654 Zenbakia 2013-01-16 / 2013-01-23
Felipe de Arrese Beitia.
Otxandion jaio zen Felipe Arrese Beitia poeta, 1841eko maiatzaren 25ean. Andres Arrese otxandioarraren eta Gipuzkoa eta Arabaren mugan dagoen Maringo Tomasa Beitiaren semea izan zen. Ez zen oso gizon ikasia izan, baina bai erlijiozalea. Lehen ikasketak zazpi urterekin Otxandion hasirik, hamahiru bete zituenerako eskola utzi eta aitari aroztegian gurutzeak egiten laguntzen hasi zen Felipe Arrese Beitia, txikitarik eskulturarako zaletasuna profitatuz. Hiru urte igarota Gasteizera joan zen Markos Ordozgoiti santugilearen eskutik ogibidea ikasten; egunez lantegian aritzen zen eta, gauez, marrazketa ikasten. Ikasle saiatua, promozioko lehen saria lortu zuen otxandioarrak. Horrek eta maisuaren begiko izateak gainerako ikaskide batzuen ezinikusia ekarri ziola eta, hamazortzi urterekin herrira itzuli eta Otxandion lantegia irekitzea erabaki zuen.
Laurehun olerkitik gora idatzi zituen Arrese Beitiak, gehienak, Kanpioneri aitortu bezala, bihotzak eraginda. Olerkiok, idazlea hil baino lehen argitaratu zituen A. Kanpion lagunak ale bitan: Ama Euskeriaren liburu Kantaria (1900) eta Asti orduetako bertsozko lanak (1902). 1956an S. Onaindiak argitaratu zuen berriro lan osoa, Olerkiak izenburupeko ale bakarrean, eta 1987an Euskal Editoreen Elkarteak, “Klasikoak” sailean, G. Aldabaldetrekuk, A. Bonetak eta M. Goikoetxeak prestaturiko argitalpena eman zuen argitara, Olerki sorta bat izenaz. Azkenez, 1999an Itziar Urrutiak prestaturiko Felipe Arrese ta Beitia.
[+] Informazio gehiago