594 Zenbakia 2011-09-30 / 2011-10-07

Gaiak

Daniel Landart-en Bai ala Ez antzerkiaren analisi kritiko bat

ALCIBAR, Michaël



Ikerketa horrek Daniel Landart-en Bai ala Ez antzerkiaren analisi kritiko bat proposatzen du. Gaian sartu aitzin, lehen lerro horietaz baliatuko gara lan horren xedearen azaltzeko. Euskal kultura eta bereziki euskal antzerkia aipatzen delarik, Daniel Landart-en obra usu goraipatzen da. Antzerkigintzan Piarres Larzabal-en eta Monzon-en ondokoa izan da. Nahiz eta fama oneko idazlea izan, bere idatzizko lanak ez dira inoiz aztertuak izan. Hutsune hori betetzeko eta Iparraldeko euskal antzerkiko idazle emankorrenetariko bati merezi duen ezagupena adierazteko gai hori hautatu dugu.

Antzerkia mintzaleku asumitu, aldarrikatu bat da idazle polemiko eta engaiatu batentzat. Hala nola, antzerki garaikidean, europar dramaturgoek antzerkia adierazpen politiko baten eremu bat bezala baliatzen dute. Adibidez, Alemanian Bertholt Brecht-ek greziar mito batzuk berridazten dituelarik adierazpen politiko eta ideologiko batzuk bezala irakurtzen dira. Brecht-en Antigone irakurtzea edo bere Irrésistible ascension de Arturo Ui irakurtzea, nazismoaren kontrako dei baten irakurtzea da eta hitzen bidez armak hartzen dira. Bertold Brecht 50 urteetako Alemaniako kontzientziatzat eta bere ikuspuntu argientzat ezagutua da. Bere adierazpeneko bide gogokoena antzerkia izan da.

Antzerki mailan, Daniel Landarten lehen lanetariko bat Bertholt Brecht-en Amaren Armak (1969) antzerkiaren itzulpena egitea izan da. Idazle alemaniarraz inspiratu da agit-prop antzerki mota hautatzeko eta lan ideologiko hori gure lurraldeari egokitzeko. Iparraldean, gure autorearen antzerkia, Larzabal-en antzerkiaren jarraipenean, antzerki militante, engaiatu eta politiko bat da. Orduko testuingurua oroitarazi behar da. 1970 urteetan, abertzaletasunaren ideologia Iparraldean emeki emeki zabaltzen ari da eta dakigun bezala garai hartan Daniel Landart Enbatako militantea zen. Gure idazleak aitortu digun bezala Enbatako militante talde horrek pentsatzen zuen abertzaletasunean politika mailan « egia » edo « fede ona » atzeman zuela. Proiektu politiko gisa Euskal Herrian sinesten zuten baina aski fite konturatu ziren guti zirela idei berekoak izatea. Mezu hori zabaldu behar zen eta Daniel Landart jendartea kontzientziatzeko eta ideologia horretarat ekarrarazteko antzerkigintzaz baliatu da.

Gure gaiari lotzeko, Bai ala Ez bukatua ez den antzerki trilogia baten lehen kapitulua da. Antzerkiaren gidoia laburtzeko, Ama alargun baten eta bere hiru seme alaben historia kontatzen da. Seme zaharrena abertzale militantea da. Historia horretan hasten da. Daniel Landart-ek Enbataren bidez bereganatutako kontzientzia antzerki horretan kontatzen du familia baten bizian transposatuz. Hiru haurrek sinbolo batzuk edo balore batzuk pertsonifikatzen dituzte eta bakoitzak bere moduan 1970 urteetako Iparraldea bizi du. Hiru seme alabek beren adinari lotutako errealitatearen irakurketa bat proposatzen digute, bere alde baikorrekin eta bereziki bere alde ezezkorrekin. Zaharrago den belaunaldiaren tradizioen kontra gazteri horren oldartzeko eta iraultzatzeko xedeak antzeztuak zaizkigu. Konturatzen garen bezala, gaur egun, Bai ala Ez antzerkiak garai hartako lekuko baita balore historiko bat badu.

Bai ala Ez — Antton (Dominique Esponda) auzapezari (Pettan Elizalde), apezari (Michel Brust) eta armadunari (Paul Etxemendy) erratekoak adierazten.

Ikerketa mailan, adierazi behar dugu ez garela betiko eztabaidan sartu : antzerki testu bat irakurtzekoa edo antzeztekoa egina denez frogatzeko. Biak izugarriko inportantzia dute eta bi aspektu horiek antzerki bat osatzen dute. Baina Antton Lukuk antzerkiari buruz dion bezala bere Euskal Kultura ? liburuan : « Esanahia, testua edo gidoia irudia baino lehen heldu da ». Ikuspuntu horrekin ados gara eta gisa guztiz emanaldien grabaketarik ez da egina izan. Bortzaz, testuak du lehentasuna. Beraz, gure analisi kritikoa testuarena izanen da. Gainerat, Anne Ubersfeld-ek azpimarratzen duen bezala :

« La distinction entre une lecture syntagmatique du texte et une lecture paradigmatique : la lecture syntagmatique privilégie le sens qui naît de la succession des mots entre eux, et la lecture paradigmatique décolle du texte, et examine les connotations, les allusions cachées derrières ces mots».1

Gure xedea Daniel Landart-ek idatzitako Bai ala Ez antzerkiaren irakurketa paradigmatiko bat proposatzea izan da. Gure idazleak antzerkia asmatu duelarik egiazko urrats ideologiko batean egin da :

« Larzabalek anitz izkiriatu du, gai andana bat hunkituz. Baina abertzaletasuna hunkitu duelarik, gai historikoetan gelditu da. Monzonek zazpi antzerkietatik batean baizik ez du abertzaletasuna aipatu. Ni, aldiz, Enbatako militantea nintzelako eta ideologia baten pasatzeko, antzerkiaz baliatu naiz. Garbiki diot : abertzaletasun moderno baten eta orduko ideien eta kezken pasa arazteko baliatu naiz ».2

Daniel Landart-ek ez ditu bere mezu ideologikoak berez inposatzen. Irakurleak eta ikusleak duda batean sartzen ditu, pixkanaka pixkanaka bere ideietarat hurbilarazteko eta bukaeran indartsuki mezu hori jalgi dadin. Horregatik, « Zergatik eta nola Bai ala Ez antzerkiaren dialogoek, eta orokorki testuak, ideologia baten erakarleak dira ? » problematika bezala hautatu dugu. Ikerketa horren bidez, irakurketa paradigmatiko bat eraiki dugu justuki mezu esplizituen, inplizituen eta metakognitiboen bidez problematikari erantzuteko. Gero, harreraren azterketa teorikoaren eta konkretuaren laguntzarekin Daniel Landart-en urratsaren zentzua, emankortasuna landu ahal izan dugu.

Ikerketaren zehar egiaztapen batzuk beren ber inposatu dira eta hemen adierazi nahi ditugu. Lehen egiaztapena, antzerkigintza eta antzerki sorkuntza guk uste baino konplexuagoa dela onartzea da. Informazio mailak oso desberdinak dira. Maila bakoitzak publikoari mezuak zabaltzeko komunikazio modu bat erabiltzen du. Gure irakurketa hirukoitzak Daniel Landart-en antzerkiaren aberastasun handia aztertzea permititu digu eta aberastasun horren gibelean lan konplexu baten eraikuntzaz ere konturatu gara. Hor ere, aurreiritziak hautsi behar dira. Testu bat ez da bakarrik paper batean idatzia den hitz segida bat. Hitzek zentzu desberdinak hartzen dituzte soilik irakurtzen direlarik, testuinguru batean sartzen direlarik edo bakoitzaren esperientziaren arabera irakurtzen direlarik. Antzerkigintzaren konplexutasuna horretan kokatzen da. Jadanik, idazteko ariketa, ariketa zaila eta gogorra da, hitzak ongi hautatu behar dira. Ideologia baten erakarle izateko helburuarekin idazten delarik, idazteko ariketa, zailtasuna eta gogortasuna bazter utziz, kontzienteki edo inkontzienteki ariketa mezuari begira estrategikoa bilakatzen da. Eta bai, ideien hedatzea eta informazio maila desberdinak kudeatu behar dira. Politikaren arlo lexikala erabiltzen dugu baina justuki Bai ala Ez antzerkia antzerki militante, engaiatu eta politiko bat delako estrategia hitza ongi komeni da. Antzerkigintzan erabili estrategiak Daniel Landart-en antzerkiari ideologia eramailearen funtzioa eman dio.

Bai ala Ez - Armaduna (Paul Etxemendy), Maritxu (Jenofa Chabagno), Auzapeza (Pettan Elizalde) eta Ama (Any Dunat).

Bigarren egiaztapena, esplizitu, inplizitu eta metkognitibo mezuen konbinazioak ideologiaren erakarlearen arrola betetzen duela ulertzea da. Hastapen batean, hiru informazio maila horiek identifikatu ditugu baina beren artean lotura zuzenik ez dugu egin zeren bakoitzak bere mezu propioa ekartzen du : maila esplizituak 70 urteetako euskal herriaren argazki soziologiko bat proposatzen du. Maila inplizituak Enbataren mezu politikoa zabaltzen du. Maila metakognitiboak Euskal Herriari, abertzaletasunari eta tokiko aferei hainbat erreferentzia egiten ditu. Ez genuen batere pentsatzen hiru mezu desberdin horiek bateratuz urrats ideologikoa bere osotasunean berrosatuko genuela. Daniel Landart elkarrizketatuz lotura hori egin dugu eta irakurketa paradigmatikoa baliatzea erabaki dugu. Gainerat, gehitu behar da hiru informazio maila desberdinek elkarrekiko menpekotasuneko harreman bat entretenitzen dutela. Batak bestea osatzen du. Komunikazio arloan kokatzen bagara, publikoak antzerki horren bitartez mezu kopuru handi bat errezibitzen du. Kopurua handia izanez ere eta ikusiz mezu batek publikoko jendea desberdinki hunkitzen duela, badakigu mezu guzien parte txiki batek eragin zuzen bat ukanen duela. Hala nola, jendeak kontzientziatzeko idei eta erreferentzia ideologiko anitz zabaldu behar dira. Gure idazleak joko hori ongi ulertua zuen, bere antzerkiaren gaien aniztasunean ageri da.

Bai ala Ez - Maritxu (Jenofa Chabagno), Ama (Any Dunat) eta Serora (Anita Garat).

Hirugarren egiaztapena, antzerki baten urrats ideologikoa lantzen delarik mezuen eraginkortasuna egiaztatzeko epitestuaren azterketa sistematikoki egin behar dela onartzea da. Testuaren paratestua ikertzen delarik usu ikerlariaren eta idazlearen ikuspuntuen inguruan lan egiten da. Metodologia horrekin ikerketaren garapena partez mugatzen da. Epitestuaren bidez kanpoko ikuspuntu batez baliatzen da eta interpretazio bat baieztatzen edo ezeztatzen ahal du. Ukatzen ez den informazio iturri bat izaten ahal da. Epitestua eta gure kasuan prentsa idatziaren harrera ekarpen handi bat izan da zeren idatz laneko kanpoko ikuspuntu bati irekidura bat sortu du. Nahiz eta epitestua lantzeko kontzeptuak zailak izan, urrats zientifikoari begira aberastasun bat eta beste indar bat ekartzen du. Idatz lan horrekin ikerketen konformismotik atera nahi izan dugu antzerkiari doakion generoari lan estruktura eraginkor bat proposatzeko. Autobiografia edo dialogismoa bezalako beste kontzeptu batzuk garatzen ahal genituen baina hautuak egin behar izan ditugu memorio horren kontsignak eta orrialde kopurua errespetatzeko. Epitestuari lehentasuna eman diogu testuari egin azterketarekin oreka bat atxikitzeko.

Bukatzeko, Gabriel Arestik 1961ean antzerkiaren berrikuntza aldarrikatzen du hitzaldi batean, « teatroaren gaurkotasuna ». Hitzaldi horretan, alde batetik, garaien egokiera galdetzen du eta, beste aldetik, atzerriko antzerkigintza modernoari begiratzea eskatzen du. Bururatzen dugun analisi kritiko horretan Daniel Landart-en antzerkia Aresti-ren bi eskaerak betetzen dituela erran dezakegu. Gure idazlearen antzerkia antzerki historiko bat bilakatu da zeren bere garaiko modernitatea gure iraganeko historia delako. Bai ala Ez antzerkia erreferentzia soziologiko, politiko eta historiko bat da gaurko belaunaldiarentzat egoera ulertzeko baliagarria izaten ahal dena.

Bai ala Ez antzerkiaren antzerkilari taldea.

Eskerretik eskuinerat: Paul Etxemendy (armaduna), Anita Garat (serora), Telesforo de Monzon (antzerkiaren aurkezlea), Michel Bruts (apeza), Any Dunat (Ama), Daniel Landart (Pettan), Dominique Exponda (Antton), Pettan Elizalde (auzapeza), Jean-Louis Lafitte (Jean-Pierre), Arregui (Antzerkilarien Biltzarra elkartearen idazkaria) eta Jenofa Chabagno (Maritxu).

1 UBERSFELD A. - Lire le théâtre III, Le dialogue de théâtre - Belins Sup Lettres Edizioak - Parise - 1996 - 69. o.

2LANDART D. – egin elkarrizketan, Euskal Kultur Erakundean (Uztaritze), 2009ko abenduaren 4an.