
Gaiak
Xabier Lete, umorez
Sareko bilatzaile ohikoetan Xabier Leteren izena bilatuz gero, haren irudi gehienetan, gizon serio bat agertuko zaigu. Serio ez ezik, hainbat argazkitan ageri da bekozko ilunez, kasik haserre balego bezala. Beharbada hori da Leteren irudi zabalduena: poeta tristea, pentsalari grabea, intelektual piperra.
Alabaina, bera gertutik ezagutu zutenek aho batez esaten dute, Lete poeta serioa baldin bazen ere, Xabier tipo umoretsua zela, eta bazuela ero-barra ere. Halaxe dio, adibidez, Anjel Lertxundik, Zerbitzuko lanean (2020) liburuaren hitzaurre bikainean: “Umorea zuen, ironia zerion (…), barre egiten zion bere buruari lehenbizi”.
Hala bada, poeta kantaria hil zenetik hamar urte bete direnean, hemen jartzera noa lerro bat edo bi, Xabier Lete eta bere umoreari.
Leteren umorezko piezen artean, edozein antologiatan sartzeko modukoa da “Gizon arruntaren koplak” (1976). Umorea dario, ez da dudarik, eta irudikatzen duen ni poetikoa, “gizon arrunta”, ironiaz tratatzen da. Nahikoa izango da amaiera gogoratzea, irakurlearengan abesti osoa esnatzeko:
Ez naiz ni gizon txarra,
baina, zer arraio,
Fidel Castro izateko
ez bainintzan jaio;
musian egiten det
makina bat saio,
andriaren onduan
afaldu det iaio,
orain ohera noa
bihar arte aio.
Kanta honek Leteren sorkuntzaren beste ezaugarri bat ere bistaratzen du. Izan ere, umorezko abestiak sortzerakoan, bere hizkerara jo ohi zuen Letek. Azken poesian, gai serio eta transzendentalak lantzerakoan nafar-lapurteraren kutsua hartu zuen gisa berean, umorea egiteko, haurtzarotik barruan zuen hizkuntzaren musikara jotzen zuen; halaxe, adibidez, gizaki arruntari eskaini zizkion bertsoetan.
Gizon-emakume askori suertatu zaigu, arruntak izateaz gain, mozolopintoak izatea ere. Letek behin baino gehiagotan heldu zion motibo horri, ligatu nahi baina ezin duenaren peripeziak umorez tratatuz. Badakigu, esate baterako, 1976an “Maitemintzen” izeneko pieza bat eskaini zuela jendaurrean. Nesken atzetik dabilen gizona da abestiaren protagonista. Atzetik ibili bai, baina gizajoak ezin hortik pasa:
Berak agur esatean laster iluntzen zait muturra
dirudit ipurtzuloan ostikoz jo nauten zakurra:
ilargiari begira pasatzen zaizkit orduak,
haizeak eramaten ditu barruko ekaitz harruak,
probetxurik ez du egiten probatu ez den larruak.
Ildo beretsuko kanta da, tonuz leunagoa izan arren, “Maitasunez hil” izenekoa. Aidanez, Antton Valverde eskatu eta eskatu aritu zitzaion adiskideari, egiteko maitasun abesti arin bat. Bai Letek egin ere, umore zirtolari finez. Honela azaldu zuen nola sortu zen pieza hura, Abestitzak eta poema kantatuak (2006) liburuaren hitzaurrean: “Abestitz hauek Antton Valverderen eskariz idatziak izan ziren, Brassens-en estiloko kantu bat, misoginoa, nahi zuelako ondu. Saiatu ginen...”. Valverdek grabatu zuen, gaur ezaguna den doinuarekin, 1975ean. Hona hemen, estrofa bat:
Festa batean ikusi nuen handik zortzi bat urtera
ta hotz-hotzean ausartu nintzen sagar helduen hartzera
irrifar doble makur batekin izkutatu zen atzera,
etzen ausartzen bere zezena adarrez adornatzera.
Garai hartako beste aipamen bitxi bat segidan. Bada Letek inoiz abestu zuen kanta bat, nik etxean ezagutu nuena, eta oraindik beste inon entzun ez dudana: gure aitak zeukan jasoa, nahiz eta ez osorik, kasete zahar batean. “Demokrazia badator eta” deitu izan diogu, eta 70eko hamarkadaren bigarren erdikoa behar du izan. Ikaragarria da darion umore bufoia. Protagonista gizonezkoak zerbait galdu du, eta haren bila dabil. Azkenean ohartzen da falta duena ez dela ez emaztea, ezta kartera ere, baizik eta hanka tartean zuen zintzilikarioa. Nondik eta nora galdua duen, hara azalpena:
Behin zakur batek hozka egin eta,
akordatze naiz oraintxe,
puska guztiak kendu zizkidan
kupirik gabe bertantxe.
Zakur hori da hainbeste urtez
zaunkaka jardun zaiguna,
hankatarteko gauzik ez duten
kristau guztien laguna.
Kristau guztien laguna eta
darabilkiguna hemen,
bijilantziak oraindik ere
gastatzen du zerbait kemen.
Galdutakuak berriz osatzen
izango det kontu latza,
demokrazia badator eta
San Pedrok lagundu gaitza.
Ikusten den bezala, kasu honetan umore gordina kritika politikoari (gordina hori ere) estu lotuta dator.
Orain artekoak ikusita, Leteren umorezko piezetan beste ezaugarri bat sumatu daiteke: bertsolaritza klasikoaren eragina eta taxua. Ez da harritzekoa ere. Letek ongi ezagutzen zuen bertsolaritza klasikoa (umorezko bertsoak ere bai, noski), eta haren esateko moduetan izan zuen umorea lantzeko inspirazio iturri nagusia.
Umorezko pieza hauetako asko ez ziren Leteren diskoetara iritsi. Esaterako, hemen aipatu ditudan bi ez zituen diskoetan jaso. Kontraste horrek, alegia, jaialdien eta diskoen arteko corpus diferentzia horrek, badu azalpenik.
Leteren jaialdien muina dimentsio poetiko sakoneko piezek osatzen zuten. Alabaina, Letek bazekien ez dela komunikatiboki eraginkorra ordu betez kanta “serioak” ematea, tartean publikoari arnasa hartzeko tarterik utzi gabe. Horregatik, kantaldietan, umorezko piezek funtzio jakin bat betetzen zuten. Ongi ikusten da zein zen funtzio hori, 1999ko azken jaialdian eman zuen azalpen batean, justu umorezko pieza bat abestu aurretik: “askotan esaten didate nere kantaldiak oso serioak izaten omen direla, eta, giroa pixka bat aldatzeko”. Zentzu horretan, Jose Antonio Labordeta Aragoiko (Espainia) poeta kantariarekin konpara liteke Lete. Haren kasuan ere, abesti serioz kargaturiko jaialdiak arintzeko funtzioa ere bazuten pieza umoretsuek. Gehitu horri Letek zuen abilezia abestien aurretik emandako azalpenetan (era guztietakoak izan zitezkeenak) barrea eragiteko. Gero, ordea, diskoa osatzerakoan, pieza musikal haietako asko kanpoan gelditzen ziren.
Diskoetan daudenen artean, zenbait abestik umorea eta kritika soziala uztartzen dituzte. Adibide esanguratsua da “Teologia, ideologia” (1978). Letek berak definitu zuen kantaren asmoa (2006): “umorez mozorroturiko errelato zoro bat zen, agian imajina bitxiak zituena, eta kristau-marxismoaren kritika irribarretsua izan nahi zuena”. Kritika irribarretsuaren sailean ikusten dut nik “Otsoak eta Txanogorritxu” (1976) abestia ere. Kriptikoagoa, agian, baina adar-jolea “Teologia, ideologia” bezainbeste; nola ahaztu abestiaren amaierako ulu kurioso hura (are kuriosoagoa, oroitzen badugu Letek nola egiten zuen Benito Otsoarena).
Aipatu ditugu Leteren umorezko pieza zenbait, eta irakurlea, azkarra izaki, ohartuko zen 70etakoak direla hona ekarritako guztiak. Lete gaixotu egin zen 80ko hamarkadan, eta gaitzarekin bizi denak ahalegin handia egin behar umorea ateratzeko. Arinkeria izango litzateke umorez jarduteko eskatzea Lete bezala gaixotasunak guztiz baldintzatuta bizi denari. Lertxundik idatzi duen bezala (2020), Letek, “gaixoaldiaz galdetzen ziotenean, ezin kriskitinka erantzun”. Eta, halere, ateratzen zuen, ahal zuen neurrian, umore zerbait. Horren erakusgarri da 1999an Errenterian eman zuen jaialdian abestutako “Henry Millerry eskutitza”. Bertso sorta hura, ezagutzen ez duenak imajina lezakeen bezala, umoretsua ez ezik, beroxka da. Hona, ahapaldi bat:
Zahartzaroan sentitzen du batek,
bereaz konturatuta,
zeinen laburra izan den uda
ia neguan sartuta;
xurgaketan ibili beharra
burua makurtuta,
arrok ez dugu asko irauten
bandera altxatuta.
Hamar urte bete dira poeta kantaria hil zenetik. Abenduarekin, elurrarekin, gogoratu dugu, hunkitu gara. Uste dut tokatzen dela umorez oroitzea ere.
Eta, agindutako lerro bat edo bi jarrita, eta ez daukadanez muserako lagunik, orain ohera noa, bihar arte, aio.