716 Zenbakia 2017-02-01 / 2017-03-01

Gaiak

Ekonomia zirkularra: hazkundearen limiteei erantzun tekno-optimista bat

RUIZ DE APODACA, Iñigo



1972. urtean “Limits to Growth” (“Hazkundeari mugak”) txostena publikatu zenetik, badakigu hazkunde ekonomikoak hainbat limite biofisikoekin topo egiten duela eta beraz, ez dela mugaezina. Orduan kritika asko jaso zituzten txostenaren autoreek baina, gizateriaren lotsarako, pasa den urtean Erresuma Batuko Parlamentuak publikatutako informe batek, 1972ean egindako aurreikuspenak konfirmatu zituen. Txosten originalak 12 eszenatoki planteatzen bazituen, batzuk optimistagoak eta beste batzuk pesimistagoak (teknologien garapenaren arabera, adibidez), 2016an eszenatoki estandarra betetzen ari zela konfirmatu zen. Honen arabera, datozen urteetan mundua kolapso egoera batean sartuko da, gure bizimodua sustengatzen dituzten baliabide fisikoak agortu edota sistema ekologikoak hondatuko baitira.

Errealitate honen aurrean jarrera negazionista bat daukaten pertsona, instituzio eta erakunde asko daude oraindik, baina badirudi jasangarritasun ekologikoa diskurtso ofizialen periferiatik zentraltasunera mugitzen ari dela. Bestalde, azken urteotan estreinatutako Demain (2015) edo Leonardo Di Caprio protagonista bezala duen Before the flood (2016) bezalako dokumental arrakastatsuek herritar askorengan kontzientzia garatzen hastea ahalbidetu dute. Lan hauek, Al Gore-k duela hamar urte egin zuen bezala, wow edo harridura efektua lortzen dute eta arazoak zeintzuk diren oso ondo azaltzen dute, baina zeintzuk dira alternatibak? Nolakoa izan beharko luke gure sistema ekonomikoa krisi ekologikoari aurre egiteko?

Pasa den irailean Eusko Ikaskuntzak antolatutako mintegian, galdera hauek planteatu ziren eta gaur egun errealitatea diren hainbat ikuspegi berri aurkeztu ziren. Horietako bik, ekonomia zirkularrak (Kooperaren adibidea ikusi genuen) eta ekonomia urdinak (Azaro Fundazioren Blue Lab ekimena ezagutu genuen) hain zuzen, jasangarritasunaren dimentsio ekologikoari garrantzi handiagoa ematen zioten. Ellen McArthur Foundation-aren (ekonomia zirkularra kontzeptu bezala gehien bultzatu duen organismo publiko-pribatua) arabera, ekonomia zirkularrak oinarri bezala dituen pentsamendu eskolen artean, ekonomia urdina aurkitzen da.

Nahiz eta bien artean ezberdintasun batzuk egon, artikulu honetan ekonomia zirkularrean zentratuko gara eta hazkundearen limiteen aurreran erantzun tekno-optimista bat dela ikusiko dugu. Bukatzeko pesimistak diren desazkundea bezalako korronteak ere laburki azalduko ditugu. Ekonomia zirkularra

Ikuspegi ezberdinetatik sortutako definizio ugari aurkitu daitezke ekonomia zirkularraren inguruko literaturan edo dokumentuetan, baina ia denek ondorengo faktoreak partekatzen dituzte: zaborra edo hondakinak bezalako kontzeptuak ezabatzen dira, bere bizitzaren amaierara heldu den produktu baten edo prozesu batean sortu diren hondakinak edo subproduktuak berrerabili daitezkela ulertuz. McDonough eta Braungart-ek esaten duten bezala, hondakin bakoitzak beste sistema batentzako “janaria” izan beharko luke, bai sistema natural batentzako (ziklo biologikoan dauden nutrienteak), bai sistema industrial baterako (ziklo teknikoan dauden materialak) ere. Hori lortzeko, sistema, produktu eta negozio ereduen berdiseinua beharrezkoa da.

Ekonomia zirkularrean hondakinak edo subproduktuak berrerabili daitezkela ulertzen da.

Azken batean, baliabideen erauzketa eta erabilera minimizatzea eta energia berriztagarrien eta teknologia garbien erabilera maximizatzea da helburua, sistemaren efizientzia handituz. Ekonomia zirkularraren inguruko literaturak hiru maila geografiko ezberdintzen ditu: makro, meso eta mikro-a.

Hazkundearen paradigma klasikoetan, makro mailan, ekonomia utility-a edo ondasuna lortzeko balio duen erauzketa-ekoizpena-kontsumoa prozesu bat bezala ikusten da. Hau da, hondakinak edo emisioak, eta ondorioz, hauek ekosistema naturaletan sortzen dituzten kalteak, ez dira kontuan hartzen (ingurumena zabortegi bezala irudikatzen da). Baina termodinamikaren bigarren legearen arabera eta Georgescu Roegen ekonomilariak bere garaian azaldu zuen bezala, baliabide batek sistema ekonomikoan zehar zirkulatu ahala, honen entropia handituz doa. Hau da, materia eta energia era ez eraginkor batean erabiltzen dira. Adibidez, energia lortzeko lur azpitik erauzitako baliabide fosilak, atmosferan bukatzen du CO2 partikulen formarekin. Entropia maila ahalik eta baxuena izateko, ekonomia zirkularrak erabilitako materia eta energiaren berzirkulazioa eta energia berriztagarrien erabileraren maximizazioa proposatzen ditu, hazkunde ereduan hondakinak eta birziklatze prozesuak aldagai bezala gehituz.

Gaur egun, meso mailan, ekonomia zirkularrak sistema industrialak organismo biologikoak edota ekosistema naturalak izango balira bezala ulertzen ditu. Horretan, materia eta energia sistema batetik bestera pasatzean jasaten duten transformazioari metabolismoa deitzen diote. Behin fluxu horiek marraztuta, industria eta enpresen arteko erlazio berriak bilatu daitezke, beti prozesu baten energia edo materialen output-a (tradizionalki hondakina bezala ikusi dena) beste prozesu baten “janaria” edo input-a izatea bilatuz. Kluster klasikoekin gertatzen den modura, ideia hauek area geografiko zehatz batean inplementatu dira. Horien harira sortzen dira “eko-parke industrialak” deituriko proiektuak. Honen adibiderik aurreratuena Danimarkako Kalundborg Symbiosisen kasua da.

Azkenik, mikro mailan, era askotako eko-berrikuntzak planteatu daitezke. Adibidez, remanufaktura (produktu baten bizitzaren amaieran, honen atalak balio handiagoa duen produktu bat ekoizteko erabiltzea- upcycling) eta zerbitizazioa (produktu baten erabilera saltzea, propietatea saldu beharrean) bezalako kontzeptuak hemen sartzen dira. Bi kontzeptu hauek batzen dituen adibide ona Ulma Orga Jasotzaileak-en zerbitizazio estrategia da: bezeroei orgen erabilerarengatik kobratzen die (leasing baten antzera) eta hauen bizitzaren amaieran, Ulmak piezak berreskuratzen ditu orga berriak prestatzeko. Optimismoa vs pesimismoa

Krisi ekologiko sakon baten aurrean gaudela aitortzen dutenen artean eta status quo-arekin eroso daudenak kenduz, bi jarrera nabarmentzen dira nagusiki: tekno-optimista eta tekno-pesimista. Azken talde honetan daudenak, pesimistatzat baino, errealistatzat ikusten dute bere jarrera.

Ekonomia zirkularra, bere aitzindari askok bere momentuan egin zuten bezala, optimisten aldean kokatzen da. Lehen azaldu bezala, ekonomia zirkularra hazkunde ekonomikoa eta baliabideen erabileraren “desaklopazioa” lortzeko gai den sistema bat bezala planteatzen da. Hau da, sistema kapitalistaren logikak sortu duen krisi ekologikoa sistema kapitalistaren erreminta berdinekin konpontzea du helburu. Schmidt Bleek-ek esan zuen bezala: “jasangarritasuna merkatuan irabaziko da edo ez da inoiz lortu behar”.

Tekno-pesimisten artean, desazkundea eta a-hazkundea bezalako proposamenak aurkitzen dira. Ekonomia zirkularrararen inguruko literaturan gertatzen ez den bezala, bi korronte hauek jasangarritasunaren dimentsio soziala kontuan hartzen dute baina normalean proposamen erradikalak bezala ikusten dira.

Desazkundearen helburua, ekonomia zirkularraren antzera, gizarteak erabilitako baliabideen eta sortutako hondakinen fluxuak ekosistemen mugen barne geratzea da. Baina hori lortzeko, ekonomia zirkularra proposatzen dituen estrategiez gain, produkzio ekonomikoa eta kontsumoa gutxiagotzea beharrezkoa dela defendatzen dute. Azken urteotako krisiak eragindako hazkunde ekonomiko negatiboak, lehenengo aldiz, mendebaldeko lurralde batzuetako CO2 emisioak jaistea eragin du baina argi dago ere ondorio sozial katastrofikoak izan dituela. Hori dela eta, Martinez-Alier bezalako autoreek sozialki jasangarria den desazkunde bat beharrezkoa dela planteatzen dute.

Ekonomia zirkularraren antzera, energia berriztagarrietara trantsizio bat egin behar dela defendatzen dute Van der Bergh bezalako a-hazkundeko defendatzaileek, baina orain arte trantsizio hori masiboki ez bada egin, ekonomikoki errentagarria ez delako izan dela planteatzen dute..

A-hazkundeak aldiz, hazkundearekiko agnostikoak izatea eta BPGa indikatzaile bezala alde batera uztea proposatzen du. Autore hauen ustez BPGa ez da ongizatea neurtzeko baliagarria (Stiglitz ekonomilariak, adibidez, behin eta berriz horrela adierazi du). Ekonomia zirkularraren antzera, energia berriztagarrietara trantsizio bat egin behar dela defendatzen dute Van der Bergh bezalako a-hazkundeko defendatzaileek, baina orain arte trantsizio hori masiboki ez bada egin, ekonomikoki errentagarria ez delako izan dela planteatzen dute. Ondorioz, hauen ustetan, BPG-a alde batera uzten badugu eta produktibitate ekonomikoa sakrifikatzeko prest egonez gero, ongizatean bakarrik jarriko genuke fokoa eta beraz, trantsizio energetiko hori oso azkar egitea lortuko litzateke (errentagarria izan edo ez).

Azkenik, hainbat arlotan ikuspegi ezberdinak dituzten bi korronte hauek, politika batzuk proposatzerakoan bat egiten dutela azpimarraga genezake. Biek (1) baliabide klabeen erabilpenari eta CO2 emisioei mundu mailako mugak jartzea defendatzen dute eta (2) %100etik gertu dagoen okupazio-tasa egoteko, pertsona bakoitzeko lan-orduak murriztu eta jende gehiagoren artean banatzea proposatzen dute (produktibitatea jeitsiz, baino balio soziala handituz). Epe luzera, zein izan behar da gure estrategia lurralde moduan?

Costanzak (1989) proposatutako hurrengo taulak ondo irudikatzen ditu dauden aukera ezberdinak: T1: Pesimismoa vs optimismoa, politiken emaitza Optimistek arrazoia dute Pesimistek arrazoia dute

Optimismo teknologikoan oinarritutako politika Mozkin altuak Oso Txarra

Pesismismo teknologikoan oinarritutako politika Mozkin moderatuak Onargarria

Iturria: Costanza (1989)

Aurreko taulan ikusten den moduan, eszenatoki pesimistak errealitate bihurtzen badira eta planteatutako politikak bakarrik optimistak baldin badira, emaitzak tamalgarriak izan daitezke. Beste aukera guztiak ez dira guztiz txarrak edo oso onak, beraz, Costanzaren arabera, estrategiarik egokiena zuhurtziaz pesimista izatearena da (konponezinak diren galerak saihestuz).

Horrelako estrategia bat EAEn aplikatu nahiko bagenu eta hezkuntza edo ingurumen arloetatik ekonomiara doazen aldaketak planteatzerakoan, hainbat galdera erantzun beharko genituzke. Horien artean, hurrengokoei erantzuna ematen saiatzen ari naiz bai nire tesian eta baita Orkestran garatzen ari garen proiektu batean ere: Zein da EAEko zirkulartasuna gaur egun? Nolako proiektu estrategikoak bultzatu daitezke? Nola sustatzen edota fazilitatzen dira horrenbeste eragile inplikatzen dituzten eta hain sistemikoak diren berrikuntzak? Gure ekonomiako zein sektore dira aproposenak ikuspegi zirkular bat aplikatzen hasteko? Zer nolako pizgarriak behar dituzte? Zer ikasi genezake jada ekonomia zirkularra aplikatzen dauden enpresetatik? Zein da politiko edo enpresaburuen jarrera azaldutako guztiaren aurrean?