
Artisautza
Iratxe Unanue. Arropa pintatua: Historia
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Oihal gaineko pintura antzinatik ezagutzen da. Munduko oihal pintatu zaharrena omen dena Torinoko Egiptiar Museoan dago: K.a. 4000 urtekoa da.
Zalantzarik gabe, kultura guztiek, baita zaharrenek ere, pintura erabili izan dute errege eta apaizen jantziak edertzeko, oinetakoak oihal pintatuez forratzeko eta baita tenplu eta etxeetako hormak apaintzeko ere.
Antzerkia agertu zenean, dekoratuak egin behar izaten ziren. Horri esker, hondoak eta oihalak pintatzeko teknikak orokortu egin ziren.
Artearen alorrean ere oihalak pintatzeko teknikak erabili izan dira. Izan ere, ez al da mihisea pintoreen oinarrizko elementua?
Plinio Zaharra historialariak kontatzen digunez, Neron enperadoreari erretratua egin zioten 30 metroko oihal baten gainean. Alabaina, garai hartan horma edo oholen gainean pintatzea zen ohikoena. Oihal gainean pintatutako koadrorik zaharrenetako bat Frantzian egin zen, 1410ean: Ama Birjina aingeruekin izenekoa da eta Berlineko Gemäldegalerie-n dago. Hain zuzen, oihal gaineko koadroak pintatzeko ohitura XVI. mendeko Italian zabaldu zen.
Gaur egun, azaldu diren teknologia eta pintura berriei esker, oihal gainean pintatzeko artea erabat hedatuta dago jendartean, batez ere pintatutako jantziek garbitzerakoan arazorik ematen ez dutelako. Oraintxe jardungo dugu horretaz.
