Euskonews Gaztea
Gaiak: Bakea ahotan; gerra doinuak
Ez al zaizue sekula gertatu batzuek bakea hitza ahotan hartzen dutenean gerra doinuak entzun izana? Niri tamalez, sarri askotan!
Herrialde ugari “askatzeko” eta “benetako bakea” eskuratzeko gerrak egin dituzte gizon eta emakumeek historian zehar; hurbileko gertaerei erreparatuz gero, izen ugarirekin egiten dugu topo, Irak Afganistan, Libia... Azkenean, notiziak ikus–entzun–irakurtzen ditudanean ezer ez dakidala iruditzen zait eta hor aurrean mikrofono ofizialetatik hitz egitera ausartzen diren buruzagien hitzek nahasmena sortzen dute nigan.
Aitortzen dut; gaizkile eta zintzoen artean bereiztea kostatzen zait gehienetan. Ez dakit; batzuek ardiak dirudite eta besteek otsoak, baina ezinegona pizten zait barrenean ardiaren jantziari mozorro bilakatzen duen kremailera atzematen diodanean... Desesperatzen naiz. Eta behintzat, nolabaiteko ezinegon horrek kritikoa izaten laguntzen dit, askorengan faltan sentitzen dudan bertutea, hain zuzen.
Eta mikrofonoz igortzen dituzten mezu kontrajarriak —edo hala direla hori iruditzen zait niri— azkar asko ailegatzen dira herritarrongana, komunikabideen eskutik. Eta hedabide horiek ez badute zuhurtziaz jokatzen, panikotik interes faltarako sentimendu abaniko zabala sorrarazteko gai dira, ezbairik gabe. Ez duzue oroitzen? Bada nik gogoan dut Gadafi laguna zela esan ostean, biharamunean etsai nagusi papera eman ziotela; egun batean sinpatia, bestean beldurra sentitzeko gai gara.
Gurera etorrita, hilabeteak dira euskal indiook bakearen dantzan gabiltzala danborren doinuei jarraiki. Horri gehitu, 2011ko urriaren 17an Donostian egin zen Bake Konferentziara hurreratu ziren nazioarteko adituek euren harea–pikortxoa ekarri nahi izan zutela horrenbeste iraun duen gatazka konpontzeko saiakerari. Eta beste behin, onak uste diren horien —zenbait politiko eta hedabide— ahotik entzun dugu nola bertan egondako adituak bat–batean etsai bilakatu diren.