744 Zenbakia 2019-11-20 / 2019-12-18

Gaiak

506 altxorreko eskualdea: Arabako Errioxa

URRESTARAZU GARCIA, Edurne OZAITA AZPIROZ, Josu

Modu ugari daude leku bat deskribatzeko. Eremu geografikoaren bidez izan daiteke, biztanleria kopurua adierazita, bertako klima, ekonomia azalduta edota hizkuntzaren arabera. Baita bertako ardoak ikergunean jarrita ere, bai behintzat, Arabako Errioxan.

Upategiak dira mahatsa jaso eta zuku hartzitu edo ardo bihurtzen diren lekuak. Iraileko mahats-bilketan, milaka kilo mahats-lukuk jo-muga izaten dutena, eta barriketan ardoak ontzen aurkitu ditzakegun guneak. Erabilera praktikoa eta funtzionala dute, baina eta batez ere, XXI. mendeko upategiak aztertu nahi badira, definizio hori konplexuagoa bilakatzen da. Izan ere, arkitekturak, museografiak, turismoak, jatetxeek edota elkarte gastronomikoek egiten dute bat gaur egungo upategietan; bakoitzak berea du, eta ez dira bi berdin aurkituko. “Espacio arquetipal, social y templo postmoderno” moduan deskribatuz biltzen du Ruth Marañonek upategien esanahia (2017: 30).

Arabako Errioxak 11.545 biztanle ditu EUSTATeko 2019ko datuen arabera. Horietatik 2.500 herritar baino gehiago mahastizainak dira, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak ahalbidetutako datuen arabera, 506 upategi daude. Horrek 506 nortasun desberdineko gune, 506 bizipen espazio eta 506 izaera anitz daudela esan nahi du.

Gutxi batzuk handiak badira ere, orokorrean denak dira upategi txiki xamarrak eskualde honetan.

Gutxi batzuk handiak, baina orokorrean denak dira upategi txiki xamarrak eskualde honetan. Dirutan bi upategi erraldoik bezain besteko kantitatea mugitzen badute ere, bertako enokultura osatzen dute. Enokultura deitu diogu, eskualdea bera definitu eta bertako kultura osatzen duen elementua baita ardoa: historia, harremanak, paisaia, tradizioa, jaiak eta turismoa, besteen artean, barnebiltzen dituena. Aitonak eraikia, eta orain semearen alaba, edota suhia daude upategien atzetik; familiak. Txikitatik ikusi eta bizi izan duten hura erreproduzitzen dute, beste kantitate batzuetan eta modu desberdinen bidez, baina oraindik ere zeruari begira, naturak agintzen duelako lurralde honetan, ziurgabetasuna eta emozio ugari sortuz. Upategi bakoitzak istorioak gordetzen ditu, eta hain justu gehiengoak txikiak direlako, nabaritu daiteke erraz bakoitzaren xarma. Batzuk ez dira berehalakoan upategiak direla antzemango, ate handiko garajeak ematen baitute, beste batzuk berriz, nabarmen zutitzen dira mahasti artean.

Frank Gheryk mugarria ezarri zuen 2006an Eltziegoko Marqués de Riscal hotela diseinatu eta eraikitakoan, orduz geroztik nabarmenago kokatu baitzen mapan Arabako Errioxa. Haren ondotik eraiki zituzten Guardiako Ysios, Samaniegoko Baigorri eta Eskuernagako Viura ere, besteen artean. Jada aurretik ere zerbait sumatzen zen bereizgarri berritzailea nabarmen gehitu zitzaien upategiei: ardoa ez ezik, upategien fatxada zaintzea ere garrantzitsua izango zen. Ardogintzako oinarrizko elementu bilakatu da arkitektura. Botila askotako etiketaren irudi da eta edaten ari den pertsona horrenganako iruditerian eragingo du ardoa upategi harekin lotuz (Fischler, 2005). Horregatik, ez da harritzekoa pentsatzea batzuk izen handiko arkitektoen bila joko dutela, edo eraikina berezia egin nahiko dutela, prestigioa emango baitio horrek ardoari.

Dena den, upategi ederrena ere hutsal bihur daiteke istoriorik gordetzen ez badu. Horregatik da Arabako Errioxako 506 upategiei begiratzea interesgarria. Ia herri bakoitzak upategiak  biltzen dituen txokoa du, eta kartelik idatzita ez badu, zoru ondoan dauden tuferak ikusita jakingo dugu hala direla. Ez dute beste upategi handien moduko turismoa erakartzen hauek, nahi izanda ere askok halako zerbitzurik eskaintzen ez dutelako. Bertako turismoa sustengatzen dute; batzuk noiz behinkako bizkaitar edo gipuzkoar autobuskadak ekarriz, eta gehienek inguruko lagun talde txikiei edota bezeroei ateak irekiz.

Eta ate bakoitza irekitzean museo etnografiko batera barneratuko da bisitaria. Batzuk harrizko deposituak, hormigoizkoak, eta altzairuzkoak dituzte beste batzuk. Jatorduak egiteko leku itxi eta ilun bat batek eta bista eder eta argi askokoa beste batek. Paretan zuhaitz genealogikoko argazkiren bat, edo irabazitako trofeoak zintzilik. Eta nola ez, txokoren batean ardo kopak, upategiek duten izaera sozialaren adierazle. 

Upategi bakoitzak istorioak gordetzen ditu, eta hain justu gehiengoak txikiak direlako, nabaritu daiteke erraz bakoitzaren xarma.

Ardogintzaren arabera, bost upategi mota sailkatu ditzakegu Arabako Errioxan: markarik gabeko ardoa egiten dutenak, upategi familiarrak, upategi handiak, makro-upategiak eta kooperatibak. (1) Mahatsa jaso eta ardoa eginda upategi handiagoei saltzen dietenak dira markarik gabe egiten dutenak. Kontratua aurrez eginda izaten dute askok, eta mahats eta ardoaren jarraipen handia egiten dute erosleak diren enpresek, horretarako noiz behinka enpresako enologoak bidaliz ardoa behatzera. (2) Upategi familiarrak beraien mahastietako ardoa egin ez ezik, beren markarekin saltzeaz arduratzen dira. Mahastiko lanak, upategikoak eta salmentakoak egiten dituzte. Lan handia eskatzen badu ere, asetasun handia ematen die beraien ardoa etiketako botila batean denda bateko apalean saltzen ikusteak. (3) Upategi handiak langile ugariko enpresak izan ohi dira. Batzuen atzean behin upategi familiarra izandako jabe berak daude, beste batzuen atzetik berriz, ardotan inbertitu nahi izan duten enpresariak. Mota hau nahiko heterogeneoa da: batzuk erositako ardoa ontzen dute soilik; beste batzuk beraien mahatsez gain, ingurukoena ere erosten dute… (4) Jabeak akziodun konpainiak izan oi dira makro-upategietan. Horietan eredu handiena Marqués de Carrión da, Bastidan kokatua. (5) Kooperatibak sei daude eskualde honetan. Bazkideek dituzten mahatsak eramaten dituzte bertara, gero ardoa egin eta saltzeko.

Arabako Errioxan upategi familiarrak atzeman daitezke, batez ere. Baina aurretik adierazitako askoren asetasuna da beste askoren itolarria. Errioxa sor markarako egiten zuten ardoa 340 upategik 2018an. 2007an 520 ziren. Sor marka honetan babesa sentitu dute askok, baina sor markarako ekoizteko legeak gero eta zorrotzagoak dira. Lan handia eskatzen du ardogintzak, eta etxe batzuetan belaunaldi berriek familiako upategiarekin ez jarraitzeko hautua egin dute jada, horren ordez, Gasteiz edo Logroño bezalako hirietara joanez aukera berrien bila, edota beraien ardoa utzita, mahatsa salduz upategi handiei. Asko ilusioz ardo mota berriak egiteko proiektuak prestatzen ari diren bitartean, beste batzuk upategi handiek eskaini ditzaketen prezioekin tentatuta daude, eta ardoa egin ordez, mahatsa saltzeko hautua egin dute...

Azkeneko urteetako joera ikusita, nabari da upategi familiarren kopurua beheraka doala. Enpresa handiak kantitatean oraindik ere gutxi badira, maneiatzen dituzten lur-sailak eta ekoizten duten ardo kopurua geroz eta handiagoa da. Arabako Errioxak dituen lur-sail txikiengatik, eta ardogintza identitateari eta familiari estuki lotua izan delako, daude horrenbeste upategi hain eremu mugatuan; bakoitzak berea izan duelako. Ebroz beste aldera egitea besterik ez dago, lursail handiak eta enpresa handiak ikusteko. Sor markaren barruan Errioxak 425 upategi zituen 2018an, Arabako Errioxak 340, esan dugunez. 235 milioi litro ardo ekoitzi ziren urte hartan Errioxan, Arabako Errioxako 80 milioi litroren aldean. Orain, badirudi, ekoitzitako ardo kopurua mantendu edo handitzen bada ere, upategien kopurua beheraka doala eta hau Errioxa sor markaren barruan eta kanpoan dauden upategiekin gertatzen ari da.

Aipatutako upategi mota guztiak dira eskualdearen adierazgarri, puzzlea osatzen duten piezak, biodibertsitatea elikatzeaz arduratzen diren upategiak. Upategiak espazio biziak dira, museo etnografikoak. Harremanak bultzatzeko gune, makina bat elkarrizketa egosten diren espazio, belaunaldien arteko kate, milaka istorioren bilgune. Eta hauetako bat ixtean Arabako Errioxak zati bat galtzen du. Eskualdea deskribatzekotan, horregatik, Arabako Errioxa 506 altxor inguru gordetzen dituen eskualdea dela iradokiko dugu. Gakoa, beraiek zaintzea izango da, ondare direlako.

Bibliografia:

Fischler, Claude (2005): “Vino y cultura” in J. M. Arévalo (ed.), Las culturas del vino: del cultivo y la producción a la sociabilidad en el beber, Signatura Demos, 59-68.

Marañon Martínez de la Puente, Ruth (2017): Cultura y paisaje: discursos identitarios en Rioja Alavesa a través de la instalación como herramienta educativa en espacios formales, Doktorego tesia, Universidad de Granada.


Eusko Jaurlaritza