770 Zenbakia 2022-03-16 / 2022-04-20

Gaiak

Mugikortasunaren aro berrian partekatzea oinarri

MAGUREGI, Iker

Urrunekoak dirudite, erakundeen lehentasun eta arreta guztia, garraio eta trafikoaren kudeaketa soila bereganatzen zituzten denborak. Garai haietan, motordun ibilgailuen menpe jartzen ziren Udalerrien lurralde antolaketa eta espazioak. Oinezkoak eta bizikletak bigarren mailako zerbait balira bezala hartuak ziren sasoiak, alegia.

Aurreko mendeetan izandako industriaren etengabeko hazkunde eta errentaren gorakadak, azpiegitura eta ibilgailu motordunez josi zituen bazterrak. Udalerri gehienetan izugarri zabaldu ziren autoak. Eremu guztiak bere eginez. Guzti honek zekarren ondorioetan gutxi batzuk jabetu zirelarik.


 

Bazirudien, familiek aurrera egin behar horretan eta ekoizpen eta kontsumoak ardatz hartuta, garraio ulertzeko modu hau, ekonomiaren zutabe eta oinarrizko aktibo bilakatu zirela. Gizarte eredu honek sortzen zituen beste ardura guztiak oharkabean ahaztuz.

Ez da erreza, noiz eta nola gertatu zen zehazki asmatzea, baina 1994. urtean Toledon egindako Hiri Irisgarrien Mundu Konferentzia izango zuen eraginen bat ziurrenez, non Garraio hitza gibelean utzi eta Mugikortasun hitzaren oihartzun hotsak entzuten hasi ginen. Hitz honen erabilerak, pentsamendu eta gauzak ulertzeko dimentsio berri bat zekarren. Ordura arteko azpiegitura, ibilgailu eta udalerrien joera iraultzeko helburuarekin etorria zen.

Arnas berri hauek, pertsonak mugitzeko zituen aukerak berdindu nahi zituen. Ordurarte baztertutako mugikortasun ez-motordunari zor zitzaion benetako balio eta garrantzia berreskuratzea lortu zuen.


 

Ikuspegi hau, ordea, ez zen bere baitako zerbait bakarrik izan. Hau bultzatzen zuten beste elementu batzuk ere baziren tartean. Batez ere, garraioak edota mugikortasunak bere zilborrera begiratzeari utzi eta beste guztiarekiko zuen eragina, ardura eta kontzientzia hartzea suposatzen zuen. Garatutako azpiegitura horien ondorioz lurraldean sortutako natur-baliabideen galera. Motor ibilgailuek sortzen zuten kutsadura, aldaketa klimatikoa areagotzen zuten gas isuriak edota udalerrietako bizi-kalitatean eragindako kalteak. Berebiziko garrantzia hartzea lortu zuen Mugikortasuna iraunkortasunarekin lotuz.

Bilakaera honen ondorioz, udalerri askok aldaketa sakon eta onuragarriak bultzatu dituzte azken urteetan zehar. Lehendabizi, azpiegitura berriak egiterakoan, Mugikortasun Iraunkorreko ikuspegitik eginak izatea ezinbesteko zerbait dela konturatu dira. Bestetik, Mugikortasun pribatuak sortzen dituen desabantailak nabarmen gelditu dira. Garraio edo Mugikortasun Publiko-Kolektiboen aldeko apustuak berebiziko begirunea lortu du, nahiz eta honen abantailak lurraldeko eremu guztietara berdin hedatu ez. Horrez gainera udalerriak pertsonak erdigunean jarri beharraz jabetu eta ibilgailuari eskainitako lur-zoru eta espazioak denon elkar bizitzarako berreskuratzea ekarri dute, zorionez.

Ahalegin handia egin den arren, urteen joanean, gizarteak autoarekiko duen lotura handitu egin da. Hots, gizartearen egituraketa (lana, ikasketak, etab.) eta herri askok duten kokapenaren ondorioz, autoaren jabetza familia gehienetan areagotu den errealitatea bihurtu da.

Asko aztertu den arazoa izan da hau bera. Tamalez, eskainitako alternatibak ez dira guztiz nahikoak izan, pribatuak eskaintzen dituen abantailen aurrean.

Jokabideak aldatzeko arrazoi asko izan arren, autoak eskaintzen duen erabilgarritasunak, beste mugikortasun aukerak gainditzen ditu kasu gehientsuenetan.

Esan liteke gainera, ditugun ohiturak eta jasotako inertziak gure bizitzak gidatzen dituztela. Bestelako sentsibilitate, kontzientzia eta aukerak mutur aurrean izanda ere. Hots, hainbat arlotatik bultzatutako Mugikortasun Iraunkorreko neurriek, ez dituztela eragin nahikorik izan ondoriozta daiteke. Hau esatea ausartegia izan daitekeen arren.


 

Hau nahikoa izan ez eta, daramagun gaur egungo Covid-aren une honetan murgildurik gaudenean, hobera egin beharrean, bakoitza bere baitan uzkurtzea egokitu zaigula esan daiteke nolabait. Gizartean orotariko mesfidantza eta beldurrak arlo guztietara sortuz eta hedatuz.

Mugikortasunaren inguruan ordea, beste era batetara gertatuko ez ziren hainbat bizipen eta ikasgaiak izan ditugu. Hara non eta ustekabean, natura bakean eta bere erritmora utzita, aurreko eta gertuko denboran, inoiz izan ditugun isurpen maila txikienak lortu dira. Hauek berriz, inork gutxik bizi nahiko lituzken ezohiko murrizketen bitartez izan dira nagusiki, telelanaren ekarpen eta eraginkortasuna alde batera utzita.

Ohiz kanpoko gertaera hauek, beste modu batetara bizitzeko beharraren adierazle ere izan dira. Ingurunea gehiago zaintzearen beharra, baliabideen erabilera egokiagoa edota aldaketa klimatikoa eragiten dituzten aldagaiak zuzenago kudeatzearen beharraz gogorarazi digute. Hauek, murrizketatik eginez baino beste modu batetara lortzea guztion asmoetan izan beharko luke. Beste era batetara esanda, gure seme-alabei luzatu behar diegun etorkizunaz arduratu eta adierazitako erronkei erantzutea nahi baldin badugu, behintzat.

Orain dela hiruzpalau hamarkadan, garraiotik mugikortasunera egindako pentsamolde aldaketa bezalatsu, Mugikortasun belaunaldi berri bati bide egitea komenigarria izango litzateke. Ohituren inguruan aldaketak sustatzearen helburu duena eta eguneroko oinarrizko erabakietan iraultza txikiak sortuko dituen ekintzez osatua.

Mugikortasun aro berri honek, ibilgailu ekologiko eta kolektiboak eskuragarriago egin, eta lurralde/azpiegitura antolaketa hobea egiteaz gainera, eskaintzen diren baliabideez haratago begiratzea eskatzen du. Gizakiok aldaketarako dugun gaitasuna erdigunean jarri eta mugikortasun eskariaren kudeaketa ardatz hartuz, baliabideen erabilera adimentsu eta partekatzearen aukerari bide ematen dion pentsamoldea finkatuz. Honetarako beharko liratekeen ekimen, baliabide eta tresnak ahalbideratuz.

Ekologisten ametsa dirudien arren, mugikortasun ohiturak aldatzeko ekimenak egin ezean, gauzak antzera xamar jarraituko duten kezkaz gara. Belaunaldi berriek, autoari eta jabetzari diogun menpekotasuna gainditu beharra diogu. Horretarako ezinbestekoak diren herritarren arteko elkartasun eta iraunkortasunaren inguruko kontzientzia bultzatu beharra dago. Aldaketarako denok dugun gaitasuna mugiaraztea ezinbestekotzat izanez.

Herrialde asko dira horretaz jabetu eta norabide honen baitan lanean ari direnak. Mugikortasun partekatuaren aldarria erdigunean jarri eta teknologia berriei esker, garraio pertsonalaren eta kolektiboaren arteko muga horiek lausotzen hasiak direnak. Ondorioz, ibilgailu mota guztiak partekatu eta kolektiboki erabiltzeko aukerak, bizikidetzako parte bilakatu dira, udalerri askotako biztanleentzako. Azken baten, auto baten jabe izatea ez dela beharrezkoa kontura dira, honen erabilera eta aukeraz baliatzeko.

Mugikortasun partekatuko ekimenak ugariak dira. Zin zinez, ekonomia partekatua deritzonaren ekosistemaren parte. Garraio publiko-kolektibo partekatzaileak, taxi kolektiboak, autoak partekatzeko ereduak (erakundeek bultzatutako ‘carsharing’-a edota auzokoen ibilgailuen erabilera partekatua), bizikleta partekatuak, bidaia partekatuak, mikro-mugikortasuna, etab., luze batez osatuak dira hain zuzen ere.


 

Hauek guztiei esker, dauden baliabide mugatuen eskuragarritasuna handitu eta erabilera eraginkorragoak egitea lortzen da. Horrez gain, ekimen hauek erabiltzen dituzten pertsonek, arreta eta kontzientzia handiago izatea lortzen dute autoaren erabileraren aurrean eta mugikortasun plangintza hobeagoa egiten dute. Honen ostean, ibilgailu pribatua erabiltzeak dakarren benetako kostu sozial eta ekonomikoaren ezagutza dago. Erabilera zentzudunagoa eta arduratsuagoa lortzeko.

Baliabide mugatuak zentzuz erabili eta gizarteari aukera berriak emateaz gainera, ekimen hauen inguruan egindako azterketen arabera, garraio publikoak betetzen ez duen hutsunea osatzeari laguntzen diote. Ibilgailu gutxiagorekin bizitzeko aukera eta gizarte pare-kidetuago bat garatzea bermatzeaz gainera. Kostuak partekatuz eta zerbitzuak arrazoizko prezioan ordaindu ahal izateko aukera eskaintzen dutelako.

Hauek esanda, ikuspegi honi babesa eman eta irmoki bultzatzeko prestutasuna azaltzen duten ekimenak bultzatzen gabiltza. Europako beste hainbat herrietan egiten ari diren bezala, Mugikortasun partekatuari ere Euskal Herrian lekua egitea posible dela sinetsita gaude, denon artean, mugikortasun aro berria garatzea lortzeko asmoarekin. Berandu baino lehen, aurre egin beharko diegun Garapen Iraunkorreko erronkei, dagokien erantzuna eman ahal diezaiegun. 


Eusko Jaurlaritza