645 Zenbakia 2012-11-07 / 2012-11-14

Gaiak

Urtubiagako burdinola, gure artean ola izenarekin ezaguna

ZELAIA ETXEBARRIA, Mikel

HEA Kultura Elkartea



Bizkaiko burdingintzak Erdi Arotik izan du izen ona munduko merkatuetan. Ibai bazterretako oletatik ateratzen zena ez zen gutxi, eta kalitatez ere, oso estimatua zen. Arrakastaren arrazoiak bi dira batez ere: baliabideak urrun barik egotea eta kokapen geografiko aparta.

Izan ere, Somorrostroko meek primerako lehengaia ematen zuten, erraz ateratzeko moduko harria eta itsasoz eroso bana zitekeena. Inguruetako basoek labeetarako egur-ikatza eskaintzen zuten, eta ibai eta errekek hauspoak eta gabiak mugitzeko behar zen indarra.

Portugalete eta Somorrostroko moiletan zamatzen ziren ontziak. Meategietatik ontziralekuetara eta hauetatik burdinoletara, hala egiten zen mandazain, gabarrazain eta meazale askoren esku-lana eskatzen zuen garraioa.

Basoa: XIX. mendearen hondarrean kanpotik ekarritako espezieek bertakoen tokia hartzen hasi arte, haritzek, gaztainek, arteek, pagoek eta hainbesteko garrantzirik gabeko beste zuhaitz batzuek janzten zituzten gure mendiak (Bedaroan eta Natxitun haritza eta gaztaina zen nagusi batez ere). Urtarriletik martxora arte inausten ziren adarrak, gero, maiatzetik irailera egiteko ikatza txondorretan. Egur-ikatz hau gurdiz edo mandoz garraiatzen zen oletara.

Burdinolak izaten zituen eraikinak honako hauek dira:

Presa, antapara eta ubideak errekako ura behar zen tokiraino bideratu, pilatu eta gurpil hidraulikoa martxan jartzeko erabiltzen ziren. Hau eraikinaren albo batean kokatzen zen, antaparan urari bide emateko egindako zuloen azpian. Eraikin barruan labea, hauspoa eta gabia zeuden. Eraikin nagusiaren ondoan ikatza gordetzeko biltegia egon ohi zen. Batzuetan baita beste labe batzuk ere kanpoaldean, meari ahalik eta lohirik gehien kentzeko erabiltzen zirenak.

Labur esanda, burdina lortzeko prozesua mea erreta hasten zen. 800 edo 900 gradura berotzen zen, ura eta osterantzeko zikina aska zezan. Iragazkorrago eginda, eta mailuz jota, intxaur baten neurriko trokotan apurtzen zen. Labean sartu eta airea ematen zitzaion etengabean, 1.300 gradutan egotea lortzen zen arte. Libratutako burdina labearen hondoan zenean, urtzaileak labea beroen zegoen tokira eroaten zuen zeharzulotik ateratzen zen salda gori hura. Hala lortzen zen apurka-apurka “agoa” edo “zepa”.

Labetik aterata, gabiaren azpian jartzen zen, jo eta jo trinkotu eta artean izan zezakeen lohia kentzeko. Gero, lortutako burdinaga zatitu egiten zen, ondo berotu eta jo ostean olaren azken emaitza ateratzeko, totxoa.

Oro har lau lagunek egiten zuten behar Bizkaiko burdinoletan. Alegia, tiratzaileak edo makinak lanean jartzen zituenak, bi urtzailek (labea bete eta mearen urritzea zaintzen zutenak) eta gatzemaileak edo edozertan laguntzen zuen mutilak.

Jornala lortutako burdinaren araberakoa izaten zen. Inoiz ardotan ere ordaintzen zen egindako lana, edota tripa-truke... Urtubiagako burdinola

Urtubiagako burdinolaren hormak eta “Ola-zahar” baserria.

Ezagutu berri dugun Valladolideko Chancilleriaren beteaginduari dagokion 1579.urteko dokumentu batek, erabat aldatu du gure ikuspuntua Urtubiaga burdinolaren sorreraz, “Heako urian” orduan Natxituako jurisdikzioan.

“Pares” artxiboan azaldutako dokumentu hori Valladolideko Chancilleriaren eginbideari dagokio eta bertan bi herritarren arteko auzia azaltzen da, Ispazterreko Martin Ruiz Solarte,eskribauak, bere aitak egindako truke baten diru zorrak eskatzen dizkio Lekeitioko batxillera den Juan Nikolas Artietari; Manuel de Sanpayo lizentziatuak, Bizkaiko “corregidorearen” teniente generalak erabakitako sententzia baten ezeztatze batengatik, bertan Juan Nicolas de Artietaren ondasunen betebeharra agintzen zuen, Martin Ruiz de Solarteri 36 dukadu ordainketa egiteko, azken honek aldarrikatzen zuen bere aita Juan de Solarteri,Ispazterreko herritarra eta zegoeneko zendua, zor zitzaiola diru kopuru hori trueke bat egin zuelako eta aldatu zituen Amorotoko Abiterako errotak , Hea herriko burdinola, errota eta urengatik.

1556. urtean adostutakoa aipatzen da, hau da, Hean,errota,burdinola eta uraren eskubideak gehi 36 dukado trukatu zituela aipatutakoak, Amorotoko Abiterako errota baten seirenagatik.

Datu horretatik ondorioztatu dezakegu, 1556.urtean, Heako Urtubiaga burdinola guztiz hondatuta egongo zela, Amorotoko errota baten seirena baino balore handiagoa ez baitzuen; eta gehitu dezakegu,segurtasun osoz, Hea herrian XV.mendean gutxienez, bazeudela errota eta burdinola bat funtzionamenduan; argi baitago, XVI.mendeko truke horretan uraren eskubidearen jabegoa mantentzea izan zela garrantsitzuena eta horrekin eraiki zuten berrehun urte beranduago, XVIII. mende hasieran, Urtubiaga “berria”. (*Bukaerako oharra begiratu).

Herriko elizen aurretik bazegoen,beraz, burdinola bat Heako herrian, (San Juan 1550koa da eta Jesus eliza urte gutxi batzuk beranduagokoa.). Horri gaineratu ahal diogu, burdinola jadanik bazegoela Hean, aurkariak ziren, Adan de Yarzako leinukoek eta Arteagako leinukoek bi dorre egiteko saiakeraren aurretik, 1492.urtean.

Dokumentuta ez badugu ere, suposa dezakegu herriko bi elizak, aipatutako bi leinuen eskuetan zeudenak, hain zuzen ere, eraiki zirela dorreak egin nahi izan zituzten toki berean.

1725eko maiatzaren 2an, eta burdinaren salerosketaren egoera egokia aprobetxatuta eraikitzen da Natxituan, “Hea herriari” dagokion partean, Urtubiagako burdinola “berria”, hain justu aurrez izen bereko errota zegoen tokian. Erdia Josef Larizolaeta eatarrarena zen, eta beste erdia Puertoko Oinordekotzarena. Honen edukitzailea Cathalina del Puerto y Uribe zen, Juan Aranziviarekin ezkondua zena, lekeitiarrak biak, aurrenekoaren gurasoak Eakoak baziren ere.

Cathalina del Puerto Uribe Adam de Yarza, familia legez zen “Heako Maiorazkoaren” edukitzaile. Ispaster-Lekeitioko Zubieta jauregiko nagusien senidea Hauek mea lantzeko beste ola bat zuten jauregitik ez urrun, errekan gora, egun Burdinola legez ezagutzen den parajean. Villarreal de Berriz, aurre-ilustratua

Pedro Bernardo Villareal de Berriz.

Cathalina del Puerto Juan de Aranziviarekin, Lekeitioko Andra Mari Eliza parrokialean, ezkondu zeneko eliza-agirian Juan Bernardo Villarreal de Berriz agertzen da lekuko gisa. Gizaburuagako Beingolea etxeko premuarekin ezkondua, emaztearenak ziren izen bereko burdinola eta Lekeitioko Uriarte jauregia. Villareal de Berrizen asmakizun dira, itxura guztien arabera, arkudun presak.

Presa hauek ordura arte egiten zirenak baino sendoagoak ziren, eta egiteko harri gutxiago behar zutenak, gainera. Arkudun presa honen adibide da papertegiko “presa berritik” gora oraindik ikus daitekeena. Ikuskizun badago ere nor izan zen aipatzen dugun honen egilea, ez da baztertzekoa Villareal de Berriz izatea. Izan ere, olako jabeen ezagun izateaz gain badakigu 1729an Eako Martin de Larizolaetaren oinordertzaren ardura zeramala. Larizolaeta hau Veracruz eta Habana arteko bidaian hil zen, eta ondarean Eako Santa Maria de Jesus eliza berreraikitzeko dirua utzi zuen. Badakigu, bestalde, Villareal de Berriz eliza horretako koroa egiteko lanen buru ere izan zela. Zergatik burdinola Ean?

Eskrituretan begira, burdinola “berria” “Hean” egitearen arrazoia honako hau izan zen: “... bakarra zen erreka hartan, eta erosoa materiala biltzeko...”. Hau da, toki egokian zegoen hur zituelako basoak ikatza egiteko eta hur portua, bai mea jasotzeko eta bat totxoak kanpora ateratzeko. Dokumentuen arabera erabiltzen zen mea Somorrostrokoa zen batez ere, baztertzen ez bada ere ingurukoaz ere baliatzea, hala nola Natxitukoaz (Olagorta) edota Ispartekoaz (Argin-Iruta aldekoa), non gaur egun hondarrak ikus daitezkeen bertan.

Ez da agirietan agertzen den datu bakarra. Jakin badakigu Bordelera ere eroan izan zela itsasoz Urtubiagako olako burdina, gero han iltzeak eta bestelako burdin-lanak egiteko.

1749an Cathalina del Puerto y Uribe, alarguna eta Eako herritarrak baimena eskatzen du Maiorazkoko ondarearen parte bat saltzeko, arazo ekonomikoak direla eta.

1750ean burdinolaren jabe Ignacio Loperena agertzen da, Lekeitiokoa. Sasoi honetan jasotzen da ola ondoko etxea. Eatarren bizimodua burdinaren inguruan

Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoan aurkitutako hainbat notario-prokolotan agertzen denez, olako nagusia behartuta egon zen utzitako diruaren truke “ikatz kargak jasotzera Urtubiagako burdinolan” mailegu-hartzailearen aldetik. Zorra ikatzetan kitatze hau notario-protokoelan agertzeak ematen digu garai hartan egur-ikatzak zuen balioaren neurria.

Teknikoki egur-ikatza egurra destilatzetik lortzen da. Horretarako beharrezkoa da apurka-apurka hau berotzea airearekin kontaktuan egon gabe. Prozesuan ura eta gainerako osagai lurrunkorrak galtzen dira, hondar solidoa gelditzen den arte, egur-ikatza.

Esan dugun bezala, urtarriletik martxora artean inausten ziren zuhaitzak, gero, hilabete epel eta sikuagoetan egiteko txondorrak. Urtubiagako basetxearen egileari eskatzen zaizkion baldintzen artean honako hau irakur daiteke... “bi arku izan ditzala aurrean gurdiak pasa daitezen...”.

Ikaztegi bietako bat.

1761ean Ignacioren alaba, Rafaela Loperena ageri da olaren jabe, eta 1773an honen senar Joseph Ignacio de Unzeta.

1778.urteko dokumentu batek azaltzen digu zein bide erabiltzen zuten porturaino burdin landua eraman eta handik burdinolaraino burdin minerala ekartzeko. Aipatutako dokumentuan, burdinolaren jabea den Jose Ignacio Uncetak salaketa jartzen du Natxituako herritarren eta pielen kontra (leinu bakoitzak bere piel edo “alkatea”baizeukan) bidea konpondu behar dutela eskatuz, Valladolideko Chancilleriaren beteaginduan (jardunbidean).

Uncetaren kexa zera da: Burdinolatik Heako porturaino, aspaldian erabili den gurdibidea,ondotik doan errekastoaren erruz,guztiz hondatuta dagoela eta herritarrei dagokiela bide guztien konponketa, Foruak hori agintzen duela argudiatuz.Aipatutako gurdibidea erreka gurutzatu eta eskuineko aldetik Heako porturaino zihoan eta bidearen parte bat Bedaroako elizateari zegokion, kontuan izanda Heako herria Bedaroa eta Natxituako elizateen artean banatuta zegoela; baina hala ere, eta berezia iruditu zaigun arren, Uncetak ez dio bidea konpontzeko eskabidea egiten Bedaroako elizateari, Natxituakoari baizik.

1773.urtean Uncetak burdin landua geldirik bere burdinolan izan arren, eta burdin minerala eta ikatz egurra ezin dituen arren garraiatu Heako portutik burdinolaraino, bidea guztiz hondatuta dagoelako,eta forura jo arren laguntza eske, hala ere, Valladolideko Chancilleriak ez dio arrazoia ematen eta Natxituako elizatea askatu egiten du gurdibidea konpontzeko erantzunkizunetik Dokumentu honek argi erakusten digu Porturainoko bidea burdinolarako erabilia zela,gehien bat, eta erabilera horrek marka nabariak uzten zituela bertan.

Urtubiagako burdinola: haize-harria edo labea babesteko horma, eta hiru ate (ikaztegietakoak eta bulegokoa).

1795eko suetan (xede fiskaleko erroldak dira suak) Ignacio de Unzueta lekeitiarren izenean datoz bai ola eta bai aldameneko errota, eta azken honen maizter Antonio de Endeiza.

Endeiza hau berau da 1797an errekan beheraxeago dagoen “Heako errota”,( Ikertako errota modure ezagutzen duguna,)erosten duena, nori eta Juan Francisco de Arancibiari, garai bateko Urtubiagako nagusien ondorengo bati. Endeizaren izenean ageri dira halaber Ubillako errotak (Ulla, herrikoen euskaran).

1810eko agiri batean Lekeitioko Santiago de Unzeta da burdinolako ugazaba. 1814ko Natxituko lur estatistiketan Unzetaren beraren izenean dago. Beste auzi bat herritarrekin

1832ko agiri batean salaketa baten berri ematen da, Bizkaiko Jaurerriak Lumon duen Teniente Nagusiaren aurrean jartzen dena burdinolaren ondoko “Olaco Zubia” deritzonaren egoera negargarria dela-eta. Salaketa onartu egiten da eta hala jakinarazten zaio Natxituko Elizateko errejidoreari, beronek har dezan konponketaren ardura.

Natxituko bizilagunak elkarturik, konponketa Unzetaren alargun den Rosa Urquijo Abendaño bergararrak ordain dezala eskatzen dute, bera baita burdinolako nagusi senarra hil denetik, baina alferrik.Nahiz eta Natxituarrek ematen dituzten arrazoien artean honakoa ere egon : “... orain 50 urte galdetuta ea olako ugazaba zen Ignacio de Unzetak ordaindu behar zuen ala komunitateak Urtubiagako olatik Ea gainera doan gurdibidea...”, Valladolideko Errege Kantzelaritzak herritarrei eman zien arrazoia, gorago aipatu bezala.

Hala, burdinolako nagusiak ordaindu behar izan zuen ordukoan bide konponketa. Agiri horren arabera, beraz, pentsatzekoa da Eako mendaterako bidea burdinolatik egiten zela, eta erabilerak nahi baino gehiagotan hondatzen zuela zorua, honek zekartzan auzi guztiekin.

Olako zubia.

1838an Rosa Urquijok Natxituko Manuel Zabali saldu zion ola, bitartekari Juan Jose Echevarria zela.

Juan Antonio Delmasek “Guia historica del Señorio de Vizcaya” liburuan, 1864.urtean Natxituan zazpi errota eta burdinola bat aipatzen ditu. Hala ere, datu hori kontrajartzen da Eskualdeko Estatistika liburuetan azaltzen denarekin. 1863.urtean Natxituan Jose Domingo Etxebarriaren errota bakar bakarrik agertzen da funtzionamenduan baina ez burdinola.

Zehatz-mehatz ez badakigu ere, ia seguru esan daiteke garai hartan utzi ziola Urtubiagako olak burdina egiteari. Boluetako Santa Ana fabrikaren sorrerak (1848) eta 1849ko muga-zergak burdinolen akabua ekarri zuen. *Oharra: Artikulua bukatzear dagoela informazio berria iritsi zaigu Urtubiaga burdinolari buruzko lehenengo aipamenen gainean, Lekeitioko Andra Mari elizaren 1487 eta 1499 urteetako “fabrika liburuetan” agertzen direnak; bertan zor baten berri ematen da:“... que dexo Martin de Çaracondegui en la ferreria de Urtubiaga, por cada anno, trezientos maravedis...” Lekeitioko elizarekin. Horri esker ziurtzat eman dezakegu orain arte pentsatutakoa, hau da, Urtubiaga burdinola Erdi Arokoa dela.

Iturriak:

- Bizkaiko Foru Artxibo Historikoa (notari-protokoloak, Bizkaiko Zuzenlekutik)

- Bizkaiko Eliz Artxibo Historikoa

- Valladolid-eko Erret Chancilleriako Artxiboa

- Uriarte Ayo, Rafael : “Estructura, desarrollo y crisis de la siderurgia tradicional vizcaína (1700-1840)”

- Delmas, Juan Antonio: “Guía histórica descriptiva del Señorío de Vizcaya

- López Musatadi, Mª Jesús: “Monografías de pueblos de Bizkaia. Ispaster y Ea.”

- Zelaia, Joseba: Urtubiagako planoa :Burdinola eta Errotaren multzoa

- Galdiz, Mari Jose : Margoa