
Gaiak
Familia, adin txikikoen Interneten erabilera arduratsurako gako
GAMITO, Rakel ARISTIZABAL, Pili BIZKARRA, Mariate
Egungo testuinguru digitalaren aurrean, online segurtasunari buruzko ardura areagotu da eta premiazkoa da haur eta nerabeak offline zein online bizitzarako prestatzea, modu autonomoan eta seguruan nabigatzen duten herritar etiko eta konprometituak bilakatzeko.
Horretarako, konektibitatearen gatazkei aurre egiteko estrategiak eskuratzeko aukerak eskaini behar zaizkie, erabileraren onurak indartzeko eta ondorio psikosozial edota emozio negatiboak arintzeko. Garrantzitsua da, beraz, eskola eremuan segurtasun digitala ikasketa-proiektuetan txertatzea eta online bizikidetzaren lanketa bideratzeko espazioak eraikitzea.
Baina adin txikikoen Interneten erabileran bada beste protagonista nagusi bat: familia. Adin txikikoen eta Interneten arteko harreman konplexuan agente ugarik parte hartzen duten arren, familia oinarrizko hezkuntza-agente garrantzitsua da inklusio digitalean zein horri lotutako gaitasunen garapenean.
Etxekoen inplikazioak zein laguntzak modu zuzenean baldintzatzen dute haur eta nerabeek Interneten eskura ditzaketen onurak edota jasan ditzaketen arriskuak eta horien ondorio negatiboak. Hau da, gailu digitalen erabileran gurasoak arduratsu eta erreferente izan behar dira eta, errepidea gurutzatzeko semaforoa berde egon behar dela txikitatik irakasten zaien bezala, online komunitatearen kide izateko eta bertako elkarbizitza positiboa bermatzeko kontuan izan beharreko arauak eta balioak ere transmititu behar zaizkie etxeko txikiei.
Alegia, eremu digitalean ere, familiek euren hezkuntza-zeregina bete behar dute eta, horretarako, zenbait bitartekaritza-estrategiaz edo -ereduz baliatu daitezke (1. irudia):

Gailu digitalen erabileran gurasoak arduratsu eta erreferente izan behar dira.
- Interneten erabilerari buruzko bitartekaritza aktiboa: nabigazioan lagun izan. Interneten erabilera-ohiturak, interesak, edukiak, esperientziak, pertzepzioak, hausnarketak edota zalantzak familian partekatzea eta horiei buruz hitz egitea.
- Interneten erabilera seguruari buruzko bitartekaritza aktiboa: erabilera arduratsua eta osasungarria sustatzea. Interneten onurak zein arriskuak elkarrekin modu kritikoan aztertzea, erabilera segururako pribatutasun-aukerei zein prebentzio-jarraibideei buruzko informazioa eskaintzea eta egoera gatazkatsuei aurre egiteko trebetasunak garatzea edota laguntza eskatzeko konfiantza indartzea.
- Bitartekaritza murriztailea, erabilera-arauen bitartez: tresna digitalen eta Interneten erabilera debekatzeko edota mugatzeko arauak ezartzea, hala nola denbora, konexio-lekuak edota online jarduerak. Arauak inposatu edo familian negoziatu daitezke.
- Bitartekaritza murriztailea, baliabide teknikoen bitartez: Interneten edukiak zein jarduerak monitorizatzea, iragaztea eta murriztea. Horretarako, berariazko hardware edota softwarea erabiltzen da, adibidez kontrol parentala kudeatzeko programak.
Etxe askotan, bitartekaritza murriztailea nagusitzen da, debekuaren zein baliabide teknikoen bitartez. Hala ere, ikerketa anitzek zalantzan jartzen dituzte bitartekaritza-estrategia horien papera eta eraginkortasuna. Azken batean, gaur egun adin txikiko bati sarera sarbidea debekatzea bere garapenerako eta etorkizunerako ezinbesteko tresna bat ukatzea da eta horrek bazterketa ekar dezake.
Aldiz, bitartekaritza-estrategia aktiboek modu positiboan eragiten dute alfabetizazio digitalaren prozesuan zein Interneten egoera gatazkatsuak identifikatzeko behar den trebetasun kritikoaren garapenean. Esperientziak eta ezagutzak partekatzeko komunikazio-espazioak eta -momentuak eraikitzeak familiaren kohesioa eta konfiantza indartzen du, adin txikikoen benetako heziketa digitalaren oinarriak.
Hau da, hoberena da kontrolatzaile rola alde batera uztea eta bitartekaritza aktiboaren zein epe luzerako heziketa digitalaren alde egitea. Azken finean, Interneten ohiko erabiltzailea izan baino lehen, funtsezkoa da horren arriskuak ezagutzea eta erabilera seguruari buruzko kontzientzia garatzea eta, horretarako, gidaritza, laguntza eta formazioa dira segurtasun-tresnarik onenak.
Hala ere, ekintza guzti horiek helduek adin txikikoen errealitateaz jabe izatea eskatzen dute eta, kasu askotan, hori ez da betetzen. Familiek nerabeen esperientzia mediatikoei buruz izaten ohi duten ezagutza partziala da. Gai dira erabiltzen dituzten bitarteko digitalak zerrendatzeko, baina, orokorrean, zailtasunak dituzte adin txikikoen interes digitalak eta eguneroko online praktiken xehetasunak (erabiltzen dituzten aplikazioen aniztasuna edota kontsumitzen dituzten online edukiak, adibidez) sakontzeko.
Gainera, Interneten arriskuen errealitateari buruz helduek duten pertzepzioa eta prestakuntza ere mugatua da. Oro har, ardura handia adierazten dute zenbait edukien izaera, ziberjazapen-kasuak eta gehiegizko erabilera aipatzen denean. Aldiz, uste dute sexting-a edota pertsona ezezagunekin harremana ez direla ohiko praktikak nerabeen artean eta grooming kasuak ez direla hurbileko testuinguruetan gertatzen (eta datuek kontrakoa esaten dute).
Horren ondorioz, eta, neurri handi batean, helduen erantzun negatiboen edota zigorraren beldur direlako, online gatazkaren bat bizi dutenean edota eremu digitalari buruzko zalantzaren bat dutenean, adin txikiko askok berdinengana jotzen dute. Modu horretan, munduko sarerik handienean lehenengo pausoak helduen eskutik egin beharrean, mundu osora konektatuta dagoen sarearen erabilera-arauak heldutasun nahikorik gabeko esparrutan ikasten dituzte haur eta nerabeek eta horrek teknologia digitalen erabilera-ohitura arriskutsuak eta praktika ez seguruak barneratzea eragin dezake.
Beraz, garrantzitsua da familiek testuinguru hurbileko errealitateari muzin ez egitea, prestakuntza falta edo zaletasun teknologiko eza aitzakiatzat ez erabiltzea eta bidelagun digitalak izatearen erronkari arduraz erantzutea. Adin txikikoen Interneten erabilera-ohiturek helduen arreta merezi dute, etxean komunikazioan, konfiantzan eta laguntzan oinarritutako heziketa digitala jasotzeko aukera eskaintzen dela bermatzeko. Haur eta gazteak entzun behar ditugu eta Interneten erabilera seguruari buruzko lanketa beti euren errealitatetik, interesetatik eta zalantzetatik abiatu!
Gainera, komeni da guzti hori lehenbailehen egiten hastea. Alde batetik, Internetera sarbidea gero eta adin goiztiarragotan gertatzen delako eta, bestetik, kontuan izan behar delako haur eta nerabeen adinak aurrera egin ahala bitartekaritza-lana gero eta zailagoa dela (arrazoiak: gailuen erabilera gero eta pribatuagoa da; familiarekin komunikazioa urriagoa da; eta erreferentziazko pertsona helduen eragin-indarra txikiagoa da). Beraz, premiazkoa da erabilerari zein arriskuei buruzko informazioa eta erabilera arduratsuari buruzko ereduak txiki-txikitatik eskaintzea. Ezin da itxaron!
Horrez gain, azpimarratu behar da ere bitartekaritzaren praktikotasunak eta tonu positiboak eragin handia dutela. Adin txikikoek arriskuak, pribatutasuna eta nortasun digitala moduko edukiei buruzko ezagutzak modu aktiboan barneratu behar dituzte eta hori hausnarketa dinamiko eta parte-hartzaileen bitartez soilik lortu daiteke. Bestalde, Interneten erabilera osasuntsua sustatzeko ez da beharrezkoa adin txikikoak beldurtzea. Horregatik, familiaren gidaritza digitalaren fokua ez dira arriskuen ondorio negatiboak izan behar, online bizikidetzarako balioak baizik!
Azkenik, eta, agian, garrantzitsuena: eredu izan! Adin txikikoek benetako online erantzukizun-kultura garatzeko, funtsezkoa da, gainerako arloetan bezala, etxeko helduen jokabidea oinarri eta eredu izatea.