607 Zenbakia 2012-01-06 / 2012-01-13

Gaiak

Castor NARVARTE, beste amaiera gabeko erbestea

ASCUNCE ARRIETA, José Ángel ZABALA, José Ramón

Hamaika Bide Elkartea. Euskal Erbesteen Kultura Ikertzeko ElkarteaHamaika Bide Elkartea. Euskal Erbesteen Kultura Ikertzeko Elkartea



Castor Narvarte.

Haren jaiolekutik urrun, adopziozko lur berrian, hego hemisferioko uda hastear dagoenean, gure erbesteratu handienetariko bat hil da. Castor Narvarte filosofo, idazle eta azken une arte ideia demokratikoen defendatzaile eta militantea hil egin zaigu. Heriotza joan den asteartean gertatu zaio; haren biografietan 2011ko abenduaren 13an idatzi egingo dugu.

Castor Narvarte zena 1919an Irun-en jaio zen, Errepublikazale eta euskaltzale ideologiako familian. Beste gazte askok bezala, frankistek gerra zibila piztu zutenean, haren gaztetasuna puskatuta gelditu zen. Filosofo honen kasuan, hemezortzi urte zituenean Kataluniatik penintsulara itzuli zen eta Errepublikako Batallón Vasco-Navarro izeneko batailoiaren kidea bihurtu zen; aldi berean, Eusko Abertzale Ekintza alderdian sartu zen. Behin gerra galduta Narvartetarrak, gurasoak eta lau seme-alabak, erbestera ihes egin behar izan zuten, lehenengo Parisera eta, handik urtebetera, Txilera non haien bizitza berreraikitzeko aukera eskaini zitzaien. Orbita izeneko itsas ontzi britainiarrean egin zuten Txilerako bidaia eta 1939ko maiatzaren 21an hantxe zeuden. Herrialde hartan negozioak ongi eman zitzaizkien eta urte gutxitan 50 langile izango zituen lantegi baten jabea zen irundarra. Baina lantegi hark ez zituen Castor Narvartek zituen gogo intelektualak betetzen eta, azkenik, erabaki gogor bat hartu zuen: dena saldu eta Txileko Unibertsitatean ikasle gisa sartu zen. Lan trinkoaren urteak etorri ziren orduan, beti haren emaztea izan zen Elena Arregiren laguntzaz. Elena Arregi nazionalitatez txiletarra bazen, haren arbasoak ere euskaldunak ziren.

1954 urtean Castor Narvarte karrera amaitu eta Filosofia Sailaren laguntzaile gisa sartu zen, lan emankorra irakaskuntzan zein ikerketan egiten. Hirurogeiko hamarkadan Municheko Unibertsitatean ikastaro bat egiteko aukera izan zuen. Hortik aurrera Madrilgo Universidad Complutense delakoan matrikulatu ahal izan zen, bertan doktoretza egiteko. Orduan bere herria itzultzeko lehenengo aukera izan zuen eta frankismoak eragindako txikizio kulturala eta politikoa bertatik ondo asko ezagutu zuen. Palmira Oyanguren idazleari eskainitako elkarrizketa batean horrela azaldu zion garai hori: “doktoregoa Madrilen egin nuen, pentsatuz Franko erori eta gero itzuliko nintzela”. Baina Franco ez zen erori; beste hamarkada bat iraungo zuen haren diktadurak. Castor ez zetorren bat horrekin ez ideologikoki ezta ere etikoki. Ondorioz, Txileko Unibertsitatera itzuli zen eta han irakasle lanean zein Santiagoko Euskal Etxearen ekintzetan murgildu zen buru-belarri. Irakaslearen lan intelektuala liburu askoren bitartez zabaldu zen —saiakerak, nobelak, antzezlanak— gehienak oinarri filosofikoko idaztiak. Txilen ere bai beste diktadura odol-isurlea ezagutu behar izan zuen, Augusto Pinochetena, Frankorena bezain ankerra. Eta maila pertsonalean izugarrizko mina eragin zion gertaera: 1993an, auto istripu absurdo batean haren emaztea hil egin zen.

Argazkia: Pedro Oyanguren.

Michele Porciellok, Genoako Unibertsitateko katedraduna zehaztu du Castor Narvarte, Juan David Garcia Bacca eta Eugenio Imaz batera “Euskal pentsalari esanguratsuenetariko bat izan” dela. Agian, horrela ulertu zuen Txileko Santiagoko Udalak Nihilismo y violencia liburuagatik Saiakera Sari Nagusia eman zionean. 2033an Irungo Udalak gure elkartearekin batera, intelektual erbesteratuari omenaldi gisa liburua bi liburukitan argitaratu zuen. Liburu hori eskaintza argigarri batez ireki zen: “Liburu hau lan honetan aritu naizenean buruan izan ditudanei eskaintzen diet: Txileko gazteriari eta euskal herriari”

Bere bibliografia aberatsean bi liburu bereizi nahi ditugu: Perfil biográfico del pueblo vasco (1991) eta La memoria de un pueblo (1999); biek ala biek ondo asko idazlearen kezkak adierazten dituzten. Liburuotan gure herriaren etorkizunaz nolabaiteko baikortasuna ikus daiteke. Horrela, bien lehendabizikoan irakur dezakegu: “el pueblo euskaldún —con inclusión del lado vasco no euskaldún— está en posesión de una cultura peculiar, compleja y de vario interés. Es lo que había que hacer ver: que hay una cultura vasca con estilo propio, seria y en marcha”. Baikortasun bera erakutsi zuen beste hau idatzi zuenean: “la vieja Euskalerria comienza a renacer”. Castor Narvartek gure kultura kosmopolitismotik definitu zuen. Horrela idatzi zuen: “Euskal historiak ezaugarri berezi bat dauka, arrunta ez dena: hein handi batean, emigrante euskaldunei esker, urrutiko eskenatokietan garatu da”. Gizon integratzaile eta ireki hori, gure askatasunaren defendatzailea da, alegia, oraingoan betidanik guregandik aldendu dena. Oxala gure herriak ahazten ez badu eta, ez hori bakarrik, oxala haren ondarea bere osotasunean berreskuratzen badu. Horrela ez bada Castor Narvarte, beste asko moduan, ez da erbestetik inoiz Euskal Herrira itzuliko. Goian Bego.