Elkarrizketa Xabier Amuriza, bertsolaria "Bertsolaritza berez norgehiagoka bat da, eta hori barik ez luke zentzurik izango" * Maria Agirre Zehazki ez daki noiztik den bertsolaria, baina bere burua bertsolari atipikotzat jotzen du. "Pentsa, nik sotana eta guzti kantatu izan dut" diñosku Amurizak horren adierazgarri. Ondoren, sotana kendu, eta bertsolaritzan murgildu zen burubelarri, XX. mendeko bertsolari garrantzitsuenetarikoa izatera iritsi arte. Mendea bukatzear, bertsolaritza osasuntsu ikusten du Amurizak, bere berbetan, bertsolaritza euskal esparru guztietara heltzen baita gaur egun. Kanpotar bati nola azalduko zenioke zer egiten duen bertsolari batek? Bertsolaria da, bat batean estrofa batzuk inprobisatzen eta kantatzen dituena. Bertsolaritza ahozko tradizioaren barruan kokatzen da, eta Euskal Herrian ez ezik, mundu guztian zehar egiten da. Guk euskaraz egiten dugu, baina esan bezala ez da hemen bakarrik egiten. Zer dela eta hasi zinen bertsotan? Ni bertsolari atipikoa izan naiz. Haurtzarotik gogoratzen dudanez, gure aita oso kantaria eta jostaria zen, eta edozer kantatzen zuen, bertso zaharrak bai gaztelaniaz zein latinez... Haurtzaroa baso eta baserri giroan pasa nuen, eta gerra ondoko garaiak zirenez, Bizkaia aldean ez zegoen bertsolaritzarako tradizio handiegirik. Bertso jarriak ere irakatsi zizkidan aitak, eta baita Bizkaian oso errotua zegoen koplagintza. Horregatik, koplagintzak afektiboki gehiago hunkitu izan nau, umetatik jaso baitut. Koplagintza Bizkaian tradizio indartsua izan da eta sustrai oso zaharretakoa. Horregatik, kopla asko kantatzen nituen, eta tartean bertsoak ere bai. Lehengo bertso saioa sei urterekin egin nuen baina zer egiten nuen ez nekiela. Ondoren, 11 urterekin, fraile joan edo eraman ninduten, eta gero handik seminariora. Beraz, 11 urtetik 24ra, gure kulturarekiko basamortu bat pasatu nuen, internatu itxian egon bainintzen. Bertsotan egiteko aukerarik ez nuen. Jarraian abadetza etorri zen, hiru urte eta erdi egin nituen abade.Egia esan oso garai epikoa izan zen, nire bizitzako unerik garrantzitsuena, bizia, indartsua. Abade talde batek Gogor mugimendua sortu zuen, eta hor burubelarri sartu nintzen. Mugimendu honek, nahiz eta minoritarioa izan, Bizkaian bereziki oihartzuna izan zuen. Garai hartan noizbait aritu izan nintzen bertsotan, baina ezagunagoa nintzen Amarotoko apaiza izateagatik. Nik publikoan sotana eta guzti kantatzen nuen, eta jendearentzat hori txoke izugarria izaten zen. Baina esan dezaket orduan ez nintzela bertsolaria. Gero espetxea etorri zen. Zazpi urte espetxean eta 35 urterekin atera nintzen berriro mundura, 1975ean. Espetxean bertso batzuk atera nituen, hiztegi errimatuari buruzko ikasketa batzuk ere egin nituen..... eta hasi nintzen nire burua bertsolaritzan ikusten. Abuztuan kartzelatik atera eta hurrengo udaberrian, Gernikan, egin nuen debuta ikastolen aldeko jaialdi batean. Gero 1980ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketara aurkeztu nintzen. Nire lehenengo lehiaketa izan zen, eta irabazi egin nuen. XX. mendeko bertsolaritzan mugarritzat hartu izan zaituztete Txirrita, Basarri, Egaña eta zu zeu. Amurizak zer aportatu dio bertsolaritzari? Modernotasuna beharbada? Bertsolaritzan nekazal mundua izan da nagusi. Ni neu ere nekazal giroan hezi nintzen, baina ikasketak neuzkan, eta ikasketak eginda dituen pertsona baten eta nekazal giroan bizi denaren erreferentziak desberdinak dira. Nik bertsotan, adibidez, San Pedro eta Aristoteles aipa nitzakeen, baina San Pedro nor zen mundu guztiak zekien bitartean, Aristoteles ez zen ezaguna nekazal giroko jendearentzat. Pentsa, jendeak tailerretan egiten zuen lan, baina erremienten aipamenak gutxitan egingo ziren bertsolaritzan. Beraz, gaiari dagokionez, ordurarte aipatzen ez ziren erreferentzia batzuk sartzen nituela esan daiteke. Horrez gain, teknika aldetik ere, aportazio batzuk egin nituen, hiztegi errimatua egina neukan eta. Bestalde, euskara batuaren kontua dago. Nik Euskal Herriko Txapelketan batuaz kantatu nuen, eta hori erronkahandia izan zen. Euskal Herriko Txapelketa zenez, denek ulertzeko batuaz egin behar nuela erabaki nuen. Euskara batuaren kontua aipatu duzu. Gaur egun Bizkaiko bertsolari batzuek euskara batuaz edo gipuzkeraz botatzen dituzte bertsoak. Bizkaieraz edo mendebaldeko euskalkian hitz egiten dugunok, hasi gara konturatzen astakeria handia egin dugula, kokoloegiak izan garela. Batua, badirudi, mendebaldean bizi garenok hitz egiteko bakarrik dela, zeren, askotan, guk bakarrik erabiltzen dugu euskara batua. Haritschelhar euskaltzainak, adibidez, berea egiten du, denek ulertzeko modukoa, baina berea. Gu batuaren alde gehiegi entregatu gara, eta hori ondo egon da, baina euskalkia ez dugu ondo tratatu, eta bizkaiera edo mendebaldeko euskalkia ez da euskalki marginal bat, euskal hiztunen erdia mendebaldean bizi da. Pentsa euskalkia zein gaizki tratatu dugun, Bizkaiko Txapelketetan ere euskara batua erabili dugula. Gertatu izan zait, bestalde, Gipuzkoan baina bizkaieraz egiten den leku batzuetan, bizkaieraz kantatu eta jendeari ez gustatzea. "Hik gure moduan egiten dok" entzun izan dut, eta gipuzkeraz eginez gero, "horrela hobe" esaten zidaten. Baina gogoeta egin dugu, eta lortu dugu, azken txapelketan adibidez, finalean gehienek bizkaieraz egitea. Garbi daukat, maila nazionalean ari naizenean, batuaz egin behar dudala. Hala ere, hasi naiz, Bizkaitik kanpo ere bizkaieraz egiten, baina bizkaiera jaso batean. Bestalde, Bizkaiko gune batzuetan, Bilbon adibidez, euskaldun berriak egoterakoan, batzutan batuaz egin behar izan dut, baina hori ere gero eta gutxiago. Zelan ikusten duzu bertsolaritza XXI. mendearen atarian? Ondo. Bertsolaritzak lortu du euskal esparru guztietara heltzea. Lehen, nekazal girora mugatzen zen. Adibide bat jartzearren, lehen bertso saioa zegoen tokian land rover mordo bat egoten ziren aparkatuta. Gaur egun, berriz, aparkalekuan era guztietako autoak ikus daitezke. Beraz, euskaldungoaren atal guztietan dago ordezkaturik bertsolaritza. Bertsolaritza presente dagoeskoletan, unibertsitatean, kalean... Bertsolaritzaren gizarteratzea eginda dago, eta alde horretatik bertsolaritza oso osasuntsu dago. Emakumeen presentzia ere handituz doa, oraindik ez da hain handia, baina nabarmenduz doa. Orain dela 20 urte, bertso eskolekin hasi nintzenean, nahikoa lan egin behar izan genuen neskei plazara irten zitezen animatzeko. Zerk izan du eragina bertsolaritza atal guztietara zabaltze horretan? Lan handia egin da, adibidez, bertso eskolek garrantzia izugarria izan dute, bai eskolako orduetan zein eskola orduetatik kanpo. 1986an Euskal Herriko Bertsozale Elkartea sortu zen, eta horrek ere bere lana egin du. Gainera, probintzi bakoitzean ere Bertsozale Elkartea dago. Horrek guztiak eragina izan du. Komunikabideek ere izango zuten zerikusirik? Bai, baina komunikabideen bidez ez zara gazteengana heltzen. Derrigorrezkoa da norbait eurengana joatea, eta eskolan lantzea. Garbi dago bertsotan ikasi egin daitekeela. Kontu hau mitifikatuegia egon denez, uste zen berezkoa zela eta bertsotan ezin zitekeela ikasi. Baina azken finean bertsolaritza ez da hain zaila, niri zailagoa iruditzen zait piano karrera egitea. Zentzu horretan, pausu handiak eman dira eta iritsi gara hirigunerik hiritarrenera ere. Adibidez, Bilboko udaletxeak liberatu bat dauka hango ikastetxeetan bertsolaritza irakasteko. Esan daiteke, gaur egun, edozein eskolatara heltzen dela bertsolaritza, horren kontrakoak ez badira behintzat. Bete al du sekula bertsoak funtzio sozialik Euskal Herrian? Funtzio soziala, ludikoa... Bertsolaritza hitzean oinarrituta dagoenez, mezua kantua baino garrantzitsuagoa da. Hitz egiteak funtzio soziala betetzen duen bezala, bertsolaritza ere komunikatzeko era bat da. Azken finean zer da funtzio soziala betetzea? Jendea dibertiaraztea, mezu bat helaraztea: politikoa, ironikoa, sentimenduzkoa, garai batean erlijiozkoa... Gerra ondoren, bertsolariak herriaren ahotsa ziren. Beno, herriaren ahotsa esan zitezkeen gauzetan, baina egia da bertsolariak askotan,inguru pribatuetagoan, esan ezin zitezkeen gauzak aipatzen zituela. Frankismoaren azken urteetan ere, funtzio soziala eta politikoa nabarmenagoak izan ziren. Garai epikoak ziren haiek, eta zerbait polemikoa aipatuz gero, jendea izugarri berotzen zen. Nolabait esateko, jendeak barruan zituen baina esatera ausartzen ez zen sentimenduak publiko egiten zituen bertsolariak, eta hori garrantzitsua izaten zen jendearentzat. Urte haietan Lopategi eta Azpillagak izugarrizko eskea izan zuten, eta jendea joaten zen barruan zuena bertsolariaren ahotan entzutera. Euren sentimenduak publikoki adierazita ikustea, entzuleentzat garrantzitsua izaten zen. Eta gaur egun, betetzen al du horrelako funtziorik? Nik uste dut azken urteetan bagoazela funtzio hori pixka bat berreskuratuz. Bertsolaritzaren gainean esan da politizatuegia zegoela, eta horren aurrean, indarra hartu zuen bertsolariaren helburua jendea dibertiaraztea zenaren usteak. Orain, berriro ere, lehengora itzultzen ari gara, eta mezua indarra hartzen ari da. Jendeari dibertiaraztea ondo dago, baina guk gure nortasuna daukagu. Batzuek diote bertsolariak kritikoa izan behar duela, zirikatzailea. Edo jendea dibertiaraztea izan behar da helburua? Kritikoa eta zorrotza bada, eta sentimendu batzuk baditu.... atera egingo zaizkio! Dibertiarazteko? Horretarako modu asko daude, eta ez da derrigorrezkoa edozein tontokeriaz kantatu behar izatea. Bertsoak entzutera doan jendeak ondo pasatu behar du, baina zer da ondo pasatze hori? Horretarako txotxolekeriak esan behar dira, gatzik gabeko gauzak? Hori ofenditzea ere bada. Guk badakigu kritiko izanik ondo pasatzen. Bertsolaria ez da jendeari barre eragiteko txontxongilo bat. Ondo pasatzea bai, baina balio literario, estetiko batzuekin. Egon da bertsolaritza "txorrismora" pasatuta, baina jendeak ez al du eskertzen sentimenduzko gai bati bertso on bat botatzea? Bertsolariak oso pertsona ezagunak zarete, eta edozein saltsatan ikusten zaituztegu. Hau horrela izan da beti, edo gaur egungofenomenoa da? Komunikabideek asko indartu dute bertsolariaren irudia, baina bertsolaria beti izan da popularra. Bertsolari bat edonon aurki dezakezu, batez ere oso asekiblea delako. Bertsotan egiteko ez da behar azpiegitura handiegirik, erraza da. Askotan, mikrofono batekin edo hori barik nahikoa da. Bestetik, bada, esan behar den edozer, bertsotan esanda hobeto dagoenaren ustea. Bertsoz kantatuz gero, badirudi jendearentzako hobea dela. Populartasunarena egia da, baina kontuan izan hori txikia den mundu batera mugatzen dela. Hortik kanpora ez gaitu inork ezagutzen. Bertsolaritzak derrigorrezkoak ditu euskarri modernoak, CD ROMak, ikus entzunezkoak... Gaur egun dauden medioetara egokitzen ez bazara, desfasatua geratzeko arriskua duzu. Bertsolaritza ez balego irratian, ez telebistan, ez CD ROMean, hutsune ikaragarria egongo litzateke. Gipuzkoako Txapelketa formula berriekin egin da. Herri artekoa eta taldekoa izatera pasa da. Zein iritzi duzu formula berri horren gainean? Niretzat horrek ez du interes handiegirik. Beharbada ona izango da taldetasuna eta elkartasuna bultzatzeko, baina horretarako txapelketa bat egin behar izatea... Gainera gerta daiteke, finalera heldu eta onenak atzean geratzea. Sakonean arrazoia zera da, maila batetik gorako bertsolariek ez dutela banakako txapelketarik nahi. Nire ustez, txapeketa, bertsotan behintzat, banakako lana da. Baina maila batetik gorako bertsolariak ikusten du, txapelketetan zer irabazi gutxi eta zer galdu asko duela. Bertsolaritzan dialektika bat dago, berez norgehiagoka bat da, eta hori barik ez luke zentzurik izango. Nik oso natural ikusten dut, hori modu arautu batean behin edo behin txapelketa gisa egitea. Baina bakarka, zeren horrela ikusten da nor zertarako den gai. Konpetitibitatea eta antzerako arrazoiak erabiltzen dituzte, maila bat lortua izan eta hori arriskuan jarri nahi ez dutenek. Beraz, txapelketak norentzat? Beheko mailakoentzat. Baina horrek alderantziz beharko luke izan. Umetan, lehia bigundu behar da,baina behin maila batera helduta, orduan beharko lukete egin. Emakumearen presentzia handituz doala diozu. Bai, hala dela uste dut. Orain dela 20 urte bertso eskoletan hasi nintzenean, etsita ere egon nintzen. Ikusten nuen neskak bertsotan hasten zirela, baina behin adin batera helduta, utzi egiten zuten. Zorionez, hori bukatu da eta badira plazaz plaza dabiltzan emakumeak. Orain figurak falta dira, ez baitaude asko. Batzuk badira, baina aurrera begira uste dut gehiago izango direla. Euskal Herriko finalean egon da emakume bat, baina iritsiko da eguna non zortzitik hiru edo lau emakumeak izango diren. Apur bat itxaron beharko da, baina helduko da eguna. Argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 56.zbk (1999 / 11 / 26 12 / 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.