592 Zenbakia 2011-09-16 / 2011-09-23

Elkarrizketa

José Luis Rebordinos. Donostiako Zinemaldiaren Zuzendaria: Donostiako ikusleak beste hirietakoak baino trebatuagoak dira

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Donostia Zinemaldiko 59. edizioa hasi baino egun batzuk lehenago elkartzen gara José Luis Rebordinosekin. Atzerako kontaketak hasi da eta hori nabaria da Zinemaldiko bulegoetan. Zuzendariak eta bere lan-taldeak daramaten erritmo azkarra eten egiten dugu une batez eta Zinemaldiak duen zuzendari berriaren bulegoan arnasten den ilusioaz eta pasioaz kutsatzen utzi gara.

Lehen aldia duzu zuzendari gisa, baina 15 urte daramazu Donostia Zinemaldiko Zuzendaritza Batzordean, eta, beraz, azken orduko urduritasun hori ez zaizu berria izango...

Ez naiz pertsona urduria era honetako egoera bati aurre egitean. Lan-presio handi baten pean gaude, baina ez nago bereziki urduri. Erantzukizun handi bat eta ilusio handi bat sentitzen ditut.

Zinemaldi honetan, jakina, nabarituko da zure eskua zuzendaritzan, baina Zinemaldiaren azkenaldiko bideari jarraitu diozu ala eten egin duzu?

Ez dut eten bidea, ni neu ere Zinemaldi honen historiaren parte bainaiz. Mikel Olaziregiren urteetan, Zuzendaritza Batzordearekin batera aritu naiz, eta, azken urtean, Zuzendariaren alboko gisa, eta neu ere bat nentorren programazio-eskemarekin, baina iruditzen zait badela bilakaera logiko bat. Urtero saiatu gara bilakaera bat izaten, eta, batik bat azken urteetan, ahalegin handia egin dugu krisiari aurre egiteko. Aldaketa bat heltzen denean, onar daiteke bilakaera hori apur bat bizkorragoa izan dadin, eta, iraultza bat egin gabe ere, gauza berri batzuk proposa daitezke, betiere dauzkagun baliabide ekonomikoen barruan, ez baitira oso ugariak.

“Erantzukizun handi bat eta ilusio handi bat sentitzen ditut”.

Argazkia: Diario de Noticias. Ruben Plaza.

Nabarituko al dituzte ikusleek ekarpen berri horiek?

Ikusleek sumatuko dute Zinemaldiak programazio gehiago duela, programazioa askotarikoa dela, sail batzuk handitu direla, eskaintza zabalagoa dela... Iruditzen zait, gainera, oso urte ona dugula aurten, zuzendari garrantzitsuen film franko ikusiko baitira Donostian. Izango da alderdi alaiagorik edo jai-girokoagorik ere: gaueko saioak, zinemaren eta gastronomiaren gaia, edo gai baten inguruko afariak; irekiera- eta itxiera-jaiak berreskuratu ditugu, halaber, eta babesleak aurkitu ditugu haien kostuaren zati handi bat ordaintzeko. Beraz, nabarituko dira aldaketa batzuk arlo batzuetan, zuzendari batek eta haren taldeak joera bat ezartzen baitute beti beren nortasunarekin.

Poliki-poliki, industria sendotzeko ahaleginetan ari gara, nahiz eta, dena ongi joanda ere, hori hurrengo urteetan nabarituko den gehiago, baina ikusleek gutxiago sumatuko dituzten gauzak izango dira. Izozmendi batekin bezala da; ikusleek kanpoan dagoen zati txikia bakarrik ikusten dute, baina ez da ikusten barnean dagoen guztia. Jendea Canneseko edo Berlingo zinemaldiez ari denean, Jauregiko proiekzioak, Sail Ofiziala, edo zinemaldira joandako izar handiak aipatzen dira, baina inork ez du aipatzen Canneseko merkatu handia, eta merkatu ikusgarria da. Canneseko merkatuak gure Zinemaldi osoak baino aurrekontu handiagoa du. Jende arruntak, ordea, ez du ikusten hori, eta kritikak ere ez du aipatzen, alderdi hori profesionalentzat baita. Canneseko merkatua bera zinemaldi garrantzitsu bat da, eta berdin Berlingoa, nahiz eta txikiagoa izan. Zinemaldiaren alderdi horretantxe saiatu behar dugu geuk ere, alderdi garrantzitsuak baitira etorkizunerako.

Ikusleen parte-hartzea sustatzea eta Zinemaldia gazteengana hurbiltzea ere maiz aipatzen dira.

Hasi garenetik, ikusleengana gehiago hurbiltzen saiatu gara. Jadanik ikusleengandik hurbil dago Zinemaldia; badira 150.000 ikusle hor, eta ikaragarri da hori. Baina, adibidez, kartelen hautaketa lehiaketa ireki bat izan zen; sare sozialak handitu egin ditugu iazkoekin alderatuta; atzo bertan, azkenean, Twitter-en sartu naiz, eta bloga ere, nahiz eta orain apur bat bertan behera utzita egon, bizi-bizi izango da urritik aurrera, eta gure komunikazio formetako bat izango da. Bada gazteen aldeko politika erasokor samar bat ere: deskontuak, euro bakarreko txartelak, zozketak, etab. Gogotik ari gara lanean, Zinemaldia ikusle guztiengana, baina bereziki gazteengana, hurbiltzeko.

Zinemaldiaz garbi hitz egiteko ahalegina egiten ari naiz. Iruditzen zait ez dugula egin lan pedagogikorik orain arte, eta topiko ugari dago gaiaz. Ni gardentasun osoaren alde naiz; ez dut inolako informaziorik ezkutatzen, izarren bisitei buruzko xehetasunak salbu. Jendeak aurrekontuez edo arazoez galdetzen duenean, nik ez dut inongo kontatu ezinik, eta iruditzen zait ona dela hori. Bada uste oker bat, jende askori iruditzen zaio musu-truk jatera eta tapiz gorri baten gainean harro-harro ibiltzera etortzen dela Zinemaldira. Baina Zinemaldia oso kultura-hitzordu garrantzitsu bat da, eta, bestalde, negozioa eta aberastasuna sortzen diren leku bat. Horregatik iruditzen zait azaldu behar dela dena ongi. Beharbada, ez dugu egin, eta saiatu behar dugu. Horixe dut helburuetako bat: Zinemaldia hobeto azaltzea atetik kanpo daudenei.

Hau da, ez gaitezela gera glamour-aren kontu hutsarekin...

Hori da. Hobeto azaldu behar da sortzen dena, eta horrek zer eragin duen hiriko ostalaritzan, eta hiriko nahiz lurraldeko beste industria batzuetan… Orain arte, ez dugu egin; nago oso lotsatiak izan garela, eta, batzuetan, beldur pixka bat ere eman digula, eta iruditzen zait ez dugula ezeren beldur izan behar. Sinetsita bagaude egiten ari garen lana —huts eta guzti, halakoak ere izaten dira eta— ongi dagoela, iruditzen zait gardena izatea ez dela inongo arazo. Gainera, zerbait gaizki egiten ari bagara eta esaten badigute, ikasi egin behar dugu geure hutsetatik, eta erne ibili behar dugu zer eskain diezaguketen kanpotik. Zinemaldian zuzendaritza berria sartu zenetik, lehiaketa publiko guztietako epaimahaian bada gutxienez Zinemaldiaz kanpoko pertsona bat, egiten duguna zaintzeko eta, aldi berean, kanpotik beste ikuspegi bat eskain diezagun. Eta gardentasun-ildo horri arlo guztietan jarraitu behar diogu.

“Ahalegin berezi bat ari gara egiten, Zinemaldiaren hurbileneko industriari leku bat eskaintzeko, axola baitzaigu industria hori, eta gure autonomia erkidegoarekin lotuta baitago”.

Argazkia: Festival Internacional de Cine de San Sebastián.

Zinemira saila euskal zinemari bakarrik eskainita dago. Gure zinemak sail berezi batez “babestuta” egon behar al du?

Iruditzen zait baietz. Zinemaldi guztiek dute tokikoarekin lotutako sail bat. Sitges-ek badu zinema katalaneko sail bat, Montrealek badu zinema kanadarreko sail bat, eta geuk ere badugu Made in Spain saila. Ahalegin berezi bat ari gara egiten, Zinemaldiaren hurbileneko industriari leku bat eskaintzeko, axola baitzaigu industria hori, eta gure autonomia erkidegoarekin lotuta baitago. Iruditzen zait jokabide ona dela, eta, gainera, ez dio inongo kalterik egiten espainiar zinemari ematen zaion laguntzari. Hemengoa espainiar zinemaren zati bat da, eta tratamendu espezifiko bat eduki dezake. Gainera, kontuan eduki behar da laguntza publikoen % 75 euskal erakundeetatik datorkigula.

Nolakoa da euskal zinema, egun? Osasuntsu al dago? Bada mugimendurik, gutxienez...

Hain lurralde txikia edukita, oso osasun ona du, nire iritzian. Aurten, film bat izango dugu Sail Ofizialean: Bertsolari; beste bat, Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean: Urte berri on, amona!; Enrique Urbizu zuzendaria izango dugu lehiatzen, No habrá paz para los malvados filmarekin, nahiz eta ekoizpena ez den espezifikoki Euskal Herrikoa. Gainera, hor dugu Zinemira saila, non zazpi film baitaude, horietako hiru mundu mailako estreinaldiak, eta ez da ahaztu behar kimuak film laburren aurkezpena ere... Urte ona da aurtengoa, eta nago beste urte batzuetan lanak izango ditugula maila horretako aukera bat biltzeko.

Euskal zinemako beste belaunaldi baten aurrean gaude, eta zuzendari talde garrantzitsu bat dugu. Bai Uriberen (Imanol), Olearen (Pedro) eta abarren belaunaldi hark, bai haien ondorengo Juanmaren (Bajo Ulloa), Alexen (de la Iglesia) eta Urbizuren (Enrique) belaunaldiak, badute jadanik ospe bat, sendotuta daude, eta haietako gehienek Euskaditik kanpo ekoizten dute. Orain, beste belaunaldi bat ari da sortzen, Moriarty-k, Carlos Juárezek eta abarrek ekoitzitako filmekin, Goenaga, Garaño, Telmo Esnal, Asier Altuna eta beste zuzendari batzuekin; beste belaunaldi bat ari da lanean orain, odol berria ekarri dute lanbidera, eta, egia esan, iruditzen zait une ona dela.

Zer gomendatzen diguzu 59. Zinemaldi honetarako?

Hasteko, Sail Ofizialetik behintzat, ezin dut bat gomendatu besteen gainetik; guretzat, guztiak berdinak dira, lehiatzera baitoaz. Ikusle motaren mendean dago gauza: zinemara gutxitan joaten denari baina Zinemaldira joatea atsegin zaionari, nik esango nioke gaueko edozein festa edo Kursaaleko Sail Ofizialeko edozein film gustatuko zaiola, eta Perletako edozein ere bai. Zinemara maiz joaten denari eta gero estreinatuko diren filmak areto komertzialetan harrapa ditzakeenari, esango nioke arriska dadila, bila dezala opera primen artean, Horizontes-en, gainerako sailetan; gustatuko zaizkio film batzuk; beste batzuk, ez, baina ziur nago harrituko dutela. Baina ikusle motaren mendean dago hori hein handi batean.

Gainera, zinemaldi honek era guztietako ikusleak ditu.

Ikusle guztien gustuak ezagutu beharko nituzke, gomendio zehatzagoak egiteko. Nik film asko ikusi ohi dut, eta, gutxi edo asko, badakit nondik datorren zinemaldi batean aurkezten den guztia; baina, oraindik ere, itsuka joaten naiz ahal dudan guztietan, batik bat opera primak direnean. Beharbada, gutxik harrituko naute, are zinemaldi garrantzitsuetan ere, baina interesatzen zaidan hori aurkitzen dudanean, ustekabe handi bat izaten da, eta txundituta uzten nau. Oso pozgarria da hori; niri arriskatzea gustatzen zait, eta gauza onak aurkitzea,

Beti esan da Donostiako Zinemaldiko ikusleak oso onak direla. Zergatik izan daiteke?

Nik esango nuke ikusleak mota askotakoak direla. Baina egia da, bai, Donostia hiri berezia dela maila horretan. Bai Zinemaldiagatik beragatik, bai Donostia Kulturan urte osoan egiten diren jarduerengatik, bai Kresala Zinema Elkarteak urteetan egin duen lanagatik, hemengo ikusleak askoz jantziago daude antzeko beste hiri batzuetakoak baino. Horregatik, ez da harritzekoa hurbileko hiri batzuetan sartzen ez diren jatorrizko bertsioko film batzuk edo autore-film batzuk Donostian arrakastatsuak gertatzea. Donostian, era guztietako ikusleak dituzu, baina bada jende multzo handi bat, antolatzen den guztira joaten dena, programazioak ezagutzen dituena, zinema asko ikusten duena... eta ikusle multzo hori oso ona da Zinemaldirako. Izan ere, filmak aurkeztera —adibidez, Zabaltegira— etortzen diren gehienak pozik eta harrituta joaten dira; lehenik, aretoak beti beteta daudelako, eta, bigarrenik, sortzen diren eztabaidengatik. Ikusleria oneko zinemaldi baten ospea dugu munduan, Berlinek bezala. Aldeak alde, konparatu egin ohi gaituzte, ikusleek garrantzi handia baitute bietan, eta oso pozgarria da hori.

“Ez da harritzekoa hurbileko hiri batzuetan sartzen ez diren jatorrizko bertsioko film batzuk edo autore-film batzuk Donostian arrakastatsuak gertatzea”.

Argazkia: Diario de Noticias. Ruben Plaza.

Zinemaldi guztietatik, ba al duzu filmen bat bereziki gogoan?

Gogoan dut Marrazoa filma (Spielberg) ikusi nuela, eta liluratu egin ninduen. Erabateko maisulana iruditu zitzaidan, sekulako beldurra sortu zidan, eta handik urte batzuetara ezagutu nuen fenomeno zoragarri bat erakutsi: generoko zinema ona; hots, konbentzio batzuk errespetatzen dituena, gero haiek gaindituta eta gaiaren anekdota hutsetik harago joanda diskurtso bat sortzeko.

Oso gogoan dut behin Trueba areto zaharrean eman zuten Loriaren bidezidorrak filma (Kubrick). Debekatuta egona zen, eta liluratu egin ninduen. Intolerantziaren, militarismoaren eta muturreko nazionalismoaren aurkako lanik zoragarrienetako bat iruditzen zait, eta ederki erakusten du noraino eraman gaitzakeen fanatismoak. Film bikaina da. Bertan, pertsonaia batek sekula ahaztu ez dudan esaldi bat dio: “aberria da pertsona zitalen azken babeslekua”. Oso gazterik ikusi nuen. Grabatuta gelditu zitzaidan, eta zeharo bat nator hausnarketa horrekin. Izan ere, gerraz jositako mundu batean bizi gara; milaka lagun hiltzen dira haietan, eta, egia esan, ez dakite zergatik. Film hark betiko markatu ninduen.

Hainbeste gozatu dut Zinemaldia! Gogoan ditut Diego Galánek hondartzan antolatzen zituen emanaldiak. Umeek bezala gozatzen nituen itsaslapurren filmak. Gogoan dut Auzoak eta Herriak sailean eman zuten Zentzumenen inperioa filma. Uste dut Lasarten izan zela, orain 30 urte. Sos batzuk aurrezten saiatzen ginen, Zinemaldira etortzeko, eta Auzoak eta Herriak sailean film batzuk ikusiz gero, ba, merkeago ateratzen zen. Gogoan dut Lurralde txarrak filma ikusi nuen eguna ere, Terrence Malick-ena. Oroitzapen asko ditut Zinemaldiaren inguruan, eta, gainera, zuzendari handi franko eta askotariko zinema aurkitu ditut berari esker.

Oroitzapen bikainak dituzu…

Zinemaldiak asko eman digu zinemazaleoi. Diego Galánek Zinemaldiaren poza ekarri zuen hirira. Mikeli esker, berriz, Zinemaldia hazi egin zen, garai berrietara egokitu, gaur egun dena bilakatu: zinemaldi handi bat, egitura handiekin lehiatzen dena. Ni Zinemaldiaren eta Kresala Zinema Elkartearen semea naiz. Zinemaldia egiten dugunak profesionalak gara, eta kobratu egiten dugu geure lanagatik. Baina nik miresmen handia diet Kresala Zinema Elkarteari hainbeste urtez iraunarazi diotenei. Sosik kobratu gabe aritu dira beti, eta orduak eta orduak eman dituzte lanean, pozak eta grinak bultzatuta.

Esan duzu Diego Galánek Zinemaldiaren poza ekarri zuela, eta Mikel Olaziregik handi bihurtu zuela Zinemaldia. Nola nahi zenuke jendeak zu gogoratzea?

Galdera zaila da, eta nik ez dut anbizio handirik maila horretan. Nik esaten diet lankideei urrats bat egin behar dugula aurrera, Zinemaldiak ez duela trabatuta gelditu behar edo atzeraka hasi. Nahi nuke Zinemaldia barrutik eta kanpotik aldatu zuen zuzendaria bezala gogora nazaten, edo Zinemaldia etorkizunean eroso aritzeko moduan utzi zuen zuzendaria bezala.

Iruditzen zait eraldaketa bat egin beharko dudala aldaketa-une batean. Zaila da Zinemaldian urte askoan aritzea; gauzak oso ongi joanda ere, ez zait iruditzen hemen erretiratuko naizenik, nahiz eta sekula ezin den jakin. Zinemaldiak zuzendaritza-talde bikain bat dauka, oso zaildua, eskarmentu handikoa, eta horrek halako lasaitasun bat eta halako segurtasun bat ematen dit. Baina iruditzen zait gazte batzuk ere sartu behar ditugula zuzendaritzan, ordezkapena prestatzeko. Odol berria behar dugu zuzendaritzan, mundua beste era batera ikusten duen jendea. Jakina, guk ere izan dezakegu bilakaera bat, baina ni nire historiaren fruitu naiz, nik jadanik ez ditzaket eduki 28 urteko gazte batek dauzkan erreferentziak; nik beste gauza batzuk eskain ditzaket. Zinemaldiak, ordea, behar du gaztetasun hori ere, munduari buruzko beste ikusmolde hori ere; hau da, mundua aldatu nahi duenaren ausardia eta mundua ezagutzen duenaren patxada, biak behar dira. Halere, beti jarraituko dugu ikasten...

“Nahi nuke Zinemaldia barrutik eta kanpotik aldatu zuen zuzendaria bezala gogora nazaten”.

Jose Luis Rebordinos eta Joxean Fernández, Zuzendaritza Batzordeko kidea.

Argazkia: Festival Internacional de Cine de San Sebastián.

21 urte eman duzu Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen zuzendari gisa. Sumatuko duzu haren falta, ezta?

Ez naiz batere mitomanoa, ezta nostalgikoa ere; “nire erreinua mundu honetakoa da” sinesten dutenetakoa naiz. Materialismo dialektikoarekin hazi nintzen, nahiz eta marxismoa orain ez boladan egon. Ez naiz batere amets etereoen zalea. Hasteko, han adiskide ugari ditudalako eta atsegina izan delako dut Astearen falta. Segur aski, huraxe izan da sekula egin dudan gauzarik ederrena, eta adiskide batzuekin Errenteriako King Kong Zinema Elkartea eratzea.

21 urte zoragarri izan dira, eta, orain, jadanik zuzendari ez naizenean, aitortu behar dut, argi eta garbi, Asteak ikusleria aparta duela. Ez da munduan antzeko beste ikusleriarik. Ezin da ulertu Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea ikusleria hori gabe; ikusleria antolamenduaren zati da, emanaldien zati... Hemendik aurrera, ikusle gisa joango naiz, eta adiskide horiek eta giro hori gozatzen jarraituko dut, eta, gainera, lasaiago. Oso hunkigarria izan zen hura uzteko unea, ni Astearekin batera hazi bainaiz; pertsona gisa, profesional gisa, oso garrantzitsua zait, baina ez dut nostalgiarik sentitzen, haren zati izaten jarraituko baitut.

José Luis, zein soinu-banda ipiniko zenioke zure bizitza profesionaleko une honi?

Ni oso jazzalea naiz, eta, beraz, Gato Barbieriren bat ipiniko nuke. Azken tangoa Parisen batago dator nire nortasunarekin, lasaiagoa eta sentsualagoa baita, eta, gainera, zoragarria iruditzen zait. Atsegin zaizkit Gato Barbieriren Latinoamerikako Chapter-ak ere, baina ez datoz hain bat nire nortasunarekin; alaiagoak eta txinpartatsuagoak dira. José Luis Rebordinos (Errenteria, 1961) Pedagogia Berezian lizentziatua. Donostia Kulturako Zinema Unitateko zuzendaria azkeneko 22 urteotan. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Asteko zuzendaria 21 urtez eta Giza Eskubideen Zinemaldiko zuzendaria 8 urtez. Nosferatu liburu bilduma zuzendu du 22 urtez. Beste egile batzuekin batera, hainbat liburu idatzi ditu euskal zinemagileei buruz: Elias Querejeta, Montxo Armendariz, Antxon Eceiza, Julio Medem, Javier Aguirresarobe eta abar. Asiako zinemaz (Shinya Tsukamoto, poeta y guerrillero del cinematógrafo) edo beste zenbait gairi buruz ere (El dolor, los nervios culturales del sufrimiento -Breve historia del cortometraje vasco) idatzi du. 2011ko urtarrilaren 1ean Donostia Zinemaldiko zuzendari izendatu aurretik, zuzendaritza batzordeko kide izan zen hamabost urtez.