685 Zenbakia 2014-05-07 / 2014-06-04
Jose Manuel Ibar, Urtain.
Jose Manuel Ibar, Urtain, boxealaria 1943ko maiatzaren 14an jaio zen Zestoan
Zestoako Arrona auzoan jaio zen Jose Manuel Ibar Aspiazu. Bere baserriko deitura zen Urtain ezizenez ezagunagoa, 1992ko uztailaren 21ean hil zen Madrilen.
Kirolari lotuta egon zen betidanik gipuzkoarra. Hala ere, hasiera batetan aizkolari txapelketatan aritzen zen eta harri jasotzaile moduan ondoren. Baina bizitzan aldaketak ematen direnez, Urtainek ere beste zerbait probatu nahian eskularruak jantzi eta ukabilkadak ematen hasi zen.
Ordizian izan zen bere debuta 1968an eta ziztu bizian egin zen ezagun. Izan ere, bere aurreneko 27 boxeo–borroketan aurkariak K.O. utzita irabazi zituen. Kirol instalazioak, zezen–plaza zein futbol zelaiak jendez betetzen ziren Urtainek eskaintzen zituen ikuskizunekin gozatzeko. Egia esan ez zuten axolagabe utzi inor borroka horiek eta horren adierazle izan zen mundu mailako telebistetan, aldizkarietan eta egunkarietan etengabe tokia zeukala boxeolariak.
1971ko abenduan Jack Bodell garaitu zuen Madrilen; 1972an, ez zuen irabazterik izan. Ordurako, ez zegoen sasoirik onenean eta erreflexuak ere erdizka zituen. Urtainen azken boxeo–saioa izan zen. Denbora batez borroka librean aritu zen “Zestoako Tigrea” ezizenarekin.
Ringak alboratuz, enpresa-gizon bilakatu zen, baina zorte handirik gabe. Ekonomikoki gaizki, depresio latzak jo zuen Urtain eta 1992an erabaki zaila hartu eta Madrilen bere buruaz beste egin zuen hamargarren solairu batetik botaz.
Gipuzkoako kirolaririk onenaren izendapena jaso zuen urtero Ibarrek 1968tik 1972ra bitartean boxeolari gisa eta 1967an berriz, herri kirolen atalean.
[+] Informazio gehiago