611 Zenbakia 2012-02-03 / 2012-02-10
Fernando Artola Sagartzazu.
Fernando Artola Sagartzazu, Bordari, euskal idazlea zen. Abertzale eta euskaltzale sutsua izan zen. Zenbait egunkari eta aldizkaritan idazten hasi zen, hala nola, El Bidasoan, Argian... baina gerra piztu zen eta idazteari utzi zion. 1936. urtean Iparraldera alde egin zuen gerratea zela eta. Belokeko komentuko ateak zabaldu zizkion Hondet Abade hendaiarrak. Belokeko Abadia guztiz erabakiorra suertatu zen Bordariren bizitzan.
1950. urtean hasi zen berriro idazten El Diario Vasco egunkarian kolaboratzaile gisa, euskal gaiak lantzen. Garai honetan hasi zen Bordari bezala sinatzen. Urte hauek izan ziren bere bizitza literarioan oparoenak, euskarazko argitalpen ia denetan aurkituko dugularik bere lanaren bat: Arantzazu, Olerti, Bidasoan.
Asko maite zuen bere ama hizkuntza eta beti saiatu zen bere herriko hizkera azalarazten. 1961. urtean euskaltzain urgazle izendatu zuten.
Bordariren ekarpenak ez ziren artikulu munduan geratu, aitzitik, poema eta bertso ugari ere idatzi zituen. Bestalde, hizlari bezala ere oso maitatua izan zen, bere hitzaldiak erudizio, ironia eta umorez beterik baitzeuden.
Bertsolaritza munduan ere ekarpen ugari egin zituen eta berari zor diogu gaur egun bertso txapelketetan kartzelako lana bezala ezagutzen dugun ariketa. Bera izan zen lehena ere bertsolarien profesionaltasuna aldarrikatzen.