590 Zenbakia 2011-09-02 / 2011-09-09

Gaiak

Europeana. Euskal Kulturaren Europarako zubia

ARRIETA BARO, Iñaki CUESTA EZEIZA, Arantza RONCAL GONZÁLEZ, Aitor



Digitalizazioak eta internetek erakunde kulturalen lana hankaz gora jarri dute. Zerbitzu berriak sortu eta geure erabiltzaileekin elkarreragiteko bide aparta den heinean, esperientzia kultural eta didaktiko berriatzaileak sortzeko aukera paregabea da. Aldi berean, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure erabiltzaileen beharrak asetzea eta nazioartean ezagutza gizarteratzeko ematen diren joerak haintzat hartzea.

Euskal Herrian ere, eragile kulturalek egindako ikerketa eta argitalpenen bitartez gure kultura ezagutarazteko hainbat ekimen martxan dago.

Lan-ildo horretan, Euskomedia Fundazioak, kudeatzen duen dokumentaziora heleraztea errazteko asmoz, hainbat baliabide eta zerbitzu garatu ditu. Estrategia horren barruan, Europeana europar liburutegi digitalera edukiak gehitzea oso garrantzitsua da. Eduki kulturalen sarrera irekiaren aurrekariak

1990eko hamarkadatik hona, sareko erabiltzaile diren ikerlari eta herritarrei zientzia eta kulturaren inguruko dokumentazioa eskuratzearren bide erraza ahalbidetzeko asmoarekin hainbat joera garatu da. Joera horien guztien helburua zera da: norberaren eta inguruko gizartea hobeto ezagutzea.

Informazio-gune itxiak sortzeko joeraren aurrean —ordain-sari baten bitartez bakarrik kontsulta daitezkeen datu-baseak—, Open Archives ekimenak ikerketa-emaitzetarako sarrera irekiaren alde egiten du, ikerketa zientifikoaren hedapena eta ikertzaileek zientzia-informazioa lortzeko dituzten aukerak hobetzeko asmoz.

Internet beraren garapenak eta informazioa trukatu eta gordetzeko ematen duen aukeraz baliatuta, 1990eko hamarkadan dokumetazio zientifikoa —paper motako artikuluak batez ere— jasotzen duten gordailuak sortu ziren. Aldi berean, doktorego tesien inguruan ere antzerako joera jarri zen martxan, 1994 inguruan ETD (Electronic Theses and Dissertations) kontzeptua sortu zelarik. Budapest (2002) eta Berlineko (2003) adierazpenak joera horiek laguntzera etorri ziren, dokumentazio zientifikorako sarrera irekia sustatuz. Beste ekimen batzuen artean, adierazpen horiek dokumentazio zientifikoa jasotzeko erakunde-gordailuak sortzea bultzatzen zuten.

Open Archives (OAI, Open Archives Iniciative) ekimenak dokumentazio zientifikoaren mugagabeko hedapena ahalbidetu nahi du. Horretarako dokumentuak biltzen dituzten argitalpenen metadatuak elkarri emateko ahalmena duten gordailuak erabiliko dituzte.

Europako OAI gordailuen egoera.

Argazkia: Respository66.

Aldi berean, azken hamarkadan eremu ekonomiko eta politikoko eragileak herritarrei zientzia eta kulturaren inguruko ahalik dokumentu gehien eskuratzeko aukera erraztearen garrantziaz jabetu dira. Eremu pribatuan, Google Books proiektua azpimarratu daiteke, bilatzaile ezagunak 2004ean sortua.

Eremu publikoan, Frantziako Liburutegi Nazionala dokumentazioaren digitalizazioan eta sareratzean lehenetarikoa izan zen. 1997 BNFk Gallica sortu zuen, Frantziako liburutegi digital nazionaltzat jo dezakeguna. Europan hau ez da ekimen bakarra izan. Europar batasuneko eContent (2001-2004) eta eContentplus (2005-2008) programek europar kultura eta hizkuntzen gaineko eduki digital zein digitalizatuen sorrera, erabilpena eta hedapena bultzatu zuten.

Bi programa horien emaitzarik garrantzitsuena Europeana liburutegi digitala izan da. Bertan 1.500 erakundeetatik jasotako 15 milioi dokumentu —liburuak, argazkiak, filmak, eta abar— kontsulta daitezke. Aldi berean, EuropeanaLocal programak Europar Batasuneko lurralde-mailako bilduma digitalak identifikatu nahi ditu.

Eusko Ikaskuntza eta Euskomedia Fundazioak kudeatzen duten dokumentaziorako sarrera irekia errazteko lan egiten dute. Era berean, euskal kultura eta zientziaren inguruko dokumentazioa Europako beste herritarrentzat ahalik eta irisgarriena izatea lortu nahi dute.

Ildo honetan bost urtetako lanaren ondoren, Hedatuz da Euskomediak kudeatutako gordailuetan Europeanara iristen lehena.

Hedatuzeko erregistro bat Europeanan.

Argazkia: Europeana.

Nola funtzionatzen du Europeanak?

Europeanak ez ditu zuzenean edukiak biltzen, horien gaineko metadatuak baizik, hau da, dokumentua deskribatzen eta identifikatzen duen informazioa. Horrela, dokumentuaren ardura hiru mailatan antolatzen da: Liburutegi digital bakoitzaren ardura da bere edukiak eta datuak mantentzea. Bateratzaile batek (normalean, estatu mailakoa) hainbat liburutegietako datuak biltzen ditu. Europeanak bateratzaileetako datu guztiak jaso eta erabiltzailearen esku jartzen ditu. Honela, erabiltzaileak Europeanan bilatzen duen bakoitzean, emaitza ugari lortzen ditu, dokumentua jatorrizko liburitegitik jasotzeko aukerarekin.

Metadatuek Europenara heltzeko burutzen duten bide horretan, oso lagungarria da OAI-PMH protokoloa. Protokolo horren helburua kultura eta zientziaren inguruko dokumentuak eta metadatuak ahalik eta modurik errazenean elkartrukatzea da. Horretarako bi zerbitzari mota definitzen ditu: Data providers izenekoak: dokumentuak eta beraien metadatuak jasotzen dituzte, OAI-PMH bidez beste zerbitzarien esku jartzeko. Harvester deituak: OAI-PMH erabiliz data provider-en metadatuak bateratzeko ahalmena dute.

Metadatuak elkartrukatzeko aukera honek hainbat webgune indexatzen dituzten bilatzaileak garatzea posible egiten du. Halaber, erabiltzaileei hainbat datu-base edo dokumentu biltegi aldi berean kontsultatzeko aukera ematen die.

OAI-PMH protokoloaren futzionamendua.

Argazkia: Tor Arne Dahl: Making use of XML.

Europeanaren kasuan, jatorrizko liburutegi digitalak data provider lirateke; bateratzaileak harvester-ak; eta Europeana bera, hainbat bateratzaileetako datuak jasotzen ditue harvester berezi bat.Eusko Ikaskuntza eta Euskomedia Fundazioaren ekarpena

Kudeatzen duen dokumentazioa ahalik eta eskuragarrien egoteko estrategia baten barruan, 2008az geroztik Euskomedia Fundazioak OAI-PMH protokoloarekin bateragarriak diren lau zerbitzu jarri ditu martxan: Hedatuz (2008). Gordailu honek Eusko Ikaskuntzak eta beste eragile kulturalek argitaratutako zazpi mila artikulu baino gehiago jasotzen ditu, kasu gehienetan OCR prozesuari esker testu osoa eskuragarri dagoelarik. eDTB, euskal tesien bilgunea (2009-2010). Eprints bilgune honek Euskal Herrian ekoizten diren tesien katalogazioa biltzen du. Gaur egun 1999-2009 tartean irakurritako bost mila tesi jasotzen ditu, kasu batzuetan testu osoa eskuragarri dagoelarik. Etorkizunari begira beste garai batzuetako datuak jaso nahi dira, bai eta tesien testuak biltzeari bultzada eman ere. euskomedia.oai (2009-2010) proiektuaren helburua euskomedia.org informazio sistema OAI-PMH bateragarria egitea izan zen. Gaur egun Euskonews aldizkaria osatzen duten 12.000 artikuluak, Auñamendi Eusko Entziklopedia osoa eta beste hainbat fondo eskuragarri daude, 490.000 dokumentuko bilduma osatuz. Azkenik, 2011ko uztailean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, Euskomediak Uztartuz zerbitzu berria sortu du, euskal gaiekin lotura duten OAI-PMH gordailuak indexatzeko harvester edo bilatzailea alegia. Horrela baliabide horiek guztiak —bai Euskomediak berak garatutakoak, bai beste erakunde batzuek argitara emandakoak ere— gune bakar baten bitartez eskuragarri jarri dira.

Hedatuz izan da Europeanara iristen biltegi hauetan lehena. Orainartean euskal kulturarekin lotutako ekarpenik handiena Sancho el Sabio Fundazioak egina zuen, Euskal Memoria Digitala gordailuko 2.216 erregistroekin.

Orain Euskomedia beste fondoak ere Europeanara eramateko aurrerapausuak ematen ari da. Aldi berean, etorkizunean Uztartuz euskal gaiekin harremana duten gordailuetarako Europeanako bateratzailea izatea aztertzen ari gara. Horrela, Euskal Herrian sor daitezkeen bilgune berrien Europeanarako ibilbidea erraztuko genuke.