Egilea: Aime Cesaire Itzultzailea: Iñigo Aranbarri Argitaletxea: Susa, 2014 ISBN: 978-84-8419-263-3 Ezaugarriak: Aime Cesaire beltzen identitatearen eta beltzek idatzitako literaturaren aldarrikatzaile nagusienetakoa izan zen. Hark asmatu zuen “négritude” (negritudea) kontzeptua 1935ean, eta urte luzetan beltzen askatasunaren aldeko militantzia politiko zein poetikoari atxiki zitzaion. 1913an jaio zen Martinikan, eta han igaro zuen gaztaroa harik eta beka bat lagun Parisa joan zen arte ikasketak unibertsitatean jarraitzera. Bi gerra handien arteko Paris zen hura, mundu guztiko idazle, intelektual, artista eta beste bildu zituenekoa. Han bizi ziren, Cesaire gaztea paristartua zelarik, besteak beste, Gertrude Stein, Pablo Picasso, James Joyce, Francis Scott Fitzgerald, Vicente Huidobro, Cesar Vallejo eta enparauak. Cesairek, ordea, idazle eta intelektual beltzekin izan zuen harreman handiena. Hala, Leopold Sedar Senghor senegaldarrarekin eta Leon-Gontran Damas guyanarrarekin “L’Étudiant noir” (ikasle beltza) aldizkaria sortu zuen 1934an. Aldizkari hartan eta ondorengo testuetan gorpuztuko zituzten aipatu idazleek belztasunaren inguruko hausnarketa eta idazkiak. Ildo horren baitan ulertu behar da, halaber, Cesairek idatzi zuen tesia, Langston Hughes eta Claude McKay poeta beltzei buruzkoa izan zena. Bi poeta horiek funtsezkoak izan ziren “Harlemgo berpizkundea” izeneko mugimendu poetiko eta kulturalean 20ko hamarkadan, eta honenbestez, Cesaire eta abarren negritudeak, neurri batean bederen, handik ere edaten du.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.