596 Zenbakia 2011-10-14 / 2011-10-21

Elkarrizketa

Lourdes Otaegi. Literatura irakaslea: Euskal pizkundeak kalitate literario handiko idazle belaunaldia ekarri zuen

SILLERO ALFARO, Maider

Donostiako Udalak, Eusko Ikaskuntzarekin batera, Aitzol eta Euskal Pizkundea omentzeko hitzaldi eta mahai inguruak antolatu ditu urriaren 19, 20 eta 21ean Donostiako San Telmo Museoan. Aitzol, Joseba Ariztimuño, hil zeneko 75. urteurrena betetzen da aurten eta hori aitzakia paregabea izan da Euskal Pizkunde kulturaleko mugimendu hura gogorarazteko.

Euskal Pizkundea zer izan zen galdetu aurretik, testuingurua aztertu beharko genuke. Nolakoa zen orduko Euskal Herriaren egoera politiko-soziala?

Bigarren Gerra Karlista bukatu eta Foruen abolizioa gertatu zenetik, euskal kultur munduan kontzientzia hartze identitario baten prozesua abiatu zela aipatzen da. Esan daiteke, beraz, Euskal Pizkundea, modu zabalean, Foruen abolizioarekin batera suertatu zela. Koldo Mitxelenak definitzen du bere Historia de la Literatura Vasca-n, bai karlistek bai liberalek bat-batean konturatu zirela aldaketa sozio-ekonomiko horrek, hau da, joera liberalaren nagusitze horrek, testuingurua aldatu zuela eta euskal kultura esposizio berri batean, modernitatearen aurrean, modu askoz ahulagoan kokatzen zela. Hor kontzientzia hartze bat dator, pixkanaka euskaltzaletasunaren kondizio hartze prozesu bat dakarrena. Hori, Espainiako Estatuko gorabehera politikoaren barruan garatzen doa. Gero, Sabino Aranak alderdi abertzalea sortzearekin, konkrezio ideologiko politiko zehatzak hartu zituen. Hau da, elementu berria sortu zen, abertzaletasunarena, eta horrek molde jakin bat eman zion.

Eta zeri deitzen diogu Euskal Pizkundea?

Esandakoa areagotuz doa eta gerra aurreko epe horretan (1926 - 1930) hasten da halako loraldi prozesu bat. Euskal Pizkundea, zentzu hertsian, 1926 - 1936eko hamarkadari esaten zaio. Aro horretan agertzen dira euskal kulturaren panoraman idazle berriak, aldizkari berriak... proiektu oso bat hedatzen da euskal kulturaren berrikuntzarako eta berreskurapenerako.

Beraz, 1926-1936 urte tarte horri esaten zaio Pizkundea?

Hamarkada hori da intentsuena. Euskal Pizkundeak parekideak ditu Espainiako Estatuko eta Europako mugimendu errenazentistak. Euskal Pizkundea, Kataluniako Renaixença eta Galiziako Rexurdimento senideak dira hirurak; halako nazionalitate txiki batzuen berreskuratze kulturalen mugimenduak. Hedapena du literatur arloan, baina baita ere beste arloetan ere; historian, antropologian, folklorearen berreskurapenean... Horretaz gain, produkzio berriak agertzen dira nozio identitario hori azaltzen dutenak. Momentu horretan berritzailea den arte produkzioa da, baina bereizgarri propioak dituena. Modurik aipagarrienean literaturan gauzatzen da, literatura hori euskaraz egitearen berezitasunarekin; euskara kultur hizkuntza bezala erabiltzen.

“Euskal Pizkundea, modu zabalean, Foruen abolizioarekin batera suertatu zen”.

Euskal Pizkundeak zer suposatu zuen Euskal Herriarentzat? Zer eman dio gure gaur egungo kulturari?

Esango genuke, kalitate handiko belaunaldi literarioa ekarri zuela, Olerkariak. Euskal literaturaren arloan Pizkundeko idazleak oso desberdinak dira aurreko poeta erromantikoetatik. Ezaugarri berritzaileak dituzte eta anbizio literario unibertsalista batekin hasten dira literatura egiten. Beraz, proiekzio aldetik, lehenengo aldia dela idazle hauek pentsatzen dutela munduari begira ari direla, hizkuntza txiki batean ari direla baino lehenengo lerroan, besteekin parean jokatzen ari direla eta izpiritu horrekin egiten dute lan. Kasu honetan anbizioa eta lorpenak ezkondu ziren eta emaitza hori zutik dirauen balore literario bat da. Alde horretatik esan dezakegu oraindik ere balioztatu dezakegun altxor bat osatu zutela.

Aitzol al da mugimendu horren pertsonaiarik zentralena? Berari eman al geniezaioke Euskal Pizkundearen aitatasuna?

Aitzolek protagonismo handia hartzen du promotore gisa. Bera ez da idazlea, euskaraz idazten zuen baina ez zeukan trebetasunik, bere formazioagatik gaztelania askoz ere gehiago erabili zuen profesionalki Euskal Herritik kanpo ibili baitzen. Baina antolaketa eta promozio lanean parekorik ez zeukan. 1930ean Euskaltzaleak deituriko erakundearen gidaritza hartu zuenean bazekien gizartean eragiten, diru iturriak bilatzen eta promoziorako beharrezkoak ziren aktibitateak oso ondo antolatzen; hala nola sariketak, publikazioak, txapelketak, jaialdiak eta abar. Hau da, literaturak bere merkatura iristeko behar zituen prozesu horien antolatzaile bezala protagonismo osoa dagokio epe horretan (1930-1936).

Aitzol Gasteizko apaiztegian egon zen, bertan hartu-emanak izan zituen euskal kulturan garrantzia izan duten beste pertsonaiekin. Beharbada horrek bultzada eman zion?

Bai, garbi esan daiteke. Jesuitetan ikasten hasi zela, hartu emana izan zuen Orixerekin, baina desadostasunak sortu ziren. Antza denez jarraibidea itxi zioten Josulagundian eta hala Gasteizko mintegira joan zen. Han bat egin zuen Barandiaran eta Lekuona bezalako irakasleekin eta, dudarik ez dago euskaltzaletasunean aurrera besterik ez zezakeela egin horrelako bi maisuekiko harremanean. Lekuonarekiko harreman hori uste dut bereziki determinantea izan zela bertsolaritzari buruz egingo zuen lanarekin.

Haiengandik ikasi zuen bagenituela herri bezala ezaugarritzen gintuen kultur elementu batzuk, tradizio batzuk, osagarri batzuk identitate horri halako kultur nortasun bat ematen ziotenak. Baina Lekuonarena definitiboagoa dela uste dut; Lekuonak euskal herri literaturaren berri eman zion eta bertsolaritzaren ezaugarriekin familiarizatu zuen Aitzol. Modu horretan bera ohartzen joan zen euskal literaturak bazuela bere tradizio propioa, bazituela berezkoak ziren ezaugarriak aitormen bat merezi zutenak. Eta hortik etorriko da 1935-36an bertsolari txapelketetan gauzatuko den asmo hori. Batetik, aitormena zelako euskal literatura ahozko literatura bat izan zela, eta bazituela bere figurak eta bere ezaugarri propioak eta bestetik, bazekielako horrek publiko zabalarekin konektatzen zuela. Publikoa euskal kulturaren manifestazio berrietara hurbiltzea nahi zuen eta bertsolaritzaren bidea aukeratu zuen.

“Euskal literaturaren arloan Pizkundeko idazleak oso desberdinak dira aurreko poeta erromantikoetatik. Ezaugarri berritzaileak dituzte eta anbizio literario unibertsalista batekin hasten dira literatura egiten”.

Gaur egun geroz eta publiko zabalagoa duten txapelketak...

Dudarik gabe. Momentu horretan sortu ziren eta gaur egun dituzten ezaugarrietako batzuk orduan finkatu ziren. Bertso sariketak lehenagotik ere bazeuden, Iparraldean hasita Lore Jokoan deitzen diren ospakuntzak, baino bertso idatzien txapelketak ziren. Jakina, gero bertso horiek inprimatu, zabaldu eta kantatu egite ziren, baino bat-bateko zuzeneko saioen txapelketa egiteko ideia hori Euskal Pizkundearen sasoian sortu zen. Asmoa izan zen bertsolaritzaren aktibitate horri ezaugarri berriak itsastea. Batetik maila jasoa, gaiak berritzea, zailtasun puntuak... eta bestetik, bertsolarien izena eta aurpegiak publiko zabalari ezagutzera eman. Horretarako erabili zituen irratia, prentsako argazkiak... Ezagunak egin dira, adibidez, garai bertsolarien argazki horiek Aitzolen ondoan eserita.

Euskal Pizkundea ez zen bakarrik literatura eta bertsolaritzan eman. Garai horretakoak ere beste hainbat aldizkari, erakunde kulturalak eta abar dira.

Dudarik gabe kulturaren arlo guztietan jardun nahi zuten eta horretan Eusko Ikaskuntza da nortasun betea daukana. Eusko Ikaskuntza zientzia arlo desberdinetan landu nahi zuen euskal identitatearen alderdiak, euskarazko irakaskintza eta Euskal Unibertsitatea amestuz. Hau da, euskal historiaren arloan, soziologian, pedagogian, elebitasunean eta abar. Literaturaren arlora mugatzekotan, genero desberdinen promozioan jardun nahi zuten. Bereziki poesiaren arloan lortu ziren emaitzarik ikusgarrienak, baina berdin antzerkiaren arloan, narratibaren arloan... jardun nahi izan zuten. Gertatzen dena da poesian lortu zirela emaitzak epe laburrean eta egia da protagonismo gehiago eman zitzaiola poesia produkzioari batez ere pentsatzen zutelako publikoak modu zuzenagoan, hunkigarriagoan konektatzen zuela poesiarekin. Nahiz eta antzerkia, esate baterako, oso publiko izan, batez ere Donostian baina baita herrietan ere. Antzerkia zen aktibitaterik hurbilenetako bat, baina exijentzia handiak zituena. Antzerki obra bat idaztea ez da egun batetik bestera egiten, ez da inprobisatzen, aktoreak behar dituzu, buruz ikasi beharreko gaiak, inor ez zen profesionala...

Desberdin garatu al zen Pizkundea Euskal Herriko lurralde edo herrialde desberdinetan?

Esango genuke baietz. Aitzolen jardunbidea batez ere Donostian kokatu behar dugu. Donostia da Euskal Pizkundearen egoitza, neurri handi batean, bera Donostian bizi zelako, bere aktibitateak Donostian ateratzen den El Día egunkariaren bitartez ematen zituelako ezagutzera, bertan jasotzen zituen originalak eta bertan egiten zuen publikatzen zenaren kontrol guztia... Bestetik, Donostian zuen ere Argia hamabostekaria, garrantzi handiko prentsa bitarteko bat. El Día-n euskara gutxi erabiltzen zuten, baina Argia oso osorik euskaraz zen. Hor aritu ziren kazetariak izan ziren 31tik aurrera irrati saioak egiten hasi zirenak euskaraz Donostiatik. Beraz, alde horretatik Pizkunderen hainbat zutabe Donostian kokatuta daudela. Bilbon beste foku garrantzitsu bat dago: Han daude Eusko Alderdi Jeltzaleari loturiko hainbat erakunde kultural oso eraginkorrak, bere modura. Hau da, Euskerea bezalako aldizkaria, Euzkadi egunkaria, tradizio gehienekoa eta eragin handia zeukana, Bilbon zegoen Euskaltzaindia eta bertako eragile bezala Azkue... beraz, esango genuke Pizkundeak bi fokotan dagoela baina Aitzolengan zentratzen bagara batez ere Donostian aritu zen. Ezin ahantzi halere Baionako aldizkarien eragina ere, aipagarriena Eskualduna asterokoa (1987-1944) Jean Hirart-Urrutyk gidatua

Aitzol aipatu dugu, baina ze beste autore koka genitzake garai honetan?

Aitzolek lan egin zuen Euskaltzaleak erakundean. Eusko Ikaskuntzaren babesean sortu zen 1926an, Euskaltzaindia bezala (1918an). Bere funtzionamendu guztia Eusko Ikaskuntzaren bitartez egiten zuen, bazkidetzea, informazioa zabaltzea, bilerak... eta 1930ean, Aitzolek hartzen duen arte, gidari izan zuen José María de Agirre, Lizardi. Lizardi izan zen Euskaltzaleak lehenengo proiektuaren moldatzailea. Berak kontrolatu zuen sasoian bottom-up deritzon formularekin jokatzen du; behetik gorako eragina sortu nahi du, erakundeetaraino. Lizardik Euskaltzaleak muntatu zuen bezala herrigintza bat zen, hau da, herrietan batzordeak eratu, aktibitateak pentsatu eta Euskaltzaleaken laguntzaz hedatu. Modu honetan askoz aktibitate errotuagoak ziren. Garrantzi handia ematen zion euskal eskolak sortzeari, eragin egin nahi zuen bereziki euskararen kontserbazioan baina belaunalditik belaunaldirako kontserbazio horretan eskolari ematen zion protagonismoa eta emakumeen inplikazioa ezinbesteko jotzen zuen, eta horretarako kanpainak bultzatu zituen. Bestalde, Euskal prentsa garatu nahi zuen eta Argia astekaria egunerokoa bilakatu nahi zuen. Bere proiektuek, beraz, zenbait konkrezioa dituzte.

Esango genuke Aitzol Euskaltzaleak hartzen duenean goitik behera eratzen den kultur aktibitatea egin zuela. Izan ere, Aitzolek dirubideak bilatzen ditu, horiekin erakundeak sortzen ditu, periodikoa, adibidez. Egunkaria goitik behera kontrolatu dezake eta horren bitartez herriarengana bidaltzen du antolatzen dituen aktibitateen berri. Esango genuke, mugimenduaren beste norabidea bultzatzen dakiela: erakunde literarioen bidezko euskaltzaletasuna eragiten daki. Bi norabideko jarduerek epe luzeagoan lan egin ahal izan balute, emaitzak ikusgarriak izango ziren, baina gerra etorri zen.

“Euskal emakume idazleen etorrera oso loturik dago euskaltzaletasunarekin”.

Aitzol, Lizardi... besterik?

Euskaltzaleak erakundeak antolatzen zituen aktibitate horietan, bai lehenengo fasean bai bigarrenean, sortu ziren figurak. Antzerkiaren arloan Antonio María Labayen, poesiaren arloan Estepan Urkiaga, Lauaxeta, Lizardi bera, Orixe, Luis de Jauregi apaiza... Juan Arana Loramendi gaztea... eta beste hainbaten izen.

Emakumeek ere garai honetan hasi ziren garrantzi berezi bat izaten. Mundura atera ziren haiek ere idazteko kapazak zirela erakutsiz.

Emakumearen partizipazioa euskal literaturan oso funtzio isolatua izan da, kondizionamendu jakin batzuekin ematen dena, baina modu zabalean, belaunaldiak eta idazle taldeak garatzen diren momentua hauxe da. Neurri batean euskararen instituzionalizatze prozesuarekin lotuta dago. Euskaltzaleak baino lehenago esango genuke, garbi-garbi, Eusko Alderdi Jeltzalearen barne prozesu horretan pixkanaka konturatzen direla emakumeak duen funtzioaz irakaskuntzan eta famili giroan. Hau da, euskararen transmisioan ezin utziko katebegia dela, bai seme-alabei transmititzeko eta bai euskal eskoletan irakasle izateko.

Orduan hor hasten da emakumea protagonismo bat hartzen eta protagonismo horren izenean leku bat ematen zaio prentsan, irratigintzan, eta jende aurreko ekitaldietan. Adibide bat aipatzeko, 1930ean, Donostiako Victoria Eugenia antzoki dotorean egin zuten “Emakumeak euskarari maite-agurra” izena zuen ekitaldia. Zergatik emakumeak eta ez beste guztiak? Garbi dago, aipatu dudan funtzio horien izenena euskararen iraupenaren proiektuarekiko emakumearen atxikimendua lortu nahi dute, ezinbesteko elementutzat daukatelako. Belaunaldiz belaunaldiko transmisioan euskarak iraupenenik izango badu, emakumeen ahotik pasa behar duela konturatzen dira. Ez daukala bestela irauterik.

Ez da alderdi feministen izenean gertatzen den zerbait, baizik eta funtzionalitateak eskatu zuen zerbait. Hau da, euskararen iraupenarekin identifikatuta eta sinestuta zeuden abertzaleak garbi ikusi zuten beharrezkoa zela emakumeen inplikazioa. Eta inplikazio hori lortzeko protagonismoa eman behar izan zitzaien, leku bat eman zieten komunikabideetan eta idazteko eskatu egin zitzaien. Lehenengo emakume idazleak agertzen dira 1922an EAJ-k sortutako Eusko Emakume Abertzale Batzan. Autonomoa da, emakume idazleak bultzatzeko eta aktibitate ezberdinetara eramateko, baina gutxi edo gehiago, lehenengo sustatzailea hori da. Gero, emakumeak arlo profesionalera ateratzen direnean, irakasleak dira horietako asko eta asko, ikusten dute arlo batean non nor badiren, ahots bat duten eta arlo funtzional horietatik (ama eta irakasle) pixkanaka bidea irekitzen joaten zaie. Batzuk idazle bezala bidea egiten, beste batzuk hizlari, edo errezitatzaile. Esate baterako, esan dudan Kursaaleko ekitaldi horretan Barrena andereñoa eta beste nabarmendu egiten dute. María Etxabe zarauztarra “Emakumea eta euskara” hitzaldiarekin hasi zen, baina pixkanaka filosofiaz eta existentzialismoaz hitz egiten eta idazten jarraitu zuen. Beraz, hasi Emakume Abertzale Batzatik hasten da, eskatu egin zaiolako idazle euskaltzaleen merkatura etortzeko, baina behin taula ganera igoz gero, lekua hartzen doa eta epe luzeagoa izan balu dudarik gabe figurak garrantzitsuagoak sortuko ziren, liburuak argitaratzera iritsiko zirenak...

Hau da, emakumearen partaidetza ez zen modu naturalean gertatu...

1930ean gertaera garrantzitsua gertatzen da. Espainiako kongresuan sufragio femenino onartzen da eta konturatu ziren hor zeudela beste hainbat eta hainbat boto eta horiek irabazi egin behar zirela. Boto merkatu bat bezala agertu ziren emakumeak eta horregatik hasi zen emakumeari protagonismo gehiago ematen. Momentu horretan esaterako, Eusko Ikaskuntzan, bat-batean, emakume gehiago sartu ziren, prentsan emakume firma gehiago zeuden. Orokorrean konturatzen ziren zenbait sentimendu transmititzeko eraginkorrak zirela emakumeak, batez ere amatasuna, famili baloreak, baina hizkuntzarekiko afektua eta ideologia abertzalea helarazteko ere bai... Ez zen modu naturalean gertatu, baino interes horien ondorioz lehen emakume idazleak agertu ziren plazara. Lourdes Otaegi (Beizama, 1959) Euskal Filologian doktoretza atera zuen 1993an Deustuko Unibertsitatean (Bilbon). Gaur egun Irakasle da Euskal Herriko Unibertsitatean, Literaturaren Teoriaren arloan. Xabier Lizardiri buruzko zenbait liburu, saiakera eta artikulu argitaratu ditu, bai eta guda-aurreko Pizkunde mugimenduaz eta bereziki Orixe eta Aitzoli buruz. Era berean, gure garaiko zenbait idazle ezaguni buruzko azterketa-lanak egin ditu, gehienbat olerkiaren arloan; besteak beste, Jon Mirande, Joseba Sarrionandia, Xabier Lete eta Bernardo Atxagari buruzko iruzkinak eta saiakerak eman ditu argitara liburuetan, aldizkarietan. Bestalde, euskal literaturari buruzko ikuspegi orokorrak eman ditu ezagutzera Internet eta formatu digitalean.Iturria: utriusque.com