544 Zenbakia 2010-09-03 / 2010-09-10

Euskonews Gaztea

Gaiak: Adolfo Cabrales, Fito

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Fito moduan ezagunagoa da Adolfo Cabrales musikaria. Ezaugarri bereziduneko gizonak plazak betetzen ditu eszenatokira igotzen den bakoitzean.

Bilboko Zabala auzoan jaio zen Adolfo Cabrales Mato 1966ko urriaren 6an. Aitaren negozioan hasi zen tabernari moduan lanean, eta berton bizitako giroak etorkizuneko abestietan nolabaiteko eragina izango zuen, letretan esaterako. Argazkia: Noticias de Gipuzkoak utzia.

Abeslaria da Fito, baina baita gitarra jotzailea ere, eta trebatzeko, ez zen inongo eskolara joan. Hain zuzen, rock ’ roll musika entzunez ikasi zituen akordeak bizkaitarrak. Hogeita hiru urte zituenean, hau da, 1989an, auzoko lagun batzuekin Platero y Tú rock taldea eratu zuen. Urtebetera, 1990ean, maketa autoekoiztu zuten lagunek –ondoren 1992an berrargitaratu zen Burrock n? roll izenpean–, eta kontzertu batzuk ere eman zituzten han eta hemen.

Halere, 1991n ikusi zuen argia Voy a acabar borracho aurreneko lanak eta halaxe ekin zion bere tokia egiteari hamarkada hartan musika panoraman talde garrantzitsu bilakatu zenak. Hasiera horren ondoren, beste hainbat disko ere publikatu zituen Fitok taldearekin, Muy deficiente (1992), Vamos tirando (1993), Hay poco Rock ’ Roll (1994), A pelo (1996), 7 (1997), Correos (2000).

Guztiek bezala, Platero y Tú taldeak ere bilakaera bat izan zuen urte guzti horietan. Azken urteetan gainera, Fitok bestelako kantak idazteko eta musika egiteko gogoa izan zuen, eta hala, 1998an sortu zuen Fito ’ Fitipaldis. Bi taldeak bateragarriak zirela zirudien eta halaxe izan zen harik eta Platero y Túk 2001ean beren jarraitzaileei agur esan zienera arte. Halere, Hay mucho rock ’ roll I eta II publikatu zituzten 2002 eta 2005 urteetan, hurrenez hurren, urte guzti horietako kantak gogoangarrienak jasoz.

Fitipaldiekin batera, Fitok musika estiloak nahasteari ekin zion; ez zen rocka bakarrik, jazzak, edota bluesak ere tokia baitzuten haren kantuetan, besteak beste. Hala, taldea sortu eta urtebetera, 1999an, proiektu berri haren aurreneko lana kaleratu zen: A puerta cerrada. Ordutik, makina bat izan dira ekoiztutako diskoak: Los sueños locos (2001), Lo más lejos a tu lado (2003), Por la boca vive el pez (2006), eta Antes de que cuente diez (2009).

Disko berezi bi ere publikatu dituzte, Vivo...para contarlo (2004) Bilboko jaietan eginiko kontzertu jendetsu baten zuzeneko grabaketa; eta Dos son multitud (2008), Andrés Calamaro musikariarekin batera eginiko bira baten emaitza.

Beren lanek salmenta ugari izan zituztela eta Platinozko Diskoa jaso du behin baino gehiagotan – A puerta cerrada, Los sueños locos, Vivo...para contarlo– eta Platinozko Disko Bikoitza izan ziren Lo más lejos a tu lado eta Por la boca vive el pez lanak –azken hau gainera, Platinozko hirukoitza ere izatera iritsi zen.

Bere lanak bestelako aintzatespenak izan ditu, esate baterako, Musika Sarietan Abestirik Onena eta Rock Album Onena sariak eman zizkioten 2006ean; 2009an berriz, Ondas Sariketan Artista Onenaren saria. Eta ilusio bereziz jaso zuen gainera, bere jaiotze hiriak emaniko saria; Bilboko Ospetsu izendatu zuten 2008an.

Musikan hasi zenetik momentu goxoak eduki arren, momentu gaziak ere bizi izan zituen garai batean. Drogekin borrokan aritu zen zenbait urtez, baina egoera beltzari buelta ematea ere lortu zuen Fitok.

Areto txikietan edota estadio erraldoian jo, berdin bete dira Fito buru izan duten proiektu guztiek eskainitako emanaldiak. Kanturako prest dagoen publikoaren aurrean irmo agertzen da gizon argala, bere txapela buruan, jarraitzaileei merezitako ikuskizuna emateko prest.