683 Zenbakia 2014-03-05 / 2014-04-02

Efemerideak

Efemeridea. Xabier Lizardi poeta 1933ko martxoaren 12an zendu zen Tolosan



Xabier Lizardi.

“Xabier Lizardi” ezizenez aski ezaguna den euskal poeta Zarauzko Azara kalean jaio zen, 1896ko apirilaren 18an. Hamar urte igaro ostean, ordurako Gipuzkoako hiriburu izateari utzi zion arren oraindik ere ospetsua zen Tolosara joan zen bizitzera familiarekin. Bertan, ordea, ez zuen Zarautz ahantzi, izan ere, autorearen artikulu batzuetan (Tristezas de un jocoso sentimental, Zarautz erdelerri), baita olerki-zatiren batean ere (Maitea) adierazi zuen bere jaioterriari zion maitasuna.

Jose Maria Agirrek Zarautzen hasi zituen lehen hezkuntzako ikasketak eta Tolosan jarraitu. Beranduago, baina, Madrilera joan zen, beti desio izandako zuzenbide-ikasketak egitera. Lana zela-eta eskoletara joateko aukera handiegirik izan ez bazuen ere, ohi baino azkarrago lortu zuen titulua. 1917an, hogeita bat urterekin, Madrileko Unibertsitate Zentralean amaitu zituen ikasketak. Tolosako Perot tela metalikoen fabrikako gerente bihurtu zen 1923an, hori izan zuelarik bizimodua.

Gizarte- eta kultura-esparruetan gizon arduratsua izan zen Lizardi; horrek ez zion literaturan aritzeko gogoa areagotu baino egin. Gaur egun duen ospea olerkigile moduan lortu du, arlo hori jorratu baitzuen gehienbat; Lizardiren ekarpen handien erakusgarri dira, alde batetik, Biotz begietan (1932) eta, bestetik, Jose Ariztimuñok, “Aitzol”ek, Lizardi hil ostean argitaratu zuen Umezurtz olerkiak (1934), aitarik gabe gelditu ziren olerkiei erreferentzia eginez. Bertan, Aitzolek aurkituriko olerkiez gain, amaitu gabeko poemak eta olerkiak sortu baino lehen eginiko eskemak eskaintzen zaizkigu (Lertxundi). Egia esan, Lizardiren olerkietako gaiak haren hausnarketetan agertzen ziren berberak dira: izadia, bizia eta heriotza, aberria, euskara eta euskal tradizioa. Estiloaz denaz bezainbatean, modernotasuna, berritasuna eta originaltasuna goraipatu ohi zaizkio.

[+] Informazio gehiago