55 Zenbakia 1999-11-19 / 1999-11-26

Elkarrizketa

Gorka Salmeron: "Niretzat argazkigintza bizio bat da"

AGIRRE, María

Elkarrizketa Gorka Salmeron, argazkilaria "Niretzat argazkigintza bizio bat da" * Maria Agirre Salmeronen begiak etengabe lanean ari dira. Beti, ondoren argazki kamerarekin harrapatuko dituen irudien bila. Batzutan, islatu nahi duen irudiarekin egiten du topo, eta beste batzutan, horren bila ateratzen da. Bera ere argazkigintzak harrapatuta bizi dela esan daiteke. Ondo ulertzen dira Legazpiko argazkilaria eta argazkigintza. Horren emaitza dira orain arte egin dituen argazki bildumak. Azkena, "Paseoak eta paisaiak" izenekoa, urtarrilera arte izango da ikusgai Legazpin. Koloreak eta mugimendua adierazten duten argazkiek osatzen dute bilduma bitxi bezain interesgarria. Argazkilari autodidakta zaitugu? Printzipioz bai. Lehendabiziko urratsak Legazpiko "Ikatza" argazki elkartean eman nituen, 16 urterekin. Gaztaroko beroaldi bat izango zela uste nuenak arrastoa utzi zuen nigan, eta horrela, burubelarri heldu nion argazkigintzari. Hasierakoa prozesu autodidakta izan zen, baina heltzen da une bat non informazio gehiago behar duzun, formazio espezifikoagoa. Horregatik, Artelekura jo nuen serigrafia ikastaro bat egitera, eta han hainbat artista ezagutu nuen. Beste ikastaro batzuk ere egin ditut Gijonen, Zaragozan, Frantzian, Madrilen... Ez nuke ahaztu nahi ak antolatuta egin nuen ikastaroa ere, oso interesgarria izan baitzen. Niretzat erabat argigarria. Ikastaro gehienak Euskal Herritik kanpo egin dituzu. Hemen ez al dago argazkigintza irakasten duen eskolarik? Zerbait badago. Orain hasi da zerbait Bilbon, Donostian... ikusiko dugu zeintzuk diren emaitzak. Hala ere, jende gehiena argazki elkarteetan mugitzen da oraindik. Horiek ondo daude hasierako etapa bat betetzeko, baina aurrera jarraitu nahi duenak ezin du hor geratu. Nire ustez, gaur egun argazkilari elkarteak rally ak antolatzera mugatzen dira, eta erakusketak edo ikastaroak antolatu beharko lituzkete. Bere garaian izugarrizko lana egin zuten, baina orain helburutzat lehiaketak dituzte eta argazkigintzak aukeragehiago eskaintzen ditu. Beste hutsune batzuk ere bete behar dituzte: ikastaroak, topaketak antolatu... Eta zein da argazkigintzak gaur egun bizi duen egoera? Argazkigintzak pisu gutxi izan du arte ederren barruan. Pinturak eta eskulturak garrantzia handiagoa dute. Azken finean argazkigintzak 150 urte daramatza, eta guztiok gara botoitxoari sakatu eta argazki bat ateratzeko gai. Baina ere berean, argazkigintzarekin gauza asko egin daitezke. Istorio bat kontatzeko medio bat da, eta zenbait kasutan argazkigintzaren atzean dagoen lana jendeak ez du ikusten edo baloratzen. Esan bezala, pixkanaka argazkigintza garrantzia hartuz doa. Gainera, artista plastiko batzuk argazkigintza erabiltzen hasi dira euren ideiak adierazteko. Nik uste dut hori ere ona izan daitekeela. Azken finean, argazkigintza nahi duzuna egiteko teknika bat da. Garrantzitsuena da, zer egin nahi duzun garbi edukitzea. Argazkilaritza zer duzu, afizio edo ogibide? Bizio bat da niretzat. Nire bizitzan argazkigintzak oso zati garrantzitsua betetzen du, baina bizi irauteko beste gauza batzuk ere egiten ditut. Donostia Aisia gidan parte hartzen dut, ezkontzetan argazkiak ateratzen ditut, erreportai batzuetarako argazkiak, diskoetarako azalak... Saiatzen naiz bereizten lan pertsonalak, eta enkarguzkoak direnak. Azken horietan kamera digitala eta ordenagailua erabili ohi ditut. Nire lanetarako, berriz, digitala ez zait interesatzen. Digitalak, arrisku bat du, lan artistikoak egiterakoan, gauza ederrak egitera jotzen duzula. Ordenadorearen aukerak, nire iritziz, dauzkazun ideiak bideratzeko erabili behar dira, baina ez besterik gabe. Israelen jarri zenituen argazkiak erakusgai, baina gainontzean Euskal Herrian dituzu erakusketak. Kanpora ateratzeko asmorik bai? Orain dela hamar urte hasi nintzen erakusketekin, eta gehienak Euskal Herrian jarri ditut erakusgai. Espainiar estatura ere atera izan dira batzutan. Hasieran oso lan esperimentalak jarri nituen erakusgai, ondoren landuagoak, erreflexiboagoak, eta azkenlana, orain prestatzen hasi naizena ere, erreflexiboa eta zuri beltzean da. Erakusketei dagokienez, nire asmoa gehiago mugitzea eta erakusketak kanpora ateratzea da. Ikusten duzunez, lehenengo argazkiak atera behar dira, gero finantzabideak aurkitu eta azkenik mugitu. Aizkorri: Kalbarioa... 1996. (2,4 x 2 m.) Sakrifikatua dirudi argazkigintzak. Eta oso garestia. Behar diren materialak oso dira garestiak. Nik bankuan ez daukat zentimorik, baina edozein lan egitea ahalbidetzen didan ekipo bat daukat. Lanean inbertitzea, horixe izan da nire apustua. Behin lagun batek esan zidan, nik egiten dudanean sinesten dudala eta lortzen dudala, gainera, besteek ere horretan sinestea. Jakina, nik ez badut nire kontuetan sinesteen, nola lortuko dut besteei sinestaraztea! Argazkigintzatik bizi nahi duenak hiru gauza egin behar ditu: lan, lan eta lan. Horrela lortzen dira emaitzak, bai argazkigintzan, literaturan edo eskulturan. Gainera, gero eta jende gehiago dabil argazkigintzan, batez ere gazteak, eta konpetitibitatea gorantz doanez lan gehiago egin behar da. 1996an Imajina Ezazu Euskadi saria irabazi zenuen "Paseoak eta paisaiak" argazki bildumarekin. Bost argazki aurkeztu nituen lehiaketa horretan, baina argazki indibidualak ziren. "Paseoak eta Paisaiak" erakusketa, berriz, irudi konposatuek osatzen dute. Sariketara aurkeztutako argazkiak ez ziren hain abstraktuak, ez nintzen mugimendu handiko argazkiak aurkeztera ausartu. Garbi esanda, dirua behar nuelako aurkeztu nintzen lehiaketara. Izugarrizko zuloan sartuta nengoen, diru beharrean nengoen, eta horregatik, zerbait segurua aurkeztu nuen. Argazkigintzan lehenengo saria eskuratu, baina gainera, sail desberdinetan irabazle izan zirenen artean beste sari berezi bat banatu zuten, eta hori ere irabazi egin nuen. Lehen aldiz argazkigintzari eman zioten sari hori. Ni harrituta geratu nintzen, badakizu, literaturak eta garrantzia handiagoa dute. Ez nuen espero sari berezi hori jasotzea. Sari horrek ezagutzera emateko balio izan zizun?Komunikabideetan oihartzuna izan nuen, eta bai, nire lana ezagutzera emateko balio izan zidan. Nik beti zalantzak ditut gauza berriak egiten ditudanean, eta alde horretatik sariak interesgarriak dira. Hasieran, sari bat irabazten duzula eta, gehiago bilatzen duzu oihartzuna, zure lana ikertzea baino. Azkenaldian, berriz, gehiago interesatzen zait nire lana lantzea. Gero, oihartzuna badator, hobe. Nire helburua une honetan nik gustuko dudana egiten jarraitzea da, hau da, argazkiak ateratzen jarraitzea. Argazki on bat ateratzeko sekretua zein da? Argi eduki behar da zer nahi den egin, eta horren arabera, teknika bat edo beste erabili: zuri beltza, kolorea, erretratua... Sentimendu bat egon behar da, argazki on batean zerbait kontatu behar da. Nik argazki bat ateratzen dut, ikusten dudan horrek sentimendu bat sortarazten didanean. Ondoren, lortu behar dut, niri sortarazi didan sentimendu hori argazkia ikusten duenak ere sentitzea. Jakina, teknika ondo menperatu behar da, baina funtsezkoena ideia bat edukitzea da. Kamara erraminta bat da, baina pentsatu egin behar da argazkia ateratzeko orduan. Argazkiak, koloretan edo zuri beltzean? Ni zuri beltzaren aldekoa naiz. Nire lan sakonenak zuri beltzean egin ditut. Nahiz eta hasiera batean sinpleagoak diruditen, zuri beltza norberak lantzen du, eta hori beste kontu bat da. Kolorea, berriz, errazagoa da, eta laborategiek izugarri ondo egiten dute lan hori. Rwandan egon zinen 1992an, eta hango argazkien bilduma ere baduzu. Zer dela eta Rwandan? Jokin Otaegi, nire maisua izan zena eta nire aitaren oso laguna dena, Rwandan zegoen misiolari. Han arte eskola batetako zuzendaria zen, eta opor batzutan hona itzuli eta zenbait lan ekarri zituen. Erabiltzen zituzten koloreekin eta harrituta geratu ginen, baina argazkiak nahiko kaxkarrak ziren. Alde batetik izugarrizko maila zegoen, baina argazkigintzari dagokionez alderantzizkoa gertatzen zen. Horrela, nik ikastaro bat emateko aukera sortu zen. Bidaia geuk ordaindu, eta aita etabiok Rwandara joan ginen hilabetez. Goizetan ikastaroa eman, eta arratsaldetan argazkiak ateratzen nituen. Lan antropologiakoa izan zen, bertako jendea nola bizi den eta zer egiten duten islatzen dute argazkiek. Izugarri hunkitu ninduen bertako jendeak, duintasuna erakusten baitzuten argazkiak ateratzen nizkienean. Dotorezia handia erakusten zuten kameraren aurrean. 1.800 argazki inguru atera nituen, eta hortik 50 aukeratu nituen bilduma osatzeko. Gustatuko litzaidake lan hau gehiago mugitzea, gutxitan egon baita erakusgai. Zein harreman duzue zuen artean Euskal Herriko argazkilariok? Badaude harremanak, eta horretan asko gustatzen zait Elgoibarko argazkilari elkarteak duen lan egiteko era. Zarauzko Photomuseum a egiten ari den lana ere kontuan hartzekoa da. Une honetan zer duzu eskuartean? Gizonak naturan duen presentziaren inguruko argazkiak ateratzen ari naiz. Argazkiak zuri beltzean dira, eta kamera desberdinekin ateratakoak: plakekin, panoramikarekin baina mugitu gabe eta 35 mm ko kamerarekin. Batzuk irudi txikiak izango dira, eta beste batzuk oso handiak. Orain dela urtebete hasi nintzen lan honekin, eta bilduma dagoeneko forma hartzen ari da. Hala ere, gehiago landu behar dut oraindik. Datorren urtean zerbait aurkezteko moduan egongo naiz. GORKA SALMERON (Legazpi, 1969) Curriculuma Portafolioak: Emulsiones, 1989. Paris Egunetik Egunera, 1990. Condenados a Pensar, 1990. Puertas, 1991. Polaroids o el Color de la Luz, 1992. Leaxpi Industri Paisaiak, 1992. Rwanda 1992, 1995. Paseoak eta Paisaiak, 1998. Bakarkako erakusketa batzuk: Legazpiko Kultur Etxean. Errenteriako Gaspar Galerian. Zaragozako Spectrum Galerian. Zarauzko Photomuseum en. Bilbao Bizkaia Kutxan. Israelgo The Museum of Photography at Tel Hai Industrial Park en. Algecirasko UFCA n. Beka eta sariak: argazki teknika zaharrei buruzko ikerketarako laguntza, Gipuzkoako Foru Aldundia. XII. Zilarrezko Abejorrilloa eta VI. Ikasketa beka, Guadalajarako Argazkilari Elkartea. Leaxpi Industri Paisaiak lanarenpromoziorako beka, Gipuzkoako Foru Aldundia. Imajina ezazu Euskadi IX. edizioan argazkigintzan lehenengo saria eta VII. Zilarrezko Hispano sari berezia. Gorka Salmeroni egindako argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 55.zbk (1999 / 11 / 19 26) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria