639 Zenbakia 2012-09-21 / 2012-09-28
Antxon Eceiza ondo ezagutzeko aukera izan zenuen. Nolakoa izan zen berarekin zure lehen kontaktua?
Garai hartan, uda partean, Donostiako Zinemaldiko prentsa sailean ari ohi nintzen lanean. Banekien Antxon Eceiza zinemazale donostiarra zela eta betidanik Zinemaldiarekin lotura estua izan zuela. Beraz, akreditazio mahaira hurbildu eta akreditaziorik ba ote zuen galdetu nuen... eta hala zen. Neure burua aurkeztu nuen, tesia egiten hari nintzela kontatu nion eta berehala, eta eskuzabaltasun handiz hartu ninduen. Askotan izan nintzen bere etxean; dokumentazio ugari utzi zidan; oso elkarrizketa luzeak egin genituen... Gero, harremanik gabeko denboraldia igaro genuen eta tesiaren amaieran, Euskal Filmategiaren “Antxon Eceiza: Cine, existencialismo y dialéctica” liburua argitaratu ostean, Jose Luis Rebordinos, Antonio Santamaria, Jesus Angulo eta nik neuk eginikoa alegia, zenbait elkarrizketa egin genion. Bi egunetan zehar Antxonekin hizketan burututako elkarrizketak izan ziren, benetan gustukoa baitzuen hitz egitea.
Informazioa ez duzu faltan izan... lehen eskukoa gainera.
Bueno... atzera begiratzerakoan, beste norbaitekin hitz egiteko aukera izan nuela uste dut, edo beste lekuren batera joan... baina egia da berak dokumentazio ugari utzi zidala eta gero nik informazio hori osatu nuen Espainiako Filmategia, zentsuraren inguruko artxibategia eta hainbat hemeroteka aztertuz.
Eceiza, euskal zinematografiaren aita izan zela esan dezakezu?
Horrelakoak esatea oso zaila da, baina Antxon erbestetik, Mexikotik hain zuzen, trantsizio garaian bueltatu zenean, euskal zinema nazionala esaten zionaren oinarriak finkatzen saiatu zen. Bere saiakerak eztabaida teorikoan nahiz praktikaren inguruan eman ziren. Laburbilduz, bere ustez, teoriaren oinarria euskaraz eginiko zinema zen, bertako lantalde tekniko nahiz artistikoa erabiliz eginikoa eta euskal gaiak lantzen zituen zinema hain zuzen. Horixe da teorian euskal zinema nazionala izan beharko lukeena, gerora berak koordinaturiko Ikuska proiektuan gauzatu zena.
Ikuska proiektua 20 laburmetrai-dokumentalez osatu zen...
Hori da. Bi koordinatzaile mota zeuden. Batetik Luis Iriondo zegoen, Euskadiko Kutxaren aldetik, eta bestetik Antxon Eceiza genuen. Bertan Filmeak ekoiztetxearen eskutik sail guztiaren koordinatzaile lanetan aritu zen, zenbait laburmetrai ere zuzenduz. Aukera hori bertako beste zuzendari askori ere eman zion. Horietariko batzuentzat lehen lana izan zen, orain ospe handiko zuzendariak direlarik, besteak beste, Montxo Armendariz zuzendaria edo Javier Aguirresarobe argazki zuzendaria. Etorkizunean filmak egiten jarraitu duten zinegile askorentzat ikasketa teknikoak burutu ahal izateko plataforma izan zen.
Donostiako Zinemaldi honetan, Antxon Eceizari eskainiko zaion omenaldiaren barruan, azken Ikuska proiektuaren atal berria ikusteko aukera izango dugu.
Antxon Eceiza zinegile oso ezaguna izan zen, batez ere bere filma eta eztabaida teorikoengatik, baina jende askok ez du Zinemaldiarekin izandako harremana ezagutzen. Hainbat ediziotan Zuzendaritza eta Aukeraketa batzordeetako kide izan zen. 60. Urteurrena betetzen den heinean, eta duela gutxi zendu zela aintzat hartuz (Eceiza pasa den azaroan hil zen), Zinemaldi hau Antxoni eskaintzea polita izango litzatekeela pentsatu dugu. Asmo hori burutzeko modu bat Ikuska 20 proiektatzea da, helburuak eta bestelako ezaugarri nagusiak laburbiltzen dituen sail guztiaren epilogo antzeko zerbait baita.
Donostiako Zinemaldiaren historian zehar, euskaraz aurkezturiko lehen luzemetraia Eceizarena izan zen, hain zuzen ere...
Ke arteko egunak izan zen, Donostiako Zinemaldiak duen A mailako nazioarteko zinemaldi batean eskainitako euskaraz eginiko lehen filma.
Eta gauzak nolakoak diren, hain justu ere orain zu zara euskal zinemari eskainitako Zinemira sailaren koordinatzailea.
Hala da... baina Ke arteko egunak filma Sail Ofizialeko lehian esku hartu zuen. Argi dago garai hartan oraindik ez zegoela Zinemira bezalako sailik.
Noiz sortu zen Zinemira?
Zinemira egun ezagutzen den moduan, duela oso gutxi sortu zen, 2009. urtean. Lehen, egun batean zehar euskal zinemaren inguruko jardunaldia ospatzen zen, urtean zehar ekoiztutako hainbat euskal film berri bilduz. Interes handiko jardunaldia zen eta Zinemaldiak beharrezkotzat jo zuen bertako ekoizpenak bultzatzea. Gainera, film horiek sari bat lortu nahian elkarrekin lehiatzeko aukera izatea ere ezinbestekoa zen. Horrela, joan den urteaz geroztik, Serbitzu Saria eskaintzen da. Zinemira saila horretarako sortu zen, jendeak euskal filmak ikusteko aukera izan zezan, eta era berean, zinemagintza inguruko industriak ere film horiek ikus ditzan, bertako filmek geroz eta interes handiagoa sortzen baitute.
“Euskal zinemagintzak osasunez oso ondo dabil.”
Eta nolakoa da euskal zinemaren maila aurten?
Euskal zinemaren inguruko Zinemira sailaz gain, aurten, eta datu hau esanguratsua izan daiteke filmen mailaz hitz egiterakoan, Zinemaldiko hainbat sailetan euskal ekoizpenen bat aurki dezakegu. Zabaltegi Bereziak sailean adibidez honako hauek ditugu: Fermin Muguruzaren Zuloak, Aitor Mazo eta Patxo Telleria zuzendarien Bypass, Iñaki Elizalderen Baztan, eta abar. Zuzendari Berriak sailean Chaika filma aurki dezakegu, zuzendaria Madrildarra izan arren filmaren ekoiztetxea Euskal Herrikoa baita. Horregatik guztiagatik uste dugu euskal zinemagintzak osasunez oso ondo dabilela, sail berezi batean bakarrik ez baitago ikusgai, aitzitik bertako filmak beste sail guztietako filmekin lehian ageri direlako.
Omendutako beste pertsonaia Michel Gaztambide izango da, Zinemira Saria jasoko du... bere ibilbide osoagatik?
Bera gaztea da, oraindik lanean jardun du eta aurrerantzean gidoi zoragarriak idazten jarraituko duela uste dugu. Denbora luzea darama lanean eta oso ongi diharduen puntako gidoilaria da. Gustukoak ditugu bere gidoiak oinarritzat dituzten filmak eta omenaldia merezi duela uste dugu. Gainera, horretarako momentu aproposa dela uste dugu. Enrique Urbizurekin egindako No habrá paz para los malvados filma burutu ostean oso ezaguna bihurtu da eta Zinemaldiak ere omendu nahi egin zuen. Sari hau eskaintzea EPE/APV eta IBAIA euskal ekoizleen bi elkarteekin batera erabaki zen, Michelen urtea zela eta saria berari zegokiola uste baitzuten.
Zinemaldian hainbat urte eman dituzu lanean. Zinemira Saila koordinatzeaz gain, Made in Spain ere koordinatzen duzu, eta aurten, lehen aldiz, Aukeraketa Batzordeko kide zara...
Jende askoren antzera, Unibertsitatean ikasten ari nintzela Prentsa Sailean praktikak eginaz hasi nintzen Zinemaldian lan egiten. Hurrengo bi udaretan, Zinemaldiko egun zehatzetan akreditazio erakusmahaian lan egiteko deitu zidaten, baina gerora utzi egin behar izan nuen, tesia burutzen nuen bitartean Eusko Jaurlaritzak emandako beka izanik lan kontraturik izatea ezinezkoa baitzen. Amaitu nuenean Zinemaldira bueltatu nintzen, duela hiru urte jada; lehenengo urtean, Zinema-ikasleen Nazioarteko Topaketa koordinatzeko, lehengo urtean Zinemira eta Made in Spain sailekin hasi nintzen eta bai, aurten ere Aukeraketa Batzordearekin.
Jose Luis Rebordinos zuzendariak esan duenez, Batzordean sartzea, besteak beste, Zinemaldia gaztetu nahian hartutako erabakia izan zen...
Bai, horixe esan zuen (barre eginez). Batzordeko kiderik gazteena nauzue, baina gaztetasun beharrik ez dute, etengabe berritzen ari diren oso pertsona bihurriak baitira. Nik gaztetasun maila hori ekar badezaket, primeran, baina ez dut uste horren beharrik dutenik.
Bypass, Aitor Mazo eta Patxo Telleriaren filma.
Edozein modutan, hau ez da Zinemaldia gaztetu nahiaren inguruan hitz egiten den lehenengo aldia. Kezkagarria al da gazte jendea zinema aretoetan ez ikustea?
Egia esan, era eta adin guztietako ikusleak ditugula uste dut. Hortxe dugu Gazteen Saria, 18 eta 25 urte bitarteko ehun gaztek baino gehiagok osaturiko epaimahaiak emandako saria. Beraz, urtero berritzen doan eta nolabaiteko leialtasuna erakusten duen ikuslego gaztea badugu. Baina kontua da zinemaren egungo egoeran gazteek beste eratako plataformak aurkitzen dituztela. Beraz, Zinemaldiaren kezka nagusia gazteak erakartzea da; bai Zinemaldi garaian zehazki, baina baita urte guztian zehar ere, zinemara joan daitezela eta une hori esperientzia berezia balitz bezala bizi dezatela.
Zinemaldiak 60 urte betetzen ditu. Oso ibilbide luzea burutu dugu baina geure burua berritu egin nahiko genuke. Berritze prozesu horretan, gazteekin konektatu nahi dugu, bere kezkekin, ohiturekin, eta abar.
Nola bizi izan duzu lehen aldi hau Zinemaldiko Aukeraketa Batzordeko kide moduan?
Esperientzia oso polita izan da baina era berean gogorra, hainbat hilabeteetan film ugari ikusi dugu eta horretarako denbora asko behar izan dugu. Alde batetik, ikusi beharreko film ugariak eta horrek ekartzen duen nekea, eta bestetik, filmak ikusterakoan izandako ardura. Ikusitako film bakoitzarekin, zuretzat egunean zehar ikusitakoen artean bat gehiago izan daitekeen arren, aurkezten dutenentzat film bakarra eta berezia dela aintzat izan behar duzu. Horrela, errespetu osoz tratatu eta munduko interesik handienaz ikusi behar duzu.
Zentzu horretan gogor samarra izan da, baina Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi ondoren, ez zait egiteko ezer hobeagorik bururatzen. Beste era batera ezinezkoa izango litzateke zinema munduan gertatzen ari denaren inguruan ideia orokorra eskuratzea.
Nola erabakitzen duzu ikusi berri duzun film hori Zinemaldirako egokia dela, irizpide objetiboak edo subjetiboak erabiliz?
Kontutan hartzen den lehen atala kalitatea da, eta halako entelekia zehaztea oso zaila... Jose Luis Rebordinosek dioenez, Zinemaldia puzzle handi bat da. Beste faktore ugari kontutan hartu behar dira puzzlea guztiz osa dadin, adibidez, nazionalitate edota industria mota ezberdinek ordezkaritza izan dezatela. Hortaz, kalitateaz gain beste faktore batzuk ere hartu behar dira kontutan. Aurten aukeraketa batzordeak denbora luzez erabili dituen irizpideak ikastea egokitu zait. Niretzat ikasteko urtea izan da hau.
Zuloak, Fermin Muguruzaren filma.
Esango al zeniguke zenbat film ikusi behar izan duzun?
Egia esan ez dakit zenbat izan diren, ez baititut kontatu, baina batzordeak guztira 1800-2000 film inguru ikusi ditu. Bakoitzak ahalik eta film gehien ikusten saiatzen da baina batzuetan ez da posible izaten eta lana banatu egiten ditugu.
Lanik handiena maiatza, ekaina eta uztailean burutzen da. Filmak jasotzeko hainbat bide daude: esaterako, batzordekideak beste nazioarteko zinemaldietara begirale moduan joaten dira. Beste baliabide bat, hainbat gune hartzen dituen ordezkarien nazioarteko sarea da. Azken finean, beraien lurraldeetan egiten den lanaren berri ematen digute. Eta hirugarren bidea zera litzateke: bertara iristen diren DVD-ak eta Madril nahiz Bartzelonara eginiko bidaietan burutako proiekzio bereziak.
Zine Ikasleen Nazioarteko Topaketa ere koordinatzen duzu eta agian hauxe da jendeak gutxien ezagutzen duen alderdia. Hor barnean zer egiten duzue?
Lehenik eta behin zera esan behar dugu, proiekzio nahiz mahai-inguruak irekiak direla, jendea sartzera gonbidatuta dago eta gainera, geroz eta jende gehiago badator askoz hobe. Egia da gutxiago ezagutzen den saila dela eta normalean, topaketako partaide eta gonbidatuak bakarrik egoten dira. Mundu guztiko eskoletara jo izan dugu eta azkeneko ikasturtean ikasleek ekoiztu eta zuzenduriko gehienez 3 laburmetrai bidaltzeko deialdia egiten diegu. Egia esan, aurten laburmetrai ugari jaso dugu, 120 inguru, eta batzordeak 14 eskoletako 14 laburmetrai aukeratu ditu. Topaketan filmak ikusten dira eta aurkezpen nahiz mahai-inguruak antolatzen dira gonbidatu eta ikasleen artean. Eskoletako arduradunak ere joan ohi dira, eskola bakoitzean ematen den ikasketa mota zein den ezagutzera eman dezaten. Horrela, munduko eskola ezberdinen artean sor daitezkeen sinergiak edota elkarlanerako ekimenak nolakoak diren ikus daiteke. Horretaz gain, Zinemaldiko gonbidatuak ere ekartzen ditugu; joan den urtean, adibidez, Guillermo Arriaga eta Arturo Ripstein izan ziren bertan ikasleei beraien esperientziak azalduz. Sari bat baino gehiago banatzen da eta baloratzen ari diren laburmetraiarekin zerikusirik ez duten eskoletako ikasleek nahiz tutore moduan lan egiten duen zine-munduko pertsonaiaren batek osatzen dute epaimahaia. Pasa den urtean Nicolas Provost izan zen.
Aurten 5 Donostia Sari banatzeak, Zinemaldi aberatsa izango dela adierazten duela dirudi... Hala izango al da?
Bai, “izarren” presentzia aintzat hartuz, horixe eskatu izan zaio beti Donostiako Zinemaldiari, eta aurten inoiz baino izar gehiago izango ditugula uste dugu. Hori positiboa dela uste dugu, zinemaldian gauza asko bateratu behar baitira, eta glamour pixka bat ere izatea beharrezkoa da bertako jendea eta kazetariak pozik egon daitezen, zentzu horretan behintzat. Argi dago alderdi hori bakarrik ez dela kontutan izan behar. Aurten industriaren inguruko atala ere asko indartu da. Horrela, Europa eta Latinoamerika arteko koprodukzioen inguruko foroa sortu da, azken finean, zinemaldia tratu egiteko topagunea ere izan beharko lukeelako, filmak saldu eta erosteko, etorkizunean proiektu berriak sor daitezen... Industriak, nahiz eta film berririk ez ekarri, Donostiara etortzeko gogoa izan dezan ere balio du. Bestalde, aurten eskainiko den film aukeraketa oso polita dela uste dugu, baina azken finean kritikariek beraiek erabakiko dute. Maialen Beloki Berasategui (Donostia-San Sebastián, 1983) Nafarroako Unibertsitatean (Iruña) Ikusentzunezko Komunizazioan lizentziatu zen 2002-2005 urte bitartean.
Zinema teoria, analisia eta dokumentazioan doktorea (Entre Antonio y Antxon Eceiza. Cine y política tesi doktorala) Euskal Herriko Unibertsitate Publikotik, Leioa, 2006-2010. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako, Made in Spain-eko eta Zinemirako arduraduna. International Communication gaiaren irakaslea HUHEZI-n (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Arrasateko Unibertsitatea. Pausa aldizkari elektronikoan kolaborazio puntualak egin ditu eta Antxon Eceiza, cine existencialismo y dialéctica (Jesús Angulo, Maialen Beloki, José Luis Rebordinos, Antonio Santamarina, Euskadiko Filmategia, 2010) liburuan parte hartu du.