotu zen. Hasiera batean gripe arrunt bat besterik ematen ez zuena tumore bat zela agertu zen. Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu ondorengo hilabete gutxi batzuk, 1931ko uztailaren 22an, hil zen Donostian Gregorio Mujika, 48 zituela. Bizitza laburra, obra luzea -eta bere osotasunean nahiko ezezaguna oraindik-, eragin argikoa izan zuen Mujikak. Ia ehun urte geroago, merezi du bere figura garrantzitsua gogoratzea.


Eusko Jaurlaritza