606 Zenbakia 2011-12-23 / 2012-01-06
Jean-Marie Diharce Lassegue, Iratzeder.
Hamaika urte zituela elizako ikasketak hasi zituen Ustaritzeko seminarioan; han Piarres Lafitte ezagutu eta hark lagundu zion euskara lantzen, izan ere, Iratzederrek ez zuen behar bezala menderatzen. Laffitek Aita Lapitzeren Bi saindu hescualdunen bizia: San Iñazio Loyolacoarena eta San Franzizko Zabierrecoarena liburua eman zion, euskarazko prosa ikas zezan. Iratzederrek eskuz kopiatu zuen liburua eta asko aurreratu zuen euskararen ezagutzari dagokionez. Halaber, Iratzeder Euskaltzaindian sartu zenean, 1967an Lafitteren aholkuari jarraituz egin zuen.
1963an Ezkila argitaretxea sortu zuen Iratzederrek eta hantxe argitaratu zituen lehen poesia-liburuak: Pindar eta lanho (datarik gabea, 1938 eta 1941 urte bitarteko poemak biltzen dituena) eta Argiz argi (datarik gabea, 1947 eta 1957 urte bitarteko poemak biltzen dituena). Beranduago agertu ziren Uhaineri nausi; Biziaren olerkia (Gero argitaletxea, 1983); Biziaren gudaldia (Gero argitaletxea, 1997); Lur sainduan hamar egunez beilari (Gero argitaletxea, 2000), eta Biziaren airaldia (Gero argitaletxea, 2001). Horrez gain, XX. mendeko poesia kaierak (Susa, 2000) antologia-bilduman ale bat eskaini zitzaion. Halaber, misiolari gisa izandako esperientzia abiapuntutzat hartuz 1991n argitaratu zen liburu bat idatzi zuen Hamazazpi hilabete Afrikako bihotzean izenburupean. Belloceko abade-etxeari buruzko istorio bat ere idatzi zuen.
[+] Informazio gehiago