
Gaiak
Sorginei buruzko egiaren bila
Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Sorginen eta Inkisizioaren ikerketan munduko aditu hoberena den Gustav Henningsenek eta bere emazte eta lanaren itzultzailea izan den Marisa-Rey Henningsenek Nafarroako Unibertsitate Publikoari eman diote dohaintzan beren funts dokumentala. Funtsa Gustav Henningsenen ikerketa-proiektuetako dokumentuek eta liburuek osatzen dute, bereziki Espainiako sorginkeriaren eta Inkisizioaren azterketarekin lotutakoek. Bere artxibo pribatuaren parte bat ere badago, ikerketa horiek ulertzen eta testuinguruan kokatzen laguntzen duena. Funts hori Malaga, Madril eta Kopenhage artean zegoen sakabanatua, eta NUPen Artxibo Nagusian eta Liburutegian txertatu, antolatu eta katalogatu da.
Hennigsenen legatuak sorginkeriari eta Inkisizioari buruzko dokumentuen milaka fotokopia ditu, berak idatzitako ohar xeheekin, bai eta ehunka fitxa eta bibliografia espezializatua ere. Artxiboa eta liburuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan gordeta, babestua egonen da haren ikertze lan eskerga, eta lagungarria izanen da beste historialari eta ikertzaile batzuek material horretan oinarrituta ikerketak egin ditzaten bultzatzeko. NUPek etnografo, historialari eta antropologo daniarraren ikerketetako materialak eta bere ibilbidearen artxibo pertsonala biltzeaz gain, bere emazte Marisa Rey-Henningsenena ere gordetzen du. Historiaren, folklorearen, etnografiaren eta antropologiaren arloetan adituak izan ziren biak, eta izen ona izan zuten nazioartean. Hainbat biltzar eta sinposiotan hartu zuten parte, eta elkarte zientifiko eta kultural askotako kide izan ziren. Henningsen-Rey senar-emazteen liburuak NUPeko Liburutegian katalogatuak eta integratuak daude, eta beren artxibo pertsonala eta ikerketetako materiala identifikatzen, sailkatzen eta deskribatzen ari dira orain, gerora Artxibo Nagusian kontsultagai egon dadin, etorkizuneko ikertzaileek aukera izan dezaten haren ikerketari ekarpenak egin eta jarraipena emateko.
Gustav Henningsen Danish Folklore Archives delakoaren Ikerketako zuzendaria izan zen 1965etik 2002ra bitarte, Folkloristika Nordikoko Magister artium da Kopenhageko Unibertsitatean, eta Filosofian doktorea unibertsitate berean The Witches’ Advocate izeneko doktoretza-tesiarekin. Tesiaren haritik idatzi zuen aurrerago El abogado de las brujas. Brujería vasca e Inquisición española, zeina 1980an argitaratu baitzen ingelesez, Renoko Center for Basque Studies zentroan, eta 1983an gaztalaniaz. Gustav Henningsenek tesian eta beste ikerketa batzuetan egindako ekarpen handienetako bat, 70eko hamarkadaz geroztik, honakoa izan zen: metodologia zehatz bat, dokumentu historikoen datuak tratatzeko eta haiek datu-baseetan eta programa informatikoetan lantzeko. Codex Moldenhawerianus, Spanish Inquisition eta Relaciones de causas proiektuak dira nabarmentzekoak. Gainera, ikerketak egiteko, testu-dokumentuak ez ezik, grabazioak eta argazkiak ere aztertu zituen, garai hartan horretarako zeuden teknologia hoberenez baliatuz. Bere ikerlan xehearen fruitu, berak sorginen fenomenoaz eta Inkisizioaz hartutako eta antolatutako dokumentuen milaka erreprodukzio sortu dira, baita ehunka fitxa, bibliografia espezializatua, beste ikertzaile batzuekiko gutun-trukea, erakusketak, erreseinak eta abar ere.
Doktoretza-tesiaren bigarren partea ez zen argitara eman 2004ra arte. Berrikuspen sakon bat egin ondoren argitaratu zen orduan The Salazar documents: Inquisitor Alonso de Salazar Frías and others on the Basque Witch Persecution izenburupean, Herbeheretako Brill argitaletxearen bidez. Henningsenen emazteak lan horren parte bat gaztelaniara ekarri bazuen ere, ez zen argitara eman monografiaren gaztelaniazko edizioa. Liburu hura ingelesez argitaratu zen gure mugetatik kanpo, eta zaila bihurtu zen erreferentziazko obra kontsultatzea. Henningsen-Rey senar-emazteen dohaintzagatik esker ona erakusteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak En busca de la verdad sobre la brujería. Los memoriales del inquisidor Salazar y otros documentos relevantes sobre el auto de fe de 1610 izenburuarekin argitaratu du liburua. Marisa Rey-Hennigsenek itzuli zuen partez gaztelaniara, eta beste pasarte batzuen itzulpena erantsi zaio orain. Liburua osatzeko, gainera, Isabel Ostolazak azterlan bat egin du sarrera gisa Nafarroaren iparraldeko sorginen fenomenoari buruz, eta edizioari buruzko ohar batzuk idatzi ditugu Ignacio Panizorekin batera.

En busca de la verdad sobre la brujería. Gustav Henningsen
Liburuak ikuspuntu psikologikotik, soziologikotik eta antropologikotik aztertzen du fenomenoa, eta arreta berezia jartzen dio Alonso de Salazar Frías inkisidoreari, haren eginkizuna erabakigarria izan baitzen jazarpena deuseztatzeko. Liburuaren lehen partean, xeheki aztertzen da sorginen fenomenoak ekarri zuen histeria kolektiboa edo amets-irudien epidemia, herrietako haurrek gaueko bahiketen eta akelarreen berri ematen zutenekoa, eta, bigarrenean, lekukoek ikusitakoetatik abiatuta inkisidoreak idatzi zituen txostenen transkripzioa jasotzen da, aldez aurretik sarrera moduko azalpen bat emanda.
Nafarroan ez ezik nazioartean ere piztu du interes zientifikoa Zugarramurdiko, Urdazubiko eta Baztango herri batzuetako sorginei buruzko historiak, hau da, Satanasen gurtzaileen sekta gaiztokoak izateagatik 1610ean Logroñon emandako autofede sonatuaren bidez Inkisizioak kondenatu zituenen historiak. Logroñoko prozesuaren ondorioz, hamaika sorgin erre zituzten, sei fisikoki eta bost irudiz, baina bi urtez dozenaka pertsona atxilotu zituzten sekta sekretu horretako kideak zirelakoan. Inkisidore berria, Alonso de Salazar Frías, “sorginen abokatua” –Gustav Henningsenek egoki izendatu bezala–, Euskal Herriko sorginen aztertzailea izan zen 1611ko maiatzetik 1612ko urtarrilera bitartean, eta eskuz idatzitako 11.000 orrialdetik gorako txostena egin zuen. Horren ondorioz, Inkisizioaren Kontseiluak sorginkeriaren delituari buruzko Jarraibide berriak eman zituen 1614ko abuztuan, ongi adieraziz ezen gauza batzuk, egia esan, frogatutako gertakarien gaineko superstizioarekin zeudela lotuak. Urte batzuk geroago, Ofizio Santuak onartu egin zituen egindako akatsak eta 1620ko Isiltasun Ediktua idatzi zuen. Orduz geroztik, ez zen gehiago jazarri sorginik Mendebaldeko herrialdeetan.
Ikerketaz bestalde, dokumentazioagatik da bereziki garrantzitsua obra. Henningsen ohartu zen Salazarri buruzko dokumentu historikoen multzo handi hartan, bazirela eskuizkribu batzuk informazioz beteak. Eskutitzak ziren asko, eta balio historiko diferentekoak. Liburutegi Nazionaleko Artxiboko Inkisizioaren Ataleko sail dokumentaletan bila ibili ondoren, igorpen ofizio gisara idatzitako eskutitz asko aurkitu zituen, zehaztasun kronologiko txikiren bat ematen zutenak. Beste gutun batzuek, aldiz, informazio inportantea ematen zuten sorginen fenomenoari buruz, Solarte jesuitak eta Iruñeko apezpikuak idatzi zituztenek adibidez. Denei atera zien probetxua, baina gauza izan zen bereizteko zein ziren garrantzitsuak 1609tik 1614ra egiaz gertatu zena kontatzearren. Salazar inkisidorearen memorialak identifikatu zituen segituan. Milaka eta milaka orri haiek transkribatzea bideragarria ez zenez, hautaketa bat egin behar izan zuen lehendik garrantzi historikoaren arabera baloratuak zituen dokumentuetatik, eta haiek transkribatu zituen.
El abogado de las brujas obra klasikoa osatzen duen liburu honetan, Gustav Henningsenek zehatz-mehatz aztertu zituen Alonso de Salazarren memorialak eta sorginkeriaren inguruko pertzepzioa aldatzea ekarri zuen artxibo-dokumentazio guztia. Bi obrak, beraz, ezinbestekoak dira Euskal Herriko sorginen fenomenoa nolakoa izan zen jakin nahi duenarentzat.