575 Zenbakia 2011-04-15 / 2011-04-29

Efemerideak

Efemeridea. Toribio Alzaga Anabitarte Donostian jaio zen 1861. urteko apirilaren 16an



Toribio Alzaga Anabitarte.

Ziburun egin zituen lehen ikasketak euskal antzerkiaren maila goratu zuen donostiarrak. Bigarren Karlistadaren garaiko urteak ziren horiek, Lapurdiko kostaldea izan zen ere, Alzaga eta Martzelino Soroaren elkartzearen lekukoa. Orduz geroztik antzerkiari lotu zitzaion, eta Soroak irekitako bideari jarraikiz, arrakasta handia lortu zuen.

Euskal Izkera eta Iztunde Ikastola erakundearen zuzendaria izan zen 1915 ezkeroztik. Gazteleraz, Academia de Declamación Vasca izenarekin ezagutu zen erakunde horrek, lan eskerga egin zuen Gipuzkoa osoan ezezik, Bizkaian eta Lapurdin.

“Axentxi eta Kontxesi”, “Txibiribiri”, “Andre Joxepa Tronpeta”, “Ramuntxo”, “Amantxi”, “Tantarrantan”, “Zalaparta”, “Zanpantzar”, “Gizon ona”, “Mutilzarra”, “Babalora”, “Aterako gera” idatzi zituen... antzerki lanen zerrenda amaitezina dirudi.

Altzagak antzerki hiritarraren oinarriak jarri zituen. Euskal Iztundeak, bere zuzendaritza pean, eragin zuzena izan zuen bizitza publikoan, ikasleak, jendearrekoetan, jokalari bihurtzen baitziren.

Komedia landu zuen gehien bat, Mitxelenaren hitzetan, «zorrotza zen pertsonak eta pertsonen xelebrekeriak begiz jotzeko, bazekien korapilo politak lotzen, lotzen ezezik, baita lotu ala askatzen ere, ez ikuslearen buru haustetarako, atseginerako baizik».

Itzulpen lanetan ere murgildu zen, Lotiren “Ramunctho” eta Shakespearen “Macbeth” euskaratu baitzituen.

Euskaltzale amorratua zen, baina bere hautu politikoa ezkutuan gorde zuen beti. Gerra garaian, kartzela ezagutu zuen. Zer bilatzen ote zuten 75 urteko zahar bat kartzelaratzean? Toribio Alzagaren antzerkiko korapiloak errazago askatzen ziren.