593 Zenbakia 2011-09-23 / 2011-09-30

Gaiak

Angel Sukiaren euskarazko olerkia, apaizkide bati eskainia

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Aurreko ekarpen batean nioen bezala, Angel Sukia kardinala izango zenak euskaraz idatzi zituen olerki batzuk Gasteiko Apaizgaitegiko denboran. Gaur ezagutzera ematen dudan hau Angel Sukiak ikaskide baten omenez idatzi zuen. “Ilun... da pozik” titulatu zuen eta itxura guztien arabera, 1933koa da, gero azalduko ditudan datuengatik. Ikus dezagun lehenik olerkia, modu xehean konposatua.

(Saizaren omenez)

Ilun... da pozik...

I Iluna badator...

Aizeak ots dagi...

Lurrobian, berriz,

ixila dirudi...

II Ebia goiberan;

zarrastan ebia...

Ixila alare

Bere ilobia...!

III Ene, laguntxoa...!

orrela noiztandik?

Biotz au bai beintzat

irekin gaurtandik.

IV Iluna badator...

Gogoa larri dut

esturik biotza;

Negarrez begiak

ilunki bizitza.

V Gaur ez bai dakust nik

laguntxo laztana...

Jaurizirik omen da

Jauzirik dan-dana.

VI Jauzirik launtxoa...!

Ta orren ixilik...?

I ere biotza

Jauzi ai bizirik...!!!

VII Mindu ai gogoa...!

Mindu ai gaurdanik!

Miñaren samiñez

Biotza negarrik!!!

VIII Sartu da iluna...

T´ortzian izar bi.

Dirditsu dakusdaz

Begira neroni.

IX “Kirika” dabiltza

ume lez jolasten;

orain izkutatu...

geroxego irten...

X Arutz dut biotza

galdezki begira:

Bi begitxu oyek

Norenak ote dira...?

XI Beraxenak, entzun!

Ai au nere poza;

Jaiki ai bertandik

Enegan, biotza!

XII Arin ai gogoa;

Ez oro negarrik;

An bai dut launtxoa

Begira zerutik...!!

Amaya

Sukia´tar Gotzonek

Antonio Saizar apaizgaia 1933ko azaroaren 1ean gaixotu bide zen, Gasteizko Apaizgaitegian. Bizkaiko Berriatukoa zen eta 19 urte zituen, Filosofiako bigarren ikasturtean burutzen ari zela.

Angel Sukia.

Angel Sukiak udazken aurreratuko haize zaratatsuaren eta euriaren irudia ematen digu aurreko bi ahapaldietan. Saizar baino bi urte gazteagoa zen zaldibitarra, baina kurtso berdinean ari ziren, Andres Ibañez Aranak bere “Historia del Seminario Diocesano de Vitoria” liburuan eskainitako datuen arabera.

Antonio Saizari buruzko deskripzio zehatza, berriz, Jose Migel Barandiaranek ematen digu bere egunerokoan. Lehenik, 1933ko azaroaren 1eko oharretan:

“Voy a Berriatúa a llevar a su casa al seminarista Antonio Saizar que sufre una irritación intestinal que, a juicio del médico del Seminario, podría tener como derivación un ataque de apendicitis. El médico de Berriatúa, que es un tal Anduiza, ha condenado delante del enfermo y su familia el hecho de que hayamos llevado al joven Saizar a su casa, como si nosotros lo hubiéramos hecho por nuestra cuenta y no por consejo del médico del Seminario. Le he contestado. Entonces se ha despachado a su gusto contra el médico del Seminario. He ahí un tipo de hombre indiscreto, ineducado y pedante. Después, sin escuchar lo que ha tenido y sentido el enfermo; sin tomar a éste el pulso, ni la fiebre; con sólo tocarle en el vientre, se ha puesto a escribir la receta”

Antonio Saizar gaztea, azaroaren 3an hil zen, Barandiaranek berak ematen digula albistea, eguneko bere oharretan:

“Hoy ha muerto en Berriatúa, a las 8 de la tarde, el seminarista Antonio Saizar a quien llevé anteayer a su casa. R.I.P. Era joven de trato agradable, atento, humilde, trabajador y muy aprovechado. Su aspecto físico era atrayente. Tenía 19 años. Estudiaba el 2º curso de Filosofía. Era, pues, discípulo mío en Geología e Historia del hombre primitivo”

Beraz, Angel Sukiaren lanak data ez daraman arren, 1933ko azaroaren 3an idatzi zuela baiezta daiteke, “Mindu ai gogoa... mindu ai gaurdanik” esaera dela-eta.