675 Zenbakia 2013-10-16 / 2013-10-30
Tesiaren izenburua: Jolas sakona: Txapelketaren prozesu errituala eta bertsolariaren arrazoi sortzailea XXI mendeko Agoran.
Tesi zuzendaria: Joseba Zulaika Irureta
Saila: Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saila. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU)
Urtea: 2013Sarrera
Tesi honen ikerketa norabidean, txapelketaren paradoxa sakondu nahi izan dugu. Txapelketak gizarteratzen duen joko-eskemaren lehia benetakoa izanik ere, jolasaren eremu sinbolikoan enborratzen duela bere esangura kulturala (zentzu betea) defendatu dugu, hots: egiletza kolektiboa eta izaera kulturalaren ardatzean. Hain zuzen ere, jokoaren azalaren barrutian, jolas kulturalaren (Huizinga, 1972) eremu ekoizlea aurkitu dugu. Alajaina, komunitatea garatzen doan neurrian jolasak bere sakonerantz bultza egiten du: jolas sakonaren (Geertz, 1973) eremu kulturala da. Beraz, txapelketaren gertaera izan da gure iker objektua. Eta txapelketaren prozesu errituala, interpretazio kulturalaren lurra dela ulertu dugu. Txapelketaren denbora (giza taldearen komunikazio errituala), “elkarrekin” emandako alor komunitarioa izan da, taldearen metafora bizigarria (Ricoeur, 1980). Giza taldearen komunikazio prozesu erritualak sortzen duen ekoizpen kulturalaren lorratza, izan nahi duenerantz begira jartzen du. Hor dago bere ahaltasun sortzailearen funtsa. Ikerketaren markoa
Jokoa eta jolasaren arteko paradoxa sakontzeko, txapelketaren gertaera marko epistemiko baten baitan kokatu dugu, semiotika kulturalaren ikerlerroan hain zuzen ere. Eremu soziokultural batek ardazten duen espazio kulturalean, semiosfera (Lotman, 1996), geruza inguratzaile ardazgarria dela ikusi dugu, kultura ekosistema oso bat. Bere baitan jendarte harremanaren ehun bizigarria aurkitu dugu. Kulturaren espazio adierazgarri hori, arkeologia errituala duen kulturaren espazio estetikoan esangura-tu dugu. Bertan, kultura-testua (Lotman, 1998) dago, adierazle diskurtsibo, estetiko, errituala eta emozionala baitaratzen duen ekoizpen kolektiboa baita. Testuinguru bat mugatzen duen koordenada kulturalen baitan kokatu dugu objektu kulturalaren (txapelketaren gertaera) oharmen eragina, hau da, kontzientzia estetikoaren helduera mundu kulturalean. Hain zuzen, ardatz diakronikoan, gizarte tradizioaren balio trinkoaren mundukera arakatu dugu iraganeko txapelketan; eta ardatz sinkronikoan, XXI mendeko Agorak gaur eta hemen betetzen duen funtzio kulturala, zola estetikoaren berritasunetik esangura-tu dugu: estetika sortzailearen ikuspuntua izan da. Txapelketen katebegiaren bi muturren artean mundu erreferentzialaren bilakaera eta aldaketa dago, eta egindako bidearen gertaerazko “egia” (komunitatearen presentzia kulturala) testuinguruaren bitartekaritzak berretsi duen datu kulturala izan da. Alajaina, bere hitza ekoizteko erabakimena duen giza taldeak, aldi berean, bere harreman izaera baieztatzen ari da. Hortaz, komunitate ekoizpen norabidea, epe luzeko egitasmo komunitarioa izan dela erakusten dugu hor.
Txapelketa Nagusia 2009. BEC (Bilbao Exhibition Centre).
Argazkia: Asier Arroitia
Iturria: Xenpelar Dokumentazio ZentroaSubjektu estetikoa
Espazio sinbolikoaren goiera erritualean, subjektu estetikoaren figura ardatzean jarri dugu. Sinbologia liminalaren batuera eragina bereganatzen duen kategoria estetikoa da: subjektu indibidual eta kolektiboa da. Bertatik interpretatu dugu gertaera kulturalaren egiletza kolektiboaren ardatza. Komunikazio erritualaren goiera (txapeldunaren kontsakrazioa) afektu-fluxuen transferentzia bermatzen duen une komunitarioan gertatzen da. Zentzu kolektibo bat geroratzea izan da eredu edo ikur horrek beretutako funtzioa. Subjektu estetikoak, “izan” eta “izan liteke”, bi talaien arteko sorkuntza kulturalaren espazio ekoizlean lantzen du bere egiaren arrazoia (zentzu-ekoizpena edo zentzugintza). Hortaz, komunikazio kulturalaren esparru bizigarrian kokatu dugu bertsolariaren prozedura predikatiboaren gako sortzailea: zeinu-imajinak proiektatuz sortzen da “lexiko kulturala”. Hain zuzen, arrazoi sortzaileak gidatzen duen prozedura predikatiboa da. Alajaina, bertsolariaren biografiak duen kultura balioan, herria hitzetan sortzeko hitzezko akziodun era aurkitu dugu. Unibertso poetiko narratiboa sortu, jariotu, egonkortu eta eraldatzeko ahaltasuna duen hitzezko akziodun era da. Eta ondorioz, kultura sortzeko gaitasuna duen hitzezko akziodun era. Agoraren tolesdura (gertaeraren motibazio kulturala), ahalmentze komunitarioaren eremu ekoizlean kokaturik dagoela aurkitu dugu. Txapelketaren eremu errepresentazionalak erakusten duena da, kultura, mundu sinbolikoan garatzen den langintza dela. Txapelketak kulturan betetzen duen funtzioa, izaera kulturalaren ardatzean enbor eginda aurkeztu dugu. Txapelketaren funtzioa, narratiba kulturala berrelikatzea izan da, afektu-fluxu bat jariotzea, zentzu-lur bat irudikatzea eta geroratzea, “gu” baten promesa elikatzen duen prozesu kulturala biziberritzea. Azken buruan, subjektu estetikoaren kontzientzia helduera mundu kulturalean erakusten duena da komunitatearen ekoizpena duela amets. Ondorioak1. Paradigma estetikoaren eraberrikuntza
XXI mendeko Agoraren paradigma estetikoa, kultur balioaren era-berrikuntzari begira dago. Kultur ber-xarmaduraren (Maffesoli, 1990) paradigma estetikoa dakargu. Posmoderniaren subjektu bakarzale, indibidualista, lehiakorra eta sobera arrazionalari kontrapuntua eginez, subjektu errotua, komunitarioa eta sortzailearen giza balio aberatsa kontrajarri diogu. Maillard-ek (1992) “jendarte metaforizatzailea” izendatzen duenaren giza legami aberatsaren lagin kulturala da. Alajaina, bertsolariaren biografiaren balioa herria hitzetan sortzeko ahaltasun metaforizatuari loturik aurkitu baldin badugu, Agoraren paradigma estetikoak subjektu berriranzko trantsizioa, elkarbizitzaren balio malguagoan aurkitzen duela erakusten ari zaigu, komunitate berdinkidea pentsatzeko garaian sarturik gaudela iragartzen digu. Espazio ekoizlearen bizigarritasunak, sakontzeko garaiak bizi duela erakusten digu, muineko nor kolektiboa aurrez-aurre begiratzeko garaia da. Ondorioz, Agorak metatzen duen kultur balioaren jabegoa, jolas sakonaren unibertso sinbolikoan esangura-tu dugu, jolasak duen zentzu kultural betearen bila egin dugun ikerketa bidea izan da.
Txapelketa Nagusia 2009. BEC (Bilbao Exhibition Centre).
Argazkia: Asier Arroitia
Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa2. Euskal kulturaren sinbolo giltzarria
Tesiaren burutzapenean, txapelketaren gertaera errituala katebegi baten erpin adierazlea baino ez dela baieztatu dugu, komunitate ekoizpenaren (epe luzeko egitasmo komunitarioa) norabidean narratiba kultural bat asebetetzen duen euskal kulturaren sinbolo giltzarria (Turner,1990). Sinboloak “gu” baten irudi errepresentazionala eraikitzen laguntzen duen neurrian, txapelketaren prozesu erritualak, iragana/oraina/ etorkizunaren harreman bitartekaria izateko funtzioa ere betetzen ari da. Baina azken buruan txapelketak jokoan jartzen duena, talde bizitza beraren berariazkotasuna edo berezkotasuna da: kultura subjektibotasunaren balio unibertsala eta osoa. Kulturatik aldagai subjektiboa ezabatu ezkero kultur homogeneotasuna eta globala baino ez zaigu geratzen. Txapelketak, “zentzu-lur” baten (iraganaren balioa, hizkuntza, harremana, kontzientzia) jabego kulturala begietara dakargu. Jabetasun hori (kontzientzia estetikoa) hiru norabidetan azpimarratu dugu: bat, existentziaren ardatzean, hots, izatez badenaren egiaztapena egiten du, komunitate presentziaren ardatza dago hor; bi, jakinduriaren eta ezagutza metatuaren ardatzean, hori da tradizioaren eraikuntzaren bidea; eta hiru, posibletasunaren ardatza: subjektu estetikoaren (indibiduala eta kolektiboa) erabakimen gaitasuna norbere eskuetan dago. Erabakimen subjektuak garenez gero, aukera bat beti gure eskuetan dago: izan nahi duguna eraikitzeko aukera. 3. Jolas sakona
Txapelketaren prozesu erritualak, lehia hutsaletik harago (nor baino nor aritze hutsala) izaera kulturalaren ardatzean asebetetzen du jolas sakonaren zentzu betea. Komunitate garabidean, jolasak, sakonerantz bultza egiten du. Hor dago jolas sakonaren neurria. Eta aldi berean, bere neurri falta: irabaztera saiatu beharra baina lehena edo zortzigarrena gelditzea bigarren mailakoa bihurtzen denean. Jolasaren amildegiak irekitzen du bere leizea. Nor kulturalaren gabeziak aspaldian irekitako leize bera da. Herri baten izateko nahia. Dana galdu eta gutxi irabazteko aukera duen jolas zentzugabea. Hori da benetako jolas kulturala, eta hori jolas sakona baino ez da. Alajaina, txapelketak kulturan betetzen duen funtzioa, komunitate elkarbizitzaren idealei so dagie. Jolas sakona da.Bibliografia
- HUIZINGA, J. (1972): Homo Ludens. Alianza, Madril.
- LOTMAN, I. (1998): La semiosfera.II. Semiotica de la cultura, del texto, de la conducta y del espacio. Catedra, Madril.
- ___________(1996): La semiosfera, Cátedra, Madril.
- MAFFESOLI, M. (1990): El tiempo de las tribus. Ikaria, Bartzelona.
- _____________ (2001): El instante eterno. El retorno de lo trágico en las sociedades postmodernas. Paidos, Buenos Aires.
- MAILLARD, C. (1992): La creación por la metáfora. Anthropos, Bartzelona.
- ____________, (1998): La razón estética. Alertes. Bartzelona.
- PEIRCE, C.(1988): El hombre, un signo. Critica, Bartzelona.
- _____________, (1988): Escritos lógicos. Alianza. Madril.
- RICOEUR, P. ([1975],1980): La metáfora viva. Cristiandad, Madril.
- ____________, (2005): Caminos del reconocimiento. Trota, Madril.
- TURNER,V(1990): La selva de los símbolos. Siglo XXI. Madril.