544 Zenbakia 2010-09-03 / 2010-09-10

Euskonews Gaztea

Gaiak: (Lanera ez) Itzultzeko bost urrats

GARAI, Maitane



Neure etxean ohitura kaxkar bat daukagula aitortzera nator oraingo honetan, inplikatutakoen baimenarekin, noski –halere, lehengo pertsonan idatziko dut, badaezpada. Argazkia: Savannah bunny

Hain zuzen ere, ikasturte berria hastearekin batera, nire gorputza guztiz nagitzen da, eta kosta egiten zait egitekoei berriro heltzea. Halaxe izan zen ikasten nenbilen garaian, halaxe jarraitzen du izaten orain ere, lanean urte parea daramatzadanean. Baina badauzkat psikologikoki prestatzen joateko trikimailu batzuk.

Aurrena, oporretan egonez gero, saiatzen naiz lanean hasi baino bizpahiru egun lehenago gutxienez bueltan egoten. Jakin badakit, jende ugarik azken unera arte aprobetxatzen dituela oporrak, baina nekagarria suertatzen zait bidaiaren ostean segituan beharrari ekitea.

Bigarrenik, aurreko egunean telebista ez ikusten saiatzen naiz. Zergatik? Leku denetan opor osteko depresioa aipatzen dutelako, eta azkenean, horrenbestetan entzun ondoren, bakantzetan egon naizenik ere ez dut oroituko, benetan krisi bat pairatuko dudanaren sentsazioa baitaukat.

Hirugarrenik, goizean iratzargailua jo, dutxa on bat hartu, eta lasai asko gosaltzen esertzen naiz sukaldeko mahaian gurin, mermelada, ogi xigortu eta kafesne goxoa aurrean ditudala. Ezen, amak txikitan esaten zidan bezala, gosaria eguneko jatordurik garrantzitsuena da; beraz, zergatik ez hamar minutu lehenago jaiki eta egun gogorrari aurre egiteko prest egon?

Laugarrenik, lantokira irribarre batekin sartzea. Eguna positiboki hasi badut, zergatik ez horrela jarraitu? Noski, momentu txarrak egongo dira, baina saia gaitezen giro ona kutsatzen! Eta gainera, eguna bere amaierara iritsiko da, hori ziur...

Eta azkenik, etxera iristerakoan bainu bat hartzen dut, iruditzen baitzait merezita dudala niretzako den momentuaz disfrutatzea. Hau urtean bizpahiru aldiz egiten dut soilik, opor oste guztietan hain zuzen.

Ados, ez dira beste munduko amarruak, baina niri baliagarriak zaizkit. Zein da zure modua?