575 Zenbakia 2011-04-15 / 2011-04-29
Juan Ignazio Uranga Berrondo.
Errenterian jaioa izanik ere, gazte-gazterik Donostian bizi izan zen. Ogibidez bizargina zen.
Horrez gain, poema ugari eta zenbait antzerki lan idatzi zuen. Han eta hemengo euskal festetan makina bat sari irabazi zuen: Donostian, Zestoan, Zumarragan, Zumaian, Oñatin, etabar. Santo Tomas egunean Donostiako Antzoki Zaharrean egiten zen euskal festan askotan antzeztu ziren Urangaren bakarrizketak (Amets bat dirudi, Au mundua!, Osasungaya, Nekazariya, etabar).
Euskaltzale porrokatua izan zen Juan Ignacio Uranga. Miguel de Unamunok 1901eko abuztuaren 27an Bilboko lore-jokoetan egindako hitzaldi ospetsu haren ondoren (euskarari ohorezko hileta opa zion hitzaldi famatua...), Antonio Arzac-ek ¡Viva! izeneko artikulua argitaratu zuen El Noticiero Bilbaíno egunkarian. Donostiako euskaltzale talde bat Unamunoren hitzen aurkako eta Arzac-en artikuluaren aldeko sinadurak biltzen hasi zen. Urangaren barberia izan zen sinadurak jasotzeko biltokia.
Euskal festa egin ondoren, urtero-urtero Uranga izaten zen Euskal-Erria adizkarian festaren kronika egiten zuena. Beti euskaraz, beti txukun.
Donostian hil zen Juan Ignacio Uranga 1934ko apirilaren 24an, hirurogeita hamaika urte zituela.