608 Zenbakia 2012-01-13 / 2012-01-20
Txomin Agirre.
Sortzez ondarrutarra, apaiztu zelarik Zumaiako moja karmeldarren komentuko kapilau izendatu zuten. Kargu lasaia lortu zuen beraz, idazlanerako astia utzi ziona. Artikulu ugari argitaratu zituen garaiko euskal aldizkarietan eta baita biografi libururen bat edo beste ere. Azkueren lagun eta jarraitzailea, Euskaltzaindiaren sortzaileetariko bat ere bagenuen Txomin Agirre. Baina, zalantzarik gabe, bere hiru nobelek, eta batez ere azken biek, eman zioten fama.
“Auñamendiko lorea”-k, Agirreren lehen nobelak (VII. mendean kokatua, Euskal Herria kristautzeko lanak eta borrokak kontatzen ditu) ez zuen interes berezirik sortu. Aurrerantzean, gai historikoak bazter utzi eta bere garaiko giro, kontu eta jendeei helduko zien.
“Kresala” eta “Garoa” ohitura nobelak ditugu. Lehenak, “Kresala”-k, Ondarroa izan litekeen herri arrantzale batean kokaturiko istorioak kontatzen ditu, bizkaieraz. 1901etik aurrera argitaratu zen zatika Euskalerria aldizkarian, eta 1906an liburu itxuran.
Txomin Agirrek trebezia handia zuen idazteko; teknika bikaina, deskribapenetarako maisutasuna eta hizkuntzaren aberastasuna erakutsi zituen bere lanetan.