608 Zenbakia 2012-01-13 / 2012-01-20

Efemerideak

Efemeridea. Antonio Valverde Ayalde Errenterian jaio zen 1915eko urtarrilaren 17an



Antonio Valverde, Ayalde.

Errenterian sortu, urte luzetan Donostian bizi, eta Oiartzunen hil zen Ayalde ezizenez ezaguna zen idazle eta margolaria.

Zuzenbide ikasketak egin zituen Zaragozan. Inprimatze lana zuen bizibidea. Euskaltzain urgazlea eta Euskalerriko Adiskideen Elkarteko kidea izan zen. El Bidasoa, Oarso, La Voz de España, Egan eta Olerti agerkarietan eman zituen argitara lan aipagarrienak.

Valverderen obra nagusiak: Con funts de txistu (1965) eta hil ondoren argitaratutako Ibar ixillean (1970), euskarazko testuak biltzen dituena, dira.

Azterketa lan jakingarri bat ere egin zuen euskal margolaritzaren gainean eta zenbait artikulu idatzi zuen margolariei buruz (Erti Berriak, Picasso, Marc Chagall, Darío de Regoyos). Erretratu asko margotu zuen, euskal kultura gizonen irudiekin. Oleo pinturaz egindako koadroez gainera, bere liburuak ere apaindu zituen. Lizardiren Biotz-Begietan olerki liburuaren bigarren argitalpena ere Valverdek apaindua da.