Trikuharriak eta zibilizazio modernoa Trikuharriak eta zibilizazio modernoa *Traducción al español del original en euskera Josemari Vélez de Mendizabal Dela gutxi arte, Nafarroako lurretatik Euskal Autonomia Erkidegoan sartzean, Egiraz herrixkatxoan geldiune bat egin ohi nuen, bertako trikuharriaren ondotik ibilalditxo ixil batean zenbait minutu emateko. Beste garaietakoen mugimendu erreflexua, nonbait, Aguraindik, Zubi Gorria deitzen genuenetik zehar, Egirazera oinez iristen ginen urrutiko txango haien oroitzapenean. Aitona Jose Mariak, On Jose Migel Barandiaranen laguntzailea Aguraingo artzantza eta baserri ohituren bilketan, trikuharriraino eramaten gintuen bilobok, arbaso zaharren izpirituari zintzo hel geniezaioneko esperantzan, seguraski. Orain, Egiraztik igarotzen zen N 1 errepidearen saihesketa dela eta, zailxeagoa egin zaigu bertan gelditzea, eta trikuharriak mendetako lasaitasuna berreskuratuko ez duen arren une baketsuagoak biziko ditu aurrerantzean, marrokiar, portuges eta nire gisako bisitarien egonaldi ezerosotik aske. Paleolitiko garaitik, euskal historiaurreko artearen esparruan gehien nabarmen daitekeena trikuharrien arkitektura dugu. Oinarrizko artea, jakina, batere aurrekorik gabe euskal kulturan. Trikuharriek Euskal Herri osoan osatzen duten mapak garbi asko azaltzen du, Auñamendi eta horren inguruetan garatzen dela indar handiz, eta beren esannahia erlijios postulatuetatik ulertu behar da. Hiletetan, ehorzketetan, erlijios sentimendua antzeman daiteke beti, herriaren gogoa. Baina, ez dezagun pentsa, gure monumentu horiek, hemen gure artera berezko sorkuntzaz jaio zirenik. Ez; Europa osoan ere, antzerako ereduak aurkitzen ditugu eta, beste behin ere, gizonen arteko harremanak historiako gau beltzetik ematen direla frogatua geratzen da. Aintzinako zibilizazio guztietan harriak Jainkoaren etxea adierazten du, izpirituaren edota energiarena, indar menderaezinarena, hain zuzen. Entziako mendatean diren harri iladen menhirak antzera, Frantziako Carnacedo Britania Handiko Stonehengekoak dira. Aspalditik, mundu osoko zientzilariek harrizko monumentu horien esangura deszifratzeari ekin zioten, batzuetan ikaragarrizko burugabekeriak adierazi direlarik, tesi gisa, ezezagunaren ikerketak txorakeriatarako baimena ematen duela dirudielarik. Euskal trikuharriak, gainerako guztiak bezalaxe, hileta monumentu bat dira, hilobia, halegia, harlauza zabal eta handiekin eraikita, eta zenbait gorpu gordetzen dituzte. Adituek diotenez, eta horretaz Barandiaranek berak aspaldi utzi zuen idatzita, euskal trikuharrien ardatz nagusia ekialdetik mendebaldera jarrita dago, sarrerako harriak eguzki aldea markatzen duelarik. Eta bertan ehorzten ziren hilotzen buruak mendebaldera begira zeuden bitartean, oinek ekialdea seinalatzen zuten. Eguzkiari gurtza ote? Baliteke; behintzat, gure artean ehorzketa sistema horrek mendetan iraun zuen, eta oraindik gaur egun ere, bizirik dirauten zenbait usadiotan eguzkiarekiko begirunea antzeman daiteke. Horra hor, esaterako, Eguzkilorea. Lehengo egunean, Ziekoko (Eltziego) kaleetatik barrena zenbait lagunekin nenbilela, etxe eder baten atean eguzkilore polit bat iltzatua ikusi ahal izan genuen, eta denei hausnarketa bera otu zitzaigun, hots, ohiturek nekez dakitela muga geografikoetaz. Trikuharri eta menhir en bezalako esparru sakratuetan igerri diren iharduera zenbaitzuetan, jainko izpiritua, lurretik eta horren gaineko guztian zehar zebilen jario ikaragarri eta ukiezinaren antzera ulertzen zen. Jario hori, antza denez, ukitze soili esker transmititzen zen eta, beraz, gizonek saihestu egin behar zuten ukitzea, jainko hasarretuaren hatzaparretara ez jausteko. Horrela, esaterako, su, ur, haize eta lurraz gain, zeltiar druidek beste elementu bat izaten zuten gogoan nwyvre izenekoa eta itxura guztien arabera, boskarren horrek lur azpiko uren zenbait uhin bibrapen eta jario telurikoekin dute zerikusirik. Auskalo! Dakidana, dena den, N1 eko desbideraketak, nire buru oihanetatik ibilaldi magikoak egiteko maiztasunamurriztu egin didala da. Zibilizazioak ohitura osasuntsuak arriskutan jartzen ditu, gure nahiaren kontra. Indartsuak izan behar, aztura horiei eusteko. Josemari Vélez de Mendizabal, idazlea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.