625 Zenbakia 2012-05-18 / 2012-05-25
Hogei urte betetzen dira 2012ko maiatzaren 23an, Atahualpa Yupanqui —bere esaera molde bat erabiltzearren— isiltasunerantz (p’al silencio) joan zenetik.
Berari buruzko biografia bat berrirakurtzean, mundura 1908an etorri zela ohartu naiz. Hain justu, Jorge Oteiza munduratu zen urte berdinean. Bat egite horrek honako pentsamendua sorrarazi dit: zer gehiago eduki dezakete baltzuan?
Idazki labur honetan zenbait zehazkizun nabarmen aurkezten ditut, irakurleak askoz gehiago aurkituko dituelakoan.
Jorge Oteiza.
Lehenik eta behin, bai musikaria zein eskultorea poetak dira. Prosan ere idatzi duten poetak, alegia, euren pentsamenduari hedapena ematearren. Eta biek dute jeinu izatezko mugaketarekin bat egiten: bestek ibili duten bidea ez zaie interesatzen, hots, biak sortzaileak ditugu.
Biek pertsona, gizakia izan dute, garaiko hizkeran, obra-gune eta helburu. Biek dimentsio unibertsala dute, nor beraren pentsamenduak hartzen duen hedaduraz zein euren sorkuntzaren iraupenarengatik, abaguneko moda eta interesen gainetik.
Zein nolako paralelismo gehiago izan dute bizitzan?
Ibilbide bat markatu diote euren buruari eta malgugaitzak izan dira norabideari eusteko orduan, fermuki, nekaezinak. Euren bizitza luzean biak boxeolari izan dira gaztaroan eta era guztietako zailtasunak gainditu dituzte. Harri eta harkaitzen kontra borrokatu dute. Ez diete euren ideiei bizkarra eman.
Baita bi kasuetan ere, bakoitzaren ondoan emakume bikaina izan da, sosegua eta arnasa eskaini dizkietenak. Antoinette Paule Pepin Fitzpatrick —Nené— eta Itziar Carreño Etxeandia. Azkenik, biak arbola baten pean datzate, babes aurkitu zuten lurrean. Haritz bat Cerro Coloradon eta ipuru bat Altzuzan.
Atahualpa Yupanqui eta Jorge Oteizaren hilobiak.
Baina beharbada harrigarriena, biak helburu “ezin” berdinaren atzetik ibili direla egiaztatzea da: isiltasuna musikaren bitartez eramatea eta entzunaraztea, Don Ataren kasuan, eta espazio hutsa zizelkatzea, Jorgerenean. Isiltasuna eta hutsa. Hau da, bakoitzaren artearen lan gaia omen denaren gabezia. Mugak gainditzea, transzendentzia...
Amaitzeko, amankomunean duten beste zehazkizun garrantzitsu bat egiaztatzen dut eta gipuzkoarrentzat eta, oro har, euskaldunontzat oso atsegin duguna: biek Gipuzkoan dituzte sustraiak. Hector Roberto Chavero Haramen kasuan amaren aldetik, eta Jorge Oteiza Enbilenean, berriz, bi aldeetatik.
Bi jeinu hauen obretan murgil egitera eta, batez ere, dastatzera eta gozatzera gonbidatzen dut irakurlea. Ziur nago inor ez dela damutuko.