568 Zenbakia 2011-02-25 / 2011-03-04
Aro Modernoan zehar Euskal Herrian izan ziren emakumeen artean, serora (edo “beata”, “freira”, “sacristana”, “ermitaña”, “benoîte”, etab.) sartzeak biziraupenerako eta ondasunen administrazio autonomorako aukera bat eskaintzen zuen, eta zenbaitetan, aberasbide garrantzitsua ere izan zitekeen. Baina honek, halaber, hautagaien bazterketarako irizpideak eta baldintzak taxutzera ere bazeraman, gizarte baitako botere-esparru ezberdinek seroratzak eurenganatu nahi izaten zituzten eta. Serorak patronatu ezberdinen pean (munizipalak, elizakoak, partikularrak edo mixtoak) zeuden parrokietan, ermitetan, santutegietan, ospitaletan nahiz aterpetxeetan egon ohi ziren, eta hiribilduetako parrokietako zerbitzua bereziki gutiziatua izan ohi zen, jarlekuetako zerbitzuak eta bere inguruko aktibitate ekonomiko ezberdinek (batez ere emolumentuek, argizariak eta ehun eta ohialek) zekartzaten etekinegatik.
Artikulu honetan Bergarako San Pedro parrokiaren kasua hartuko dugu eredugarritzat, parrokietako seroratzatara sartzeko hautagaiei eskatzen zitzaizkien baldintzen errepaso bat egiteko. Jada XVI. mende hasieratako apezpikutzako bisitatzaileen aginduetan zehazten ziren lehen baldintza batzuek, zenbait beteko zirenak, eta beste zenbait, kasurik egingo ez zitzaienak. Ondoren parrokietan ohiko araua izango zen onarturiko ordenaren batetako abitua eramatearena (normalean frantziskotarrena, dominikarrena edo karmeldarrena), San Pedron Juan XV Castellanos Villalba apezpikuaren agintaldian eman zen (1516-1518). Apezpikuaren onarpen-tituluaren beharra ere ezarri zuen, apezpikutzako Konstituzio Sinodaletan 1602an idatzirikoak arte arautuko ez zena. Apezpiku beraren agintaldian eman zen parrokian serora bakar bat egon zedin agindua ere, baina jada 1525erako, lau edo bost serora omen zeudela ikusten dugu.
Bergara (Gipuzkoa). San Pedro de Ariznoa.
Aipatu ditugun zerbitzuen etekinekin eraiki ziren askotan ondorengo serorendako etxeak, dagokigun kasuan 1572an gertatu lez. Catalina de Ondarza serorak bere testamentuan fundatu zuen, jarlekuetako argizarien negozioaren inguruan nahiz maileguen bidez baturiko diruez baliatuz. Ondorengo urteetan seroretxean sartzekotan izango ziren serorendako (jada hiru izan behar zirela zehazten zen) zenbait baldintza ezarri zituen bertan: “limpias castas y de buena bida fama y opinyon” eta “lexitimas hijas de buenos padres” behar zuten izan, eta 12 dukatetan ezarri zuen sarrerarako gutxieneko dotea, eta hortik gora “lo que quisieren”. Bertan biziko zirenen aukeraketa eskubidea parrokiako apezari eta bi maiordomoei esleitzen zien. Horrez gain, bere sendi edo familiakoek lehentasuna behar zuten izan (Ondarzatarrak Bergarako familia boteretsu bat ziren, besteak beste, 1563an Andres Martinez de Ondarza y Uzarragak fundatu zuenetik Trinitatearen komentuko patroitza zuena) eta ondorenean serorak bere etxeko jarlekuan hobiratuak behar zuten izan (“de la casa de Maesterreca de donde yo dependo”), zekartzaten doteak Catalina beraren eta bere arbasoen animen aldeko mezatan xahutuz. Azken baldintza hau beteko ez balitz, doteen probetxua Madalenaren ospitalera iragan zedin agintzen zuen, bertako gaixoen eta txiroen artapenerako.
Baldintza hauetariko zenbait oso ohikoak ziren: emakume batengandik espero zen bizimodu “garbi” eta egokia jarraitu izana, familiaren kaparetasuna eta dotearen ekarpena. Norbere familiakoen lehentasuna ezartzearena ere gertatu ohi zen, zenbaitetan seroretxearen fundazioa medio, eta bestetan, patroitza eta aukeraketa eskubidea partikularrak zirenean, besterik gabe, familiakideei esleitzeko beste botere espazio bat lez hautematen zelako. Aukeraketa eskubidea serora fundatzaileak berak zehaztu edo esleitzearena ostera, ez zen ohiko kasua, eskumen hau parrokiako beste botere esparruek izan ohi baitzuten (eta ziurrenez horregatik ez zitzaion ondorengo urteetan kasurik egin).
Nahiz eta normalean baldintzatzat hartzen ez zen, serorak batera ehorztearen ohitura ez zen arraroa; Iparraldean ere jarraitzen zen, serorak ehorzteko hilarri edo estela amankomunek aditzera ematen digutenez. Sarako kasua ere ezaguna da; bertan, seroren hobi eta jarlekua aldarean zegoen eta dago (alegia, leku pribilegiatuan), apezen hobien ondoan. Ermitetako serorek ere askotan ermitan bertan ehortziak izan nahi izaten zuten. Kuriositatea diruditen datu hauek beraien esangura dute, norbere hobiratze lekuaren aukera ez baitzen edonolako auzia. Heriotzerako orduan batean edo bestean ehorzteak, jarlekuen espazioak baitaratzen zuen sinbolismo sozialaren testuinguruan, norberak propiotzat onartzen zuen esparrua aditzera ematen zuen; ez zen gauza bera, beste serorekin batera —edo norberak zerbitzatu zuen ermitan— ehortzia izateko nahia izatea eta horrela, seroratza familia-erlazioez gain hautematea, edo gainontzeko biztanleak lez, familiaren hobian lurperatua izan nahi eta beraz, familia-erlazioak eurak seroratzaren balioaz gaindi aintzatestea. Edonola ere, bietarako kasuak ematen ziren, eta Catalina de Ondarzaren kasuan erdibide batekin topo egiten dugu, ondorengo seroren doteek bere sendi edo familiako hildakoen aldeko mezak ordaindu behar zituztenez, hilobi amankomunaren agindua bere arimaren eta familiako hildakoen onurarako asmoz egin zuela baitirudi.
1657an zenbait akordio egin behar izan ziren parrokian, jarlekuen zerbitzuaren etekinen inguruko liskarrak zirela eta. Alde batetik parrokiako hiru seroren eta kanpoko serora, tertziaria eta zerbitzari laikoen esparruak eta etekinak zehaztu ziren, eta bestetik, parrokia bertako seroren arteko esparru eta etekinekin ere beste hainbeste egin zen. Funtsean, ogitan eta dirutan jasotzen ziren emolumentuak parrokiako hiru serorei zegozkiela ezarri zen (nahiz eta zerbitzua kanpoko emakumeek egin zezaketen), sarrerarako dotearen kopurua 12 dukatetik 42 dukatetara igo zen (30 dukatak elizaren fabrikarako) eta gutxieneko adina 30 urtetan ezarri zen (Kalagorriko Apezpikutzatik 40 urtetako muga ezarria zegoen artean). Parrokia bertako seroren arteko erlazioei zegokionean berriz, seroretxean batera biziko zirela, nork bere ondasun propioak izateko eta beraietaz baliatzeko eskubidea zutela eta elizako lan guztiak amankomunean egin eta bertako etekinak ekitatiboki partekatuko zituztela ezarri zen. Ordurako jada, Catalina de Ondarzak bere testamentuan ezarritako arauetariko zenbait ez ziren betetzen: aukeraketetan alkateak ere parte hartzen zuen, eta doteetatik elizaren fabrikarako etekinak ere atera nahi ziren (ohikoa izan ohi zena, bestalde). Fundatzailearen ahaideek lehentasuna izatearena berriz, XVII. mende hasieran baldintza garrantzitsua izaten jarraitzen bazuen ere (1611n seroragai zen Chariaco de Aguirrek, ahaidego frogantzak zirela eta, 1618rarte itxaron beharra izan zuen seroratzan sartzeko), mende bukaerarako ostera, aurrerago ikusiko dugun lez, galdua zuen jada aukeraketa irizpide lez izan zuen relebantzia. Gutxieneko adinaren baldintza ohikoa zen eta apezpikutzatik bezalaxe lurralde historiko ezberdinetako agintarien nahiz botere lokalen aldetik ezarri ohi zen, nahiz eta oso aldakorra izan ohi zen (gehienetan 30, 40 edo 50 urte) eta kasu handiegirik egiten ez zitzaion (asko izan ziren baldintza hau bete gabe kargura onartzen ziren serorak). Era berean, ohikoa zen zegokien seroretxean bizi behar izatearena ere.
Argazkia: CC-BY. MOVIBILE.
1689an Francisca de Beistegui serora hil zenean, hautagaien arteko konpetentzia zertxobait nahastu zen. Bakantziaren eskaintza jada euren burua frantziskotarren abitudun serora lez aurkezten zuten Antonia de Vidaurre eta Mariana de Zavaletari egitea onartu zen (50 eskudoko dotea ezarriaz), apezak eta elizako maiordomoak lehen hautagaia proposatu baitzuten, alkateak eta fabrikako maiordomoak berriz bigarrena proposatu zuten artean; baina zenbait egun beranduago, Mariana de Zavaletak eskaintzari emandako denboraren barruan erantzun ez ziola eta, Tomas de Argarate parrokiako bikarioak apezpikutzara Catalina de Velderrainen hautagaitza eskakizuna bidali zuen (hau ere jada “sorora” zen), 50 eskudoak eskainiz, eta bere hautagaiaren alde esperientzia argudiatuz. Alkateak, apezak eta maiordomoek hirugarren hautagaitza onartu zuten.
Mariana de Zavaletak kexua bidali zuen apezpikutzara, behin aukeraketan berdindurik geraturik, azken erabakia apezpikuari berari eta bikario orokorrari zegokiela esanaz eta Tomas de Argarateren eskakizunean “joku zikina” egon zela ulertzera emanaz. Bere burua Catalina de Ondarzaren ahaide lez aurkeztu zuen (Catalina de Veldarrainek ezin zuen antza halakorik esan), eta gainera, Catalina de Veldarrain ez zela parrokiako eliztarren alaba zioen, eta hori zela eta, ez zituela baldintzak betetzen. Arrazoiongatik, hautagai berriaren onarpena atzera bota zedila eskatu zuen. Alkateak, apezak eta maiordomoek, panoramaren aurrean, lehenik, 1657an egin zen akordioa aztertzea erabaki zuten, eta ondoren, auzia apezpikutzako epaitegiaren esku uztea adostu.
Catalina de Veldarraini ez zitzaizkion Marianaren salaketak gustatu, eta frogantzak eskuratu eta testigantzak ekarri zituen. Honako argudioak zekartzan bere hautagaitzaren alde: Bere familiaren baserriak, Elosua auzoko Labeagak, hamarrenen erdiak San Pedrora zekartzan, eta San Pedrori atxikia zen Elosuako San Andres parrokiara berriz, primizia osoa. Gainera, bere anaiarekin batera, San Pedron zegoen Labeaga baserriaren jarlekuaren jabe zen (eta bertan, bien ama zegoen ehortzia). Bere aitak kaparetasun titulua eskuratua zuen, eta bere anaia herriko kargu publikoetarako hautatua izana zen behin baino gehiagotan, herritartzat onartua zela frogatzen zuena. San Pedroko eliztar ez izateaz salatu zuen Mariana de Zavaleta bera omen zen gainera iruzurgilea, Zabaletako etxeak hamarrenak betidanik Santa Marina parrokiara eramanak omen zituela eta, San Pedrora beharrean. Guzti hau indartzeko lekukoak aurkeztu zituen, eta hauek, punturik puntu, bere bertsioa berretsi zuten. Guzti honekin bat bere dotearen eskaintza ere jaso zuen, 100 dukaten neurrira. Parrokiako eliztarra izatearena, beraz, beharrezko baldintzatzat hartzen zen, nahiz eta jarraian ikusiko dugun lez, dotearen eskaintza behar besteko altua bazen, gainontzeko baldintzak laster alderatu eta indargabetzen ziren.
Antonia de Vidaurrek beste bi seroren arteko liskar momentu hau probestu zuen apezpikutzara bere hautagaitzaren aukera egin zezaten eskatzeko, baina bere eskaerak ez zuen aurrera egin. Mariana de Zavaletak berriz, ziurrenez Catalina de Veldarrainen arrazoiei beste inondik aurre ezin egin zielako, bere dotearen eskaintza Catalinak baino hamar dukat gehiagotan jaso zuen. Antonia de Vidaurrek, nahiz eta baldintzak egoki betetzen omen zituen, auzia utzi zuen, antza denez, gehiago eskaintzeko gai izango ez zelako. Auziari ezagutzen diogun azken dilijentzian, orduan fabrikako maiordomotzat sartu berri zen Francisco Antonio de Ondarza y Galarzak apezpikutzara eskakizun bat helarazi zuen, parrokia diru-sarreren behar handian zegoela eta, behingoagatik auzia gehien eskaintzen zuenaren alde erabaki zedin eskatuz. Kontutan hartzen zen baldintza bakarra, hortaz, diru gehien eskaintzearena zen; serorek euren alde agerturiko beste argudioak, Mariana de Zavaleta Catalina de Ondarzaren ahaide izatea, nahiz Catalina de Veldarrain, Mariana ez bezala, San Pedroko eliztar izatea (eta jarlekua bertan izan eta hamarrenak bertara eramatea) eta bere guraso eta ahaideen kaparetasuna agertu izana ez ziren aipatu ere egiten. Ezagutzen dugunerarte, Mariana de Zavaletak eskaini zuen gehien...
XVII. mende bukaerarako, XVI. mende hasieratik San Pedroko seroatzarako ikusten joan garen baldintza gehienak ez ziren zurrunegi mantentzen, eta dirudienaren arabera, kargura heltzeko bideak jada enkantearen arauetara mugatzen ziren.
Informazio orokorra eta bibliografia:
- Euskaraz: LARRAÑAGA ARREGI, M.: Serorak Debagoienean (XVI-XVIII). Bergara: Bergarako Udala, 2010.
- Gazteleraz: LARRAÑAGA ARREGI, M.: Las seroras en Vasconia durante la Edad Moderna. Non: Antzina; 10. Asociación de Genealogía Antzinako, 2010eko abendua; 44-64 orr.