Egilea: Patxi Salaberria Muñoz (arg.) Argitaletxea: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2013 Orrialde kopurua: 122 ISBN: 978-84-9860-706-2 Ezaugarriak: Hausnargaiaren ezaugarriek hala eskatuta, aspaldidanik nabarmenarazia zuen gure Literatur Mintegi honek idazleekin harreman zuzenean hasteko premia, baina arrazoizkoegiak ez ziruditen arrazoiak zirela eta, urtez urte atzeratzen joan da ekimena. Oraingoan, halere, aldeko izar eta astroen konjuntzioa gertatu bide da ortzian eta aukera baliatu ahal izan dugu behialako asmo premiatsuari ekiteko eta, galdetegi moduko baten itxurapean izan bada ere, harremana behingoz gauzatzeko. Nahiz eta —ezin horrelakoetan «nahiz eta»-rik falta— aldez aurretik genekien negu aurreko garaiak ez direla gurean egokienak idazleak astitsu aurkitzeko. Egia esan, ez da originala hemen planteatu dugun harreman-galdetegia, inori ez baitzaio ezkutatzen idazleen jardueraz eta eginkizunaz kezkatzen den ororen ohiko kezka bizia direla haiei luzatutako hiru galderok. Gainera, lehendabiziko kuestio gisa aurkezten dugunari dagokionez, ezaguna da 1919an zuzendu zitzaiela aurreneko aldiz zergatik idazten duzu? galdera idazleei, nahiz eta ez, hain zuzen, orduan eskasago ere baziren euskaldunei. Jakina denez, Ungaretti eta Knut Hamsun kenduta, Frantziako frantsesdunak baino ez ziren izan galdera jaso zuten idazleak, eta, nonbait P. Valéry-ren xaxatze-lanari erantzunez, André Breton, Louis Aragon eta Philippe Soupault izan ziren benetako galdetzaileak, hirurak Littérature aldizkariaren zuzendari une hartan eta surrealismoaren guraso handik gutxira. Kronikek diotenez, ehun bat idazleri igorri zieten delako galdera hori eta, orotara, hirurogeita hamabostek erantzun zuten. Hain urruti joan gabe, guk betidanik izan dugu ikusmiran Libération-ek 1985ean argitaratu zuen monografiko bitxi berdingabe hura, «Pourquoi écrivez-vous? 400 écrivains répondent» izenburua zeramana eta munduko idazle ospetsuenei iritsarazi zitzaien galderari emandako erantzunen berri ematen zuena.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.