Euskonews Gaztea
Gaiak: Jesus Atxa
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Euskal kultur sustatzaile handia izan zen Jesus Atxa Agirre 1920ko maiatzaren 28an jaio zen Aretxabaletan.
Etxean, euskal giroan hazi zen Jesus bere zortzi anai–arrebekin batera. Halere, hamalau urte zituenean, Durangora bidali zuten bertako jesuitetan ikas zezan; orduantxe hasi omen zitzaizkion handitzen barrenean euskarekiko eta idazteko zaletasunak.
Bi urte igaro zituen Bizkaiko udalerrian; baina gerra hasi zen eta 1936an bertan, Belgika aldera bidali zuten estudiatzen jarraitu zezan. Zortzi hilabetetara, aldiz, Venezuelara joateko abagunea eman zioten, eta maletak eginda Amerika alde hartara ipini zuen noranzkoa. Denboraldi baten ondoren, Kolonbiara abiatu zen sei urtetarako; Goi Mailako ikasketak egin zituen orduan, Filosofia eta Letretan lizentziatuz. Etapa hura amaitu zuenean erabaki garrantzitsu bat hartu zuen: jesuita izateari uztea; hala, bestelako norabidea hartu zuen Aretxabaletako semearen bizitzak.
Euskal Herritik irten zenetik ez zuen kontakturik eduki euskal giroarekin; baina Kolonbiatik Caracasera lekualdatu zen unean tupust egin zuen ezaguna zuen atmosferarekin. Euskal Etxea eta Ion Oñatibia —etorkizunean proiektu ezberdinak konpartituko zituen berarekin— ezagutu zituen. Harekin eta beste lagun batzuekin ipini zuen martxan Argia euskarazko agerkaria, 1946an argitaratuz aurreneko alea. Aitaren baserriaren izena hartu eta Etxaluze moduan sinatu zituen bere idatziak garai hartan Atxak; besteen artean, Euskaldunak Ameriketan sail historikoa sortu zuen. Baina aldizkarian jardutearekin batera, Enpresarien Sindikatuko idazkari lanak egin zituen sosak irabazteko.
Euskal Herrira itzuli zen 1946an bertan eta Elorrio hautatu zuen bizitokitzat. Bertan lan ugari egin zuen, adibidez, herriko haurrei euskararekiko zaletasuna transmititzeko, eta gainera, Elorrioko abesbatzaren zuzendaria izan zen. EAJko militantea zen ordurako baina, bestelako ekintzetan ere parte hartu zuen, ETAko aurreneko agiriak banatuz, kasu.
Bizkaiko Aurrezki Kutxan edota Lince burdindegian egin zuen lan harik eta Funcor kooperatiban toki bat aurkitu zuen arte. Kooperatibaren ikastetxean, Geografia eta Historia irakasten hasi zen, euskara hutsean gainera; 1960ko hasieran langabezian geratu arte jarraitu zuen egiteko hartan.
Edili Argitaletxetik dei bat jaso zuen orduan; ikastolak sortzen ari ziren garaia zen. Atxak, bere euskarekiko militantzia idazteko zaletasunaz bat egin eta haurrentzako irakurgai falta zegoela eta, itzulpengintzari heldu zion orduan beste hainbat kiderekin batera, tartean Ion Oñatibia zegoelarik. Hala, Sagutxo jakintsua, Sagutxo ausarta eta Erbia ta apo–armatua argitaratu zituzten 1962an; Aatetxo itsusia, Mitxiñ’en biurrikeriak, Txano Gorritxu, Hamelin’go Txirularia, Errauskiñe, Ipotx triskaria, Edurnezuri eta zazpi ipotxak eta Ikasbide on bat, 1964an.
Sasoi hartan Durangoko Azokaren sorrera eman zen eta 1965eko aurreneko edizioaren antolaketa lanetan hartu zuen parte Atxak. Eta Ediliko lanaz aparte, Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarien banaketa, harpidetza eta publizitatea eramaten zituen Jesusek Bizkaiko lurraldean.
Ikastolen garrantziaz konturatuta zegoen Jesus Atxa ordurako, eta ideia bera zuten beste lagun batzuekin batera Bizkaia eta Gipuzkoako udalerri ezberdinetan jardun zuen hitzaldi eta abarren bidez ikastolak nola sortu azaldu eta laguntzen. Eta Nafarroaraino ere abiatu zen, bertako lehenengo ikastolaren (San Fermin) sortzaileak zuzendari kargua eskaini eta onartu zuelako; 1970ean hasi zen eta 1984ko ekainean erretiratu. Tartean, beste lurraldeetan egin bezala, Nafarroako herri ugaritan ikastolak sortzen ari zirela eta, Atxak suspertzaile lanak egin zituen, Lizarra, Tafalla edota Olaztin, besteak beste.
San Fermin ikastolako gidaritza utzi zuen erretiroa hartzeko, baina ez zen geldi geratu. Hala, Nafarroako ikastolei buruz dokumentatzen hasi zen, eta artxibo historiko oparoa sortu zuen. Gainera, Jesus Peña. Idazle atxabaltarra (1914–1937) liburuan parte hartu zuen eta EAko bulegoko idazkari lana bere gain hartu zituen 1990ean.
Hainbatetan aitortu zioten bere jarduna Jesus Atxari. Besteen artean, euskaltzain urgazle izendatu zuten 1967an eta ohorezko berriz, 1998an; gainera, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eman zioten 2004an.
Gipuzkoarrak 2007ko urriaren 23an utzi zuen mundu hau, baina euskal kulturarekiko eginiko lanaren arrastoak bizirik dirau.
‹‹Jesus Atxa, Auñamendi Eusko Entziklopedian››