582 Zenbakia 2011-06-10 / 2011-06-17

Euskonews Gaztea

Gaiak: Udako solstizioa

BEREZIARTUA, Loren



Zer dakizu solstizioei buruz? Nik, urtean zehar bi izaten direla, bata negukoa —abenduaren 22–23an—, eta udakoa bestea —ekainaren 23–24an.

Berezitasunak dakartzan fenomenoa da eta mundua bi hemisferiotan banatuta dagoenez, horri ere kasu egin behar kontatzeko, ezen iparraldekoek bat bizi duten momentuan hegoaldean alderantzizkoa ematen da. Hots, neguko solztizioaren eraginez, ipar hemisferioan urteko egunik motzena eta gaurik luzeena ematen da eta udan alderantziz.

Zehaztapen horren ostean, niri batez ere ekainekoa gustatzen zaidala esan behar dizuet; izan ere, aitortzen dut: menpekotasuna sortzen dit udak. Bai. Ez dakidana da, ba ote dagoen horretarako sendabiderik... Baina beno, nahiko ongi eramaten dudala pentsatu nahiko nuke, albo ondoriorik pairatu gabe.

Izan ere, gozoa da gurea moduko toki batean kalera irtetea, eguzki erreinuen laguntzarekin terraza batean eserita freskagarri bat hartzea. Edota beroak gogor astintzen duen egunetan, gau partean paseatzera irtetea, orduan izaten baita momentu zoragarria. Eta zer diozue udako ekaitzei buruz? Freskagarriak!

Hel diezaiodan berriz gaiari... Antzina, gure arbasoek hainbat sineskera zeuzkaten, eta ez da bitxia suertatzen, asko elementu naturalekin lotuta zeudela jakitea: ura, lurra eta suak berebiziko garrantzia eduki dute betidanik gure kulturan. Adibide batzuk ipiniko ditut: ekainaren 24ko goizean, iturrietako urek, ihintzak edota errekatxoek, besteen artean, botere bereziak zituztela uste zen, minak sendatzeko baliagarri zirela. Edota arbola bat landatzen zuten herriko plazan tximisten kontra egiteko; edota gau berezi horretan suak pizte ziren.

Egia da solstizioek aspaldi galdu zutela erritu izaera. Halere, oraindik toki ugaritan ospakizunak egiten dira, batzuek erlijioarekin lotuz, modu paganoago batean besteak. Solstizioari ongi etorria egiteko prest nago beste behin, eta herrian pizten duten sua saltatuko dut, zorte ona emango didan esperantzaz.