576 Zenbakia 2011-04-29 / 2011-05-06
Julio Galarta arrasatearraren lanean ezer ez dago lekuz kanpo; kolore eta trazu bakoitza dagokion lekuan dago. Bartzelonako Sant Jordiko Arte Ederren Eskolan egin zituen bere ikasketak, eta lehen mailako maisuak izan zituen bertan irakasle: Muntaner irudien mugimenduan, Puigdengolas paisaian eta Santasusana erretratuan.
Julio Galarta gipuzkoar —edo euskal— eskolako kidea da, paisajismo tardoimpresionistarik garbienekoa. Kolore sorta paregabea erabiltzen du, tonu eta ñabardurez betea.
Bere lanean maiztasun gehienez islatu dituen paisaiak Orio, Arrasate, Leintz Gatzaga, Aretxabaleta, Landa, Errioxa eta Nafarroakoak dira, eta bere obra osoan zehar topa daitezke zuhaitz eta errekak, mendi eta herriak, bide eta hodeiak.
Artista figuratiboa, errealitatearen ikuspegitik behatu baitu pintura, eta bai forman, bai hondoan, inpresionismo moderatua soma daiteke bere lanean. Marrazki zehatz eta fina da berea, eta apartak dira bere koloreen ñabardurak.
Julio Galarta 2011ko apirilaren 25ean hil zen, 94 urterekin. Julio Galarta hil da
Julio Galarta hil da. Arrasateko pintorea apirilaren 25ean joan zaigu, 94 urterekin. Eta euskal pinturak azken urteotako bere ordezkaririk adierazkorrenetakoa galtzen du. Ez dira debaldeko hitzak, inondik ere. Julioren ibilbidea jarraitu duenak jakin badaki zein nolako maila izan duen Galartaren arteak eta zein nolako ekarpena burutu duen arrasatearrak euskal mundu artistikoan, muga guztien gainetik.
Galartaren gaineko laudorioak ordu honetan egitea tokiz kanpoko ariketa iruditzen zait. Azken orduko keinu guztiak soberan daude. Orain egin behar duguna, berriz, geure baitan biltzea da, betiko itzali zaigun artistari buruzko hausnarketa txiki batean. Julio Galarta gizon erraldoia izan da, mugarik gabea, eta aukera paregabea dugu une hauetan, hark bizitza luzean eman duenaz jabe gaitezen.
Ostiral sainduan amaitu nuen Galartaren inguruko idazkiño bat, Arrasateko lagun talde batek datorren ekainean eratu nahi dion omenezko ekitaldiko katalogoa izango denaren osagarri gisa. Harekiko nire sentimenduak, beraz, pil-pilean daude eta nahiago dut bihotzak eskatzen didana orain ez azaltzea. Isilpeko gogo-zubitik helduko naiz orain Juliorengana, eta segituko dut hitz egiten berarekin, azken lau hamarkadatan egin dugun bezalaxe, soseguz, zalapartarik gabe.
Bideo batzuk, berarekin egin ditudanak, erreportaje luzeago baterako grabatuak:
Julio Galarta. Aramaixo
Julio Galarta. Leintz Gatzaga
Julio Galarta. Arrasate
Julio Galarta. Garagartza (Arrasate)
Josemari Velez de Mendizabal
Iturria: http://txemax.blogspot.com