591 Zenbakia 2011-09-09 / 2011-09-16

Elkarrizketa

Joan Ramon Resina. Idazlea: Humanitateak baztertzeak Erdi Aro berri bat eragin dezake sineskeria teknologikoa nagusi duen ingurune batean

AGUIRRE SORONDO, Juan

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Eusko Ikaskuntzak eta Etxepare Institutuak antolatutako Gerra Zibila eta Memoria Historikoa iberiar penintsulako literaturan izeneko nazioarteko mintegian parte hartzera etorri da Donostiara Jose Ramón Resina irakaslea. Egokia dirudi, beraz, Euskadira ekarri duen jardunaldiari buruz galdetzen hasteak.

Mintegiaren helburua da euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz idatzitako literaturaren bitartez 1936-39ko Gerra Zibilaren memoria aztertzea. Esan al daiteke, horrela, urte askotan «bakarrizketan» aritu diren literaturak, neurri batean, «elkarrizketan» jartzen direla eta, gainera, garrantzi handiko gai baten inguruan?

Hala da. Urteak daramatzat behin eta berriro esaten penintsulako kulturek elkarrekin hitz egin, elkarrekin nahastu eta elkarrekin harremanak izan behar dituztela. Frogatuta dago literaturaren eta hizkuntzaren arteko lotura hermetikoan oinarritutako eredu filologiko nazionala ez dela gai ezta ikerketa-eredu horren produkturik landuena ere, literatura-kanona, aztertzeko. Konparatistek betidanik jakin izan dute hori, baina, hala ere, literatura nazionalez bakarrik arduratu dira. Egia esan, horrek adierazten du literatura konparatuak ez dituela filologia nazionalen mugak gainditu. Aitzitik, muga horiek sendotu egin ditu, bigarren mailako kanonizatze-lana burutuz: Goethe, Shakespeare, Dante, Cervantes… Metodologia horren eredu da Erich Auerbach-en Mimesis liburu bikaina, literatura konparatuaren erreferentziazko lana eta, ondo begiratuta, filologia erromanikoaren emaitza onenetako bat.

Mutatis mutandis, literatura nazionalen sublimazio hori, Europar Batasunak arlo politikoan irudikatzen duen gainegituraren parekoa da literatura mailan: Europar Batasunak ez ditu gizarteak ordezkatzen, estatuak baizik. Europa desagertu egiten da Bruselako zulo beltzean, literatura konparatuko departamentuetan hainbat literatura oso-osorik galtzen diren bezala, edota sortzen ari den mundu mailako literaturaren ikasgaiaren baitan hainbat herrialde oso-osorik desagertuko diren bezala.

Zure txostenean, Iberiar Penintsulako literaturan memoria historikoaren azterketak dituen etorkizuneko erronkei buruz hitz egingo duzu.

Nire asmoa apalagoa da. Memoriaren nozioa eta balizko ahanztura aurrez aurre jarri ordez —aurrez aurreko hori normalean termino moraletan azaltzen baita (memoria ona da, ahaztea txarra)— psikoanalisiak erreprimitutakoaren itzulera deitu ohi duen fenomenoa interesatzen zait batez ere. Hala ere, Espainiako aro berriaren historiaren testuinguruan, hori ez dago erreprimitutzat hartzerik, iragan nahi ez duen iragantzat baizik, Wolfgang Mommsen historialari alemanaren esamolde egokia erabiliz. Iraganaren presentzia kontzientzia-terminoetan eta, are gehiago, dokumentazio-terminoetan bakarrik konpontzea, historialariek egin ohi duten bezala, iraganera beren diziplinako arauetatik kanpo hurbiltzen direnei zenbait historialarik egozten dizkien gehiegikeriak bezain desitxuragarria iruditzen zait.

Historialari gutxi dira literaturaren ahalmen epistemologikoa aintzat hartzen dutenak, eta are gutxiago literatur lanetan kontakizun horien osagarri dokumentala baino zerbait gehiago ikusten dutenak. Literaturak, ordea, beste mota bateko dokumentuak baino hobeto helarazten du une bateko espiritua edo mitologia; hau da, gizarte bateko sinesmen, beldur eta sentimenduak, aldi historiko jakin batean.

“Urteak daramatzat behin eta berriro esaten penintsulako kulturek elkarrekin hitz egin, elkarrekin nahastu eta elkarrekin harremanak izan behar dituztela”.

Argazkia: Etxepare Institutua.

Stanfordeko Unibertsitatean, Hizkuntza eta Literatura hispanikoari buruzko ikerketak berritzeko lanari ekin diozu, lehengo paradigma aldatuko duen iberiar esparruko aniztasun kulturala txertatuz. Zein da zure abiapuntuko analisia eta nola antolatuko da «ikuspegi iberiko» berri hori?

Literatura konparatuan bezala, Ikerketa Iberikoetan ere tradizio filologiko handiagoko edo txikiagoko literatura nazionalak dira abiapuntu. Dagoenetik bakarrik abia baitaiteke. Hala ere, azterketaren helburua ez da estetika nazional bat eratzea, horrek praktikan ideologia nazionalistak sendotzeko bakarrik balio izan baitu, baizik eta jatorri desberdina duten baina penintsula honetako bizitza kolektibo dei dezakegunaren imaginarioan bat egin duten tradizio kulturalen arteko harremana edo harremanak aztertzea.

Praktikan, linguistikoki konplexua da iberismoa eta oso gutxi dira horretan bete-betean jarduteko behar adinako hizkuntza-gaitasuna duten espezialistak. Hala ere, oso garrantzitsua da paradigma sortu izana, eta lurra landuta aurkituko duten eta, begi bistakoa defendatzen denbora galdu ordez, lan-tresna egokiak bereganatu ahal izango dituzten iberistak trebatzea.

Beraz, hizkuntza nagusien inguruan osatutako filologia «tradizionalak» bestelako kezka eta sentiberatasunetara zabaldu behar direla ulertu behar al dugu?

Bai, noski. Filologia tradizionalek, baita menderatutako hizkuntzei dagozkienek ere, ez dute Iberiar Penintsulako kulturaren berri osoa ematen; eta ez horietako bakoitzak ikuspegi partziala ematen duelako bakarrik, baita partzialtasun horretatik deskribatu nahi diren gertakariak desitxuratzen dituztelako ere. Adibide bat ipiniko dizut —ez ukaezina, eztabaidagarria baizik—, tradizio kritiko jakin bat zalantzan jartzeak sorraraz dezakeen pizgarria azpimarratzeko.

Luis Martín-Santosen Tiempo de silencio nobela, frankismo garaiko gaztelaniazko literaturaren lehen obra esperimentaltzat hartzen da. Barne-bakarrizketaren teknika erabiltzen du, beharbada Joyceren Ulysses oinarritzat harturik, eta halako eduki existentzialista bat ere badu, baina hori ere ez da inolako berritasuna gerra zibilaren ondorengo nobela iberikoan. Dena dela, sakontasun handiagoko edo txikiagoko forma-kontuak alde batera utzirik, Tiempo de silencio eleberria zentralismo espainiarrari eginiko osoko zuzenketa bat da. Moraltasunik ezaren eta iruzurraren hiri modura agertzen da Madril eleberri horretan.

Nolanahi ere, egile gaztelar bakar batek ere ez du hain kritika zorrotzik egin Estatuko kultura-erakundeen aurka. Martín-Santosen aurretik eta gaztelaniaz, Barojarengan bakarrik aurkituko dugu hiriburuari buruzko antzeko kritikarik. Eta Baroja euskalduna zen. Horra hor aztarna bat. Martín-Santos Marokon jaio eta Donostian hezi zen, euskal kulturak zapalketa handiena jasan zuen garaian. Inguruko errealitatea ikusiko zuela suposatuz, zentzugabea al da halako ikuspegi euskaldunak, edo periferikoak behinik behin, esan bezala garai hartako gaztelaniazko beste ahots batzuetan aurkitzen ez dugun kritika horretarako behar adinako ikuspegia emango ziola pentsatzea? Itxuraz zorrotzak diren filologia tradizionalen metodoetara murrizteak testuen garrantziaren ulermena muga dezakeela iradokitzeko ipini dut adibide hori. Horrek ez du esan nahi Martín-Santos euskal nazionalista zenik —alderdi sozialistako kide izateak baztertu egiten du aukera hori—, Espainiako literaturan bitxikeria izateak, ikerketa-ildo berrietan ausartzea eskatzen duela baizik.

Euskal kulturak zer-nolako interesa du Estatu Batuetako inguru akademikoetan?

Esan liteke oso esparru txikietan geroz eta interes handiagoa duela. Interes hori hispanismo tradizionalean gertatzen ari den eraldaketari eta Ikerketa Iberiko bilakatzeari loturik dago. Eraldaketa horrek, paradigma-aldaketa guztietan ohikoak diren oztopoak aurkitzen ditu, baina pixkanaka geroz eta onarpen handiagoa dute euskal ikerketek, batez ere literaturaren eta zinematografiaren eremukoek, eta lehenengo aldiz gainditu egin dira interes antropologiko edo politologikoak. Zabalkunde txiki eta mugatua da, baina adierazgarri positiboak eta hazteko aukerak ditu.

1978ko Konstituzioan ezarritako arkitektura politikoak «nazionalitate» deiturikoak garatzeko erakunde politikoak sortu zituen. 33 urte geroago, ordea, elkarrekiko mesfidantza nagusi den sistema batean gaude, lankidetzaren eta elkarrizketaren arloetako defizit handiarekin (gaur egun oraindik ere eztabaida bizian ari gara ganbera legegileetan hizkuntzak erabiltzeari buruz). Zertan huts egin dugu, zure iritziz?

Trantsizioa abagunearen zentzuarekin egin zen eta ez uste sendo aldaezinak oinarritzat harturik. Kantek Bake Iraunkorra saiakeran ohartarazi zuenez, hala dagokionean urratzeko aukera zabalik utzita sinatzen diren itunak ez dira lotesleak. Espainiako politikak argi eta garbi erakutsi du, 1978. urteaz geroztik izan duen bilakaeran, pluralismoa mugatzeko asmoa duela, erreferendum bidez zilegitasuna jaso zuen Konstituzioak Estatuaren larrialdia gainditu ondoren. Konstituzio horrek, nazionalitateak egon badaudela onartzen badu ere, aipatu ere ez ditu egiten, eta horien garapena iradokitzen badu ere, praktikan, garapen hori modu zeken eta murriztailean administratu da. Are okerrago, Espainiako alderdi nagusiek eta beren kideko komunikabideek, hots, komunikabide gehienek, nazio aniztasunaren eta hortik eratorritako edo erator zitezkeen bermeen aurkako kanpaina egin dute etengabe.

Konstituzioaren arabera gaztelarrak ez baina guztiz espainiarrak diren hizkuntzak erabiltzeari uko egiten zaio Ganbera legegileetan. Hori milioika herritarrenganako begirunerik eza eta bizikidetzari eginiko erasoa baino askoz larriagoa da; sen onaren arabera, Konstituzioari berari eginiko erasoa da, hizkuntza horiek ofizialak badira beraiei dagozkien esparru politikoetan, ofizialak izan behar baitute esparru horietako herritarren ordezkariak dauden eremu legegileetan ere. Beste era batera esanda, Gorteak ez dira Madrilgo Autonomia Erkidegoaren esparrua, autonomia erkidegoez eta Konstituzioan koofizialtzat aitortutako hizkuntzak dituzten nazionalitateez osatutako estatuaren eztabaida-esparrua baizik. Baina zoaz kontu horiekin Gorteetako presidentearengana edo Auzitegi Konstituzionaleko kideengana...

Arazo horri, integrazio kulturalaren eredua oraindik zehaztu gabe duen XXI. mendeko Europa elkartuarekiko gure txertaketa erantsi behar zaio orain. El post-nacionalisme en el mapa global (2005) liburuan, gai horri buruzko hausnarketa egin eta nazio-estatuek botere politikoaren galera orekatzeko identitatearen bidea sendotu nahi izatearen arriskuaz ohartarazi duzu.

Ez da beldurra, egiaztapena baizik. Zer dira, bestela, gaztelania Europar Batasuneko lan-hizkuntzen artean sartzeko presioak edo ñ hizkia nazioarteko ordenagailuen teklatuetan sartzeko borroka? Zer bestelako justifikazioa ote du Espainiako futbol-selekzioko entrenatzailea nobletzeak? Edota hizkuntza-murgiltzeei edo gaztelania ez den beste hizkuntza bat duten autonomietako hezkuntza-ildoei eginiko erasoak? Edo, beste mota bateko kontuetan, maila guztietako pertsona ospetsuek, Fernando Savater moduko etologoek barne, zezenketak casus belli bihurtu eta, txorakeriatik txorakeriara, gizatasunaren ondaretzat jotzea? Geroz eta histeria nazionalista handiagoko giro horren barruan, zer-nolako lankidetza egon daiteke legezko nazio bakarra berea dela uste duen gehiengoaren eta lehenbailehen desagertzeko eskatzen zaien gutxiengo nazionalen artean?

“Trantsizioa abagunearen zentzuarekin egin zen eta ez uste sendo aldaezinak oinarritzat harturik”.

Argazkia: Eusko Ikaskuntza (Joana Martínez).

Alda dezagun mailaz. Europako gainegiturari eta gainegitura hori osatzen duten nazio-estatuei, Europaren berezko konplexutasuna beren gain hartzeko eskatzen diegu. Baina eskaera horren arabera, guk ere (estatuen mende dauden erkidegoetako bizilagunok) beste horrenbeste onartu beharko genuke, partekatutako nortasun-sare aberats bati Euskal Herria edo Països Catalans esaten diogulako. Ez al dugu, erantzun modura, bestelako unitarismoen sinplifikazio berberetan erortzeko arriskua?

Botere-kontua da hori, baina zintzotasun intelektualari ere badagokio. Edozein mailatan zapaldurik dagoen gutxiengoaren aurrerapena, nahitaez, gehiengoaren kontura egin beharko da. Bota batek zapaltzen banau, ez da bidezkoa bota horretako oinak ni zapaltzeko eskubidea murrizten diodala salatzea, nire gainetik kentzen ahalegindu naizelako. Ez da jokabide zintzoa gehiengoa gutxiengo modura agertzea, galdutakoa berreskuratu eta gauzak lehen zeuden bezala uzteko. Gehiengo gutxituaren arrazoibideak egiazkotasun zantzurik izatekotan, Euskal Herriak edo Kataluniako Herriak botere politiko eraginkorra izan behar lukete. Baina, zuk dakizun bezala, izen horiek zentsuraturik daude, baita izenek aipatzen duten zenbait esparrutan ere, izan ere, Konstituzioak berariaz debekatutako eta toki nahiz estatu mailako mota guztietako jukutriaz tentu handiz galarazitako federazioak adierazten baitituzte. Beraz, entitate horiek ez dute errealitate politikorik, ezta horien osagai birtualek botererik ere. Gehienez ere, eskualdatutako zenbait eskumen dituzte eta, itxura denez, baliogabe daitezkeenak, hainbat politikarik argi eta garbi eskatzen baitute eskumen horiek baliogabetzeko, eta beste batzuek, esplizituki halakorik eskatu gabe, zenbait eskumen baliogabetu dituzte estatuko legeen bateratze-prozesuen bitartez. Eta, nork gobernatzen du nazio modura zatitutako eremu horietan? Zer-nolako hizkuntza-xedapenak bultzatzen dira horietako batzuetan? Zein dira hizkuntza nagusiak gizarte-eremu handietan edota komunikabideetan? Nork eta zergatik bultzatzen ditu katalanismoaren aurkako jarrerak Valentzian eta Balearretan, edota euskalduntasunaren aurkakoak Nafarroan eta Euskadin bertan?

Azkenik, kontuan izan behar da gertakarien eskala, zure galderan onartzen duzun bezala. Europar Batasunari edo Estatu espainolari beren konplexutasun nazionala onartzea eskatzen bazaie, konplexutasun hori gabe EB bideraezina izango litzatekeelako eskatzen zaie. Egia esan, hori gertatzen baita estatu espainolean, bere etengabeko nortasun-gerra aintzat hartuz gero.

Baina, nahitaezkoa al da aniztasun-eskaera hori goitik behera euskal Pirinioetako azken haraneko azken herrixkaraino zabaltzea? Edo gizabanakoaren azken osagai subjektiboraino hedatzea? Espainiar baino euskaldunago sentitzen al zara? Euskaldun baino nafarrago? Nafar baino espainiarrago, baina euskaldun baino nafarrago? Euskaldun baino donostiarrago, azken batean espainiar sentitzen zarelako? Gure gizarteak konplexuak dira halabeharrez; hala izan dira beti. Jakin dezagun, ordea, Estatuko egitura politikoa eta kultur errealitate autoktonoak bereizten, kultur errealitateak direnez, babestu egin behar direlako. Eta saia gaitezen errealitate horiek galzorira bultzatu nahi dituzten gehiengoei aitzakia moralik ez ematen.

Eta, bukatzeko, behin eta berriro defendatu izan duzu Humanitateak ikastearen garrantzia, baina badirudi ez daudela beren unerik gozoenean. Humanitateak luxu handi bat da ala premiazkoak dira?

Nire ustez, ez da bidezkoa gaiari buruzko dilema hori. XX. mendea aski aurreratua egon zen arte, humanitateek oso hedapen urria izan zuten unibertsitateetan. XIX. mendean, Ingalaterrako eliteak dieta klasikoaz —latina eta grekoa— elikatzen zituzten, pentsatuz klasikoek emango zizkietela etorkizuneko MP tituludunei gero Parlamentuan erabiliko zituzten erretorika-ereduak eta aberriaren aldekoak. Lan handia egin behar izan zen Oxforden eta Cambridgen literatura ingelesaren ikasketak txertatu ahal izateko. Unibertsitate publikoetara heltzen ari zen langileriari eginiko mesede populistatzat jotzen zuten. Ordudanik eta Shakespeareren edo Dickensen ustezko elitismoari emandako erantzun modura kultura ikasketetara heldu arte, humanitateak etengabe hedatu dira, horrenbesteraino, non gaur egun edozer gauza irakasten baita askatasun akademikoaren eta zuzentasun politikoaren estalkipean. Egoera hori jasanezina da eta ez da harritzekoa, unibertsitatearen komertzializazioaz gain, gizartean oso truke-balio gutxi eta are erabilera-balio gutxiago duten titulazioak sortzea. Horrek, nahitaez, matrikula-defizita ekarri ohi du azkenean.

Hala ere, espezializazio teknikorako joerak eta negozioak edo politologia bezalako gerentzia-ikasketen, zuzenbidea edo medikuntza bezalako ikasketa profesionalen edota ekonomia bezalako metafisika aplikatuaren eredu berrien nagusitasunak, ez lukete galarazi behar aplikatu gabeko pentsamenduaren tradizio itzela, tradizio horri eustea zientzien tradizioari eustea bezain konplexua bihurtu baita. Ez naiz esaten ari diziplina guztietan eskakizun-maila berbera egon behar duenik; bai, ordea, konparagarria dela batzuen eta besteen gailurretako errendimendu intelektuala. Ez dut esango hezkuntza humanistikoa ezinbesteko baldintza denik jendea gizatiarragoa izateko, ezta humanitateen bidez pertsonak sentiberagoak edo zintzoagoak izango direnik ere. Argi esango dut, ordea, humanitateak baztertzeak Erdi Aro berri bat eragin dezakeela sineskeria teknologikoa nagusi duen ingurune batean.

Laburbilduz, nire ustetan, humanitateek ikasketa-plan guztien oinarrian egon behar lukete, espezialitate izatera heldu gabe, oso trebakuntza-irizpide zorrotzen pean dagoen bokaziozko gutxiengo batentzat izan ezik. Negargarria da akademia batean hizkuntza irakastea beste xederik ez duenari linguistika, filosofia edo literatura ikasketetan bost urte eginaraztea. Baina, era berean, astakeria iruditzen zait abokatu, epaile, mediku edo ekonomialariei diploma bat ematea, baldin eta horiek inolako gogoeta filosofikorik egin ez badute etikaren edo zuzenbidearen oinarriei buruz, edo osasunaren eta gaixotasunaren kontzeptuen definizioari eta irismenari buruz, batzuetan pertsonaren pertzepzioa edo ingurune sozialarekin dituen harremanak kontuan hartzen ez dituen tipologietan, hala nola medikuntzan. Baita historiari buruz agintean dagoen zuzentasun politikoari lotutako betiko leloak besterik ezagutzen ez dituen politikariei ere.

Era berean, izugarria iruditzen zait egungo gizarteak XIX. mendeko klase ertainaren ohiko irakurketa-mailari eusteko modurik ez izatea, edota egunkari-kontsumoaren beherakada, testua beirate grafikoen mesedetan laburtuz eta gaien azalpena geroz eta soiltasun handiagoko kapsula ideologikoetan murriztuz bakarrik arindu ahal izatea. Horrek ez du esan nahi humanitateek elitismo esnob eta suizida landu behar dutenik, idiolektoak asmatuz. Handikeriaz beteriko «teoria» delakoak ezarritako hizkera goratu eta gehienetan hutsalaz ari naiz, jakina; burbuila logomano arduragabeak etekin handiak eman zizkion hainbat hamarkadatan mirarien gorte akademikoari, baina Sokal eskandaluarekin estropezu egin zuen, iruzur kutsua baitzuen eta iruzur hutsa baitzen.

Humanitateak luxu handi bat dira, bai, baina bazterrean utz ezin daitekeen luxua, beste ezaguera-esparru batzuk lotzen dituen memoria kulturala galduko baitugu bestela. Espezializazioak ikuspegia lausotzen badigu ere, ez dugu begi bistatik galdu behar zibilizazioaren batasuna, eremu epistemologiko handiak lotzeko sintesi-ahalmena izango duten pertsonak agertuko direlakoan. Humanistak ez diren beste tradizio batzuk hor daude, ate ondoan, humanitateek —beharbada itzulerarik gabeko ondorioekin— utziko duten hutsunea betetzeko unearen zain. Baina humanitateak baztertzerik ez badago berebiziko atzerakadarik eragin gabe, ondo egingo genuke, zentzurik gabeko herri-aginduaz mozorrotu ordez, diren bezala luxu modura tratatzea. Humanitateak ezin dira produktibitate ekonomikoaren irizpideen mende egon. Picassoren margolanek edo Michelangeloren eskulturek bezala, humanitateek ere gizarteak beraiengatik ordaindu nahi duena balio dute. Baina gizarteak lehen mailako humanitateak izateko ordaindu behar dena ordaintzea erabakitzen badu, eskubide osoa du, halaber, zorroztasuna, berrikuntza eta balio epistemologikoen eta balio horien erabilera pedagogikoen artean harreman argia izatea eskatzeko.

Bibliografia: Del hispanismo a los estudios ibéricos : una propuesta federativa para el ámbito cultural (2009) La vocació de modernitat de Barcelona. Auge i declivi d'una imatge urbana (2008) El post-nacionalisme en el mapa global (2005) Casa encantada : lugares de memoria en la España constitucional (1978-2004) (2005). Ed. After-Images of the City, coeditat amb Dieter Ingenschay (2003) Iberian Cities (2001) Disremembering the Dictatorship: The Politics of Memory since the Spanish Transition to Democracy (2000) El cadáver en la cocina. La novela policiaca en la cultura del desencanto (1997) Los usos del clásico (1991) Un sueño de piedra: Ensayo sobre la literatura del modernismo europeo (1990) La búsqueda del Grial (1988) Joan Ramon Resina (1956) Literatura Konparatuan doktorea da, Kaliforniako unibertsitatean (Berkeley), baita Filologia Ingelesean ere, Bartzelonako unibertsitatean. Gaur egun Stanfordeko Unibertsitateko irakaslea da, Kalifornian, Kultura Iberikoak eta Latinoamerikarrak eta Literatura Konparatua sailetan. Stanfordeko Unibertsitatean bertan, Ikerketa Iberikoen Programako zuzendari ere bada Freeman Spogli Nazioarteko Ikerketa Institutuan. Europako literatura ikerketetan erreferentziazko figura da Estatu Batuetan, baita izen handiko kultur teorialaria ere. Jose Ramon Resinak lan ugari idatzi ditu gaur egungo literaturari, modernitateari eta estetikari buruz. Kataluniako, Espainiako eta Europako errealitateei buruzko analista zorrotza ere bada, XXI. mendearen hasiera gorabeheratsu honetan.