589 Zenbakia 2011-07-29 / 2011-09-02

Elkarrizketa

Miren Arzalluz Loroño. Balenciaga Museoko Bidumen arduraduna-komisarioa: Balenciagaren zenbait traje eta soineko erabat perfektuak dira

SILLERO ALFARO, Maider

Cristóbal Balenciaga Museoak ateak ireki ditu aurtengo ekainean. Itxaronaldia luzea izan da, baina badago Getarian jostun baten omenez inoiz eraiki den museorik garrantzitsuena. Cristóbal Balenciaga Fundazioaren helburuetako bat maisuaren lana gordetzea eta zabaltzea da eta horretan Miren Arzalluz asko daki.

Badugu Balenciaga Museoa, azkenean...

Bai azkenean. Lortu dugu!

Luze izan da prozesua...

Bai, oso luzea. Batzuetan luze izateak gauzak hobeto egitea ekartzen du. Alde positiboa ikustearren, behintzat...

Ekainean ireki zituen ateak Balenciaga Museoak. Zer nolako harrera izan du bisitarien artean?

Orain arte ikusi dugunagatik harrera oso ona izan da, arrakastatsua. Jendea gustura dago bai museoarekin bai erakusketarekin eta baita, orokorrean, hemen izaten duten esperientziarekin. Egia esan gehiengoa, behintzat, oso pozik irteten da. Eta gu are gehiago, noski.

Zein bisitari mota gerturatzen da jostun bati eskainitako museo batetara?

Denetatik dago. Beno, onartu egin beharko dugu emakumezkoak gehiago etortzen direla gizonezkoak baino. Hala ere pentsatzen genuen baino gizonezko gehiago etorri dira. Asko eta asko emakumea laguntzen datoz, baina denetarik dago, benetan. Edade guztietako jendea; batzuek ez dakite ezer ere ez modaren inguruan eta hala ere askok disfrutatzen dute erakusketa. Beste batzuek, ordea, Balenciagaren izugarrizko miresleak dira, beste batzuk diseinu ikasleak dira... denetarik. Oso publiko orokorra da eta nik uste denek disfrutatzen dutela modu berean.

Jostun bati horrelako museo bat eskaintzen zaion lehendabiziko aldia da. Beharbada horren falta ere sumatuko zen.

Bai, egia da Christian Diorri egin ziotela museo txiki bat Normandian bere familiaren etxe batean, baina proiektuaren dimentsioa askoz ere txikiagoa zen, pixkat anekdotikoa... Dimentsio honetako proiekturik ez dago; ezaugarri hauek dituen proiektuen artean lehena izan dela esan dezakegu.

Beharbada hemen, gure herri honetan, modaren inguruan sortu den arlo hau berri da: museoetan antolatzen diren erakusketak etab. berriak dira gure inguru honetan eta horregatik nik uste jendeak interesarekin hartu duela. Lehenengo momentu batean eszeptizismoarekin hartu zen baina orain pozik, interesarekin eta gehiago ikusteko gogoarekin; erakusketa berriak ikusteko gogoarekin, soineko gehiago ikusteko gogoarekin eta proiektu honek etorkizunean ekarri ditzakeen gauza berriak ikusteko gogoarekin.

Gaueko berokia. Donostia, 1935.

Argazkia: Cristóbal Balenciaga Museoa.

Miren, guztira 1200 traje ditu Balenciaga Fundazioaren bildumak, baina ez daude denak batera erakutsita. Nolakoa da erakusketaren antolakuntza?

Erakusketa permanente bat dago, hala ere guri “permanente” deitzea ez zaigu batere gustatzen soinekoak aldatu egingo direlako. Hau da, erakusketaren diskurtsoa mantenduko da baina soinekoak urtero aldatu egingo ditugu.

Erakusketa 6 aretotan banatuta edo estrukturatuta dago: Lehenengoa, Balenciagaren hastapenei dedikatutako aretoa, hau da Parisera joan aurretik (1912 – 1936 artean) egindako ibilbide hori erakusten duen gela. Jarraian, Balenciagaren obraren desfila deitzen dioguna etorriko litzateke. Hemen, goi joskintzako etxe bateko desfilean modeloak erakusteko erabiltzen den orden berdina erabili da: lehenengo eguneko soinekoen aretoa, gero koktel soinekoen aretoa, aurrerago gauekoen aretoa eta, azkenik, emaztegaien aretoa. Orden hori jarraituz egiten dugu Balenciagaren obraren desfila. Eta seigarren eta azken aretoan dauzkagu Balenciagaren funtsezko lanak, “Funtsezko Balenciaga” gunea deritzo. Hemen gure bildumatik ateratako aukeraketa berezi bat egiten dugu, non ikusten den, gure iritziz horrela da behintzat, Balenciagaren funtsa: modaren historiaren testuinguruan egindako ekarpen garrantzitsuenak edo bere lanean ikusten ditugun influentzia artistiko nagusienak. Amaiera edo ondorio areto bat litzateke.

Zein da bildumaren jatorria?

Gure bilduma, gehienbat, dohaintzaz osatutako bilduma da. Badaude gauza gutxi batzuk erositakoak, eta beste gutxi batzuk deposituan utzitakoak. Adibidez, Grace Kellyren soinekoak Monakoko Estatukoak deposituan utzitako soinekoak dira. Berez ez dira gure ondarearen parte, baina utzi dizkigute guk erakutsi ahal izateko.

Hau da, jendeak erosi, jantzi eta erabili dituen soinekoak dira gehienak...

Bai, bai. % 99a jendeak erosi, erabilitako eta disfrutatutako soinekoak dira. Bakoitzak bere historia pertsonala du eta hori oso polita da.

Uda partera begira hainbat ekitaldi desberdin antolatu dituzue. Horien artean oso berezia den bat: Museora sartzeko gau-bisitak.

Lehenengo gau-bisita uztailaren 15ean izan zen eta izugarri arrakastatsua gainera. Jendea benetan pozik joan zen. Arratsaldeko 8.30tan ateak ireki eta jendeak erakusketa ikusteko aukera izan zuen; gero afaria eta kontzertua izan genuen. Datozen abuztuan eta irailean horrelako beste bi antolatuko ditugu. Helburua publiko ezberdinera iristea da, modu honetan pertsona ezberdinak hurbil daitezen museora, horregatik musika ere ezberdina izango da.

Oso aukera polita da; lehenengo eta behin Museoa ezagutzeko aukera eta gainera ekitaldi interesgarri batean parte hartzeko aukera.

Zaila egiten zaizue bisitariak erakartzeko ekintzak gauzatzea?

Oraindik hasi baino ez dugu egin... Momentuz egin ditugun ekitaldi guztiak arrakasta izan dute eta harrera oso ona. Hemendik aurrera ikusiko dugu, baina hori edozein museoren erronka nagusietariko bat da eta gure kasuan ez da salbuespen bat izango. Horretan gabiltza.

Miren Arzalluz.

Argazkia: Quintas Fotógrafos.

Miren, zuk asko ikasi eta aztertu duzu Cristobal Balenciagaren bizitza eta obra. Duela ez asko, hain zuzen, liburu bat argitaratu duzu Cristobal Balenciaga. La forja del maestro (1895-1936). Zer da bere pertsonalitateaz gehien erakartzen zaituena?

... Asko dakizunean zaila da bat aukeratzea.

Eta zer da, zure ustez, desberdin egiten dion hori?

Alde batetik pertsona dago eta bestetik artista edo jostuna. Bere lanaren aldetik bisionarioa izan zen, besteekin alderatuta aurretik joan zen, inork ez zuena ikusten ikusi zuen. Silueta historikoa menperatzen zuten garai batean, silueta berri bat asmatu zuen emakumearentzako. Hau da, Diorrek egiten zituen gerri estu eta zurrun horien garaian, Balenciagak silueta eroso, funtzional eta lirain baten aldeko apustua egin zuen. Hori izan zen, azken batean etorkizuna.

Gero, 60. hamarkadatik aurrera silueta hori inposatu egin zen emakumezkoentzako modan. Horretaz gain, Balenciaga ezagutu zuen jende askok bere perfekzionismoa azpimarratu zuen, bere burua gainditzeko zuen ahalmena, arte eta arkitekturarenganako interesa... Niretzako erakargarri diren aspektu asko dago Balenciagaren izaera eta lanean, hainbeste!

Modan adituak ez garenok, Balenciagaren traje bat ikusi eta gaurkotasuna duela pentsa dezakegu. Hori zergatik da? Zuk esan duzun bezala bisionarioa izan zelako edo beste jostunek bere obran inspiratzen direlako oraindik ere?

Bi gauzak. Alde batetik bisionario izan zen eta horregatik bere obrak orokorrean, izugarrizko gaurkotasuna dauka. Eta bestalde, gaurkotasun horrek egiten du jendeak gaur egun bere lanean inspiratzea. Izugarrizko eragina du.

Emakume-trajea. Paris, 1966.

Gaueko soinekoa. Paris, 1957.

Argazkia:Cristóbal Balenciaga Museoa.

Balenciagak esaten zuen “jostun onak arkitektoa izan behar du forman, margolaria kolorean, musikaria harmonian eta filosofoa neurrian”. Zure ustez, zein trajerekin lortu zuen Balenciagak perfekzioa? Zein trajeren aurrean jartzen zera zuk eta diozu, “hau da niri gehien gustatzen zaidana”.

Uiiiii. Azken batean berak buruan zeukana eguneko soinekoak egiterakoan orduan edo gauerako soinekoak egiterako orduan oso desberdina zen. Nire ustez bere ekarpenik garrantzitsuenak eguneko traje eta soinekoetan egon ziren. Batez ere lehen komentatu dudan siluetaren inguruan egindako lanean. Gainera perfekzio teknikoa dago, berak inor baino hobeto menperatzen baitzituen joskintzarako teknikak. Nire ustez Balenciagaren zenbait traje eta soineko erabat perfektuak dira.

Eta horiek daude Museoan ikusgai?

Bai, horietako asko, noski. Miren Arzalluz Loroño (Bilbo, 1978) Historian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatearen eskutik, Politika Konparatuan masterra burutu zuen London School of Economics-en, eta Jantziaren Historiaren espezialitatean Artearen Historiako masterra egin zuen Courtauld Institute of Art delakoan. Jantziaren eta modaren historia da bere ikerkuntza arlo nagusia, eta ildo horretan arreta berezia eskaini dio Cristobal Balenciagari. Gainera, jantziak pinturan duen esangura, historizismoa modan, eta modaren eta identitate politikoaren arteko harremana ere jorratu ditu. Victoria & Albert Museum-en eta Kensingtongo Royal Ceremonial Dress Collection-en lan egin ostean, museoen esparruan eraman du aurrera bere lan-ibilbidea, moda-erakusketen kontserbazioan eta komisario-lanetan hain zuzen. Era berean, Balenciaga Fundazioan kontserbatzaile lanak egin ditu. Gaur egun Balenciaga Museoko Bilduma-arduraduna eta Kontserbatzailea da.