557 Zenbakia 2010-12-03 / 2010-12-10

Artisautza

Igor Unanue Osoro. Zur lanketa: Artisaua

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Artisaua

Igor Unanue Osoro 1974ko abuztuaren 5ean jaio zen, Deustun (Bizkaia). Haren aita Martin eta ama Arrate, Eibarren bizi zirenak, txiki-txikitatik artearekin harreman zuzena izan zezan ahalegindu ziren, baita naturarekin ere, biak mendizaleak izaki.

Bai ama bai Iratxe arreba pintoreak dira. Gogoan du Igorrek, 3 urte besterik ez zuela, bere pintura-maleta zuela jadanik, eta bere amak pintatzen ziharduen bitartean, berak pinturekin jolasten zuela. Ez da harritzekoa, bada, giro horretan hezitako haurrak artearekiko joera izatea.

Batxilergoa egin ondoren, Lanbide Heziketa ikasi zuen Donostian, eta zurgintzan espezializatu zen. Gero Debako (Gipuzkoa) Arte Eskolara joan zen. Baina, Igorrentzat, benetako aitabitxia Paulino Larrañaga eibartar eskultore handi eta ospetsua izan zen.

Ikasketekin txandakatuta, haur-monitore lan egin zuen Bernedoko (Araba) kolonietan. 20 urte zituela (duela 16 urte), lagun batekin Araban kokatzea erabaki zuen. Herriko errementeria zaharra eraberritu eta bertan jarri zuen bere lantegia. Jarduerarekin batera, lanketa- eta zaharberritze-eskolak eman ditu Arabako Mendialdeko hainbat herritan (Bernedon, Kanpezun, Maeztun, Lagranen...). Gaur egun, Paganoseko (Arabako Errioxa) ikasleak ditu.

Navarreten bizi da, Andres eta Macario bertako azken itzainen etxean. Igorrek estimu handiz gogoratzen ditu biak, jende xume hori eredugarritzat baitu natura-ingurunearekiko begirunearen ikuspegitik eta landa-bizimoduaren erabilera iraunkor eta zentzuzkoaren ikuspegitik. Haien adibideari jarraituz, beste urrats bat eman zuen bizitzan, eta zaldi-azienda —hain zuzen Sabandoko mendietan jaiotako bi pottoka— zaintzeko eta landu gabe zegoen eremu elkor bat lantzeko ardura hartu zuen bere gain. Jarduera horri esker, duela urte batzuetatik lantzen duen baratzean produktu ugari biltzen ditu.

Arte-jarduerari dagokionez, hainbat talde-erakusketatan parte hartu du, baita familia-erakusketaren batean ere, eskulturak eta diseinuak aurkeztuta.

Haren lanean, zur-lanketaren kalitatea ez ezik, akaberen fintasuna eta erabili ohi dituen askotariko zur motak ere aintzat hartu behar dira: haritz zaharra, lizarra, gaztainondoa, gereziondoa, intxaurrondoa, akazia...

Azken garai honetan, bere lanak gure herrialdeko artisautza-azoketan eta jaietan aurkezten ditu, batez ere. Berak dioenez, “plazarik plaza ibiltzen naiz neure txalapartatxoekin, bertoko musika-tresna horren bidez melodia-sormenari aukera bat emanez; nahiz eta txalaparta ohiko 2 metroetatik 40 zentimetrotara txikitu dudan, edonor harritzea lortzen dut, txalapartak erresonantzia-kaxa du eta”.

IGOR UNANUE OSORO Herriko Plaza, 3 01118 Navarrete ARABA Telefonoa: 945 37 82 33 Posta elektronikoa: iuokila@yahoo.es