608 Zenbakia 2012-01-13 / 2012-01-20

Gaiak

Leintz-Gatzaga. Bizitzaren gatza

AGUIRRE SORONDO, Juan

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



Patuaren edo giza ankerkeriaren eraso tragikoei aurre eginaz behin eta berriro eraiki dituzten herriek eskaini dizkigute Historiaren leziorik hunkigarrienak. Errautsen gainean berreraiki dituzte herriok; plazak eta etxeak, tenpluak eta udaletxeak berregin dituzte, hau da, kolektibotasunetik abiatuta belaunaldiz belaunaldi iraun duen egitura osatzeko funtsezkoak diren lekuak.

Gipuzkoan, Leintz-Gatzaga da bizirauteko borondate sendo horren adierazle esanguratsuenetakoa. Eta herriaren barruan, San Millan eliza izan da hirigune obalatua egituratu duena, herria erdibitzen duen Gaztelarako antzinako Errege Bidearen pausalekuarekin batera. Dorletako Amaren santutegia entzutetsuagoa da, baina ospe hori lotuago dago Done Jakue bidearekin herriaren historiarekin baino. San Millan eliza lurzoru ezegonkorraren gainean eraikita dago, eta behin baino gehiagotan kiskali du suak.

Laburbilduz, 1334. urtean pairatu zuen herriak lehen sutea, eta ia osorik erre zen. Orduan erabaki zuten San Millan eliza harriz berreraikitzea, batasun komunalaren lehen ikur hura etor zitezkeen suteetatik babeste aldera. Hondamendia 1371n gertatu zen berriro; orduan ere suak herri osoa kiskali zuen, baita harrizko parrokia ere. Oso nekeza izan arren, Leintz-Gatzaga berriro eraiki zuten.

1334. urtean pairatu zuen Leintz-Gatzagak lehen sutea, eta ia osorik erre zen.

Ilustrazioa: Josemari Alemán

XV. mendean herriak pairatu zituen hondamendien zerrenda are luzeagoa da: Oñatiko jaunaren aurkako borroka, hark herria menpean hartu baitzuen, eta bailara osoan su eta gar egin zioten aurre; izurria zela-eta, historialari batzuen arabera, herritarrek herria erretzea erabaki zuten 1492ko data mitikoan, garbitasuna helburu; bukatzeko, 1497an herria berriro erre zen, ezbeharrez, eta berreraiki behar izan zuten, oraingoan harresi sendoekin, eta gainera, burdinolak harresietatik kanpo jarri zituzten. Errege Katolikoek, horrenbeste pairamen ikusita eta “Gipuzkoako lekurik garrantzitsuenetakoa” zela kontuan hartuta, euren laguntza eskaini zuten mende berriaren atarian Gatzaga berregin zezaten.

Bide batez, San Millan elizaren onerako ere izan zen bultzada hori, 1510. urtean oinplano angeluzuzena eta bederatzi kapera zituela eraiki baitzuten. Bertako kanpai-hotsekin deitzen zituzten herritarrak klaustrora, kontzeju irekian biltzera, edo era berean harri-jasak uxatzen saiatzen ziren. San Millan elizako bataiarrian bataiatu zituzten lehen Okendotarrak, herria sortu zuten hamaika familietako bateko kideak, nabigatzaile handien aurreko ahaide zirenak, eta baita Elejaldetarren leinuko hainbat belaunaldi ere; horiek errege-zerbitzariak izan ziren eta pertsona ospetsuak hartzen zituzten euren Soran etxean —egun Indianokua den horretan—, parrokia parean (garai batean esaten zutenez, Juan Ochoa Elejaldek euskara irakatsi zion Carlos V.ari, eta enperadoreak beti erabiltzen omen zuen bisitaldietan).

Gipuzkoako beste herri batzuetan legez, Gatzagan zezenzaletasuna nabaria izan zen luzaroan. San Millango plazatxoan antolatzen zituzten ekitaldiak, eta bertan egiten zuten geldialdia Gaztelara joan-etorrian zebiltzan errege, printze, gortesau eta enbaxadoreek; Horiez gain, makina bat merkatari, soldadu, erromes eta bidaiari hurbildu ziren As de Copas esaten dioten hamabi tutuko iturrira, ur freskoa edatera.

Leintz-Gatzagako parrokia-elizak 1954ko abenduaren 27an galdu zuen bere antzinako itxura, oraingoan ere suaren ondorioz. Eliza erre egin zen, eta baita barruan zeuden artelan guztiak ere, erlikiak, esku-izkribuak... Ehunka urteko eraikinetik lau horma bakarrik gelditu ziren zutik, inausitako silarriak bailiren. Baina Gatzagako herriak, nekaezin, parrokia berria eraiki zuen, toki berean, eskortzo berarekin eta multzoaren gainean. Horixe bera da gatzaren herrian gaur egun ikusten duguna.