533 Zenbakia 2010-05-21 / 2010-05-28

Artisautza

Betiarte. Taila herrikoia: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Prozesuak

Artisauak hitz egin dezala:

Duela hamar urte hasi nintzen zura lantzen, eta horretarako hiru tresna erabiltzen nituen: gubia, mazoa eta egurrak bere gorputzaren bidez eskaintzen dizkigun mila formak interpretatzeko gaitasuna. Gaur egun tresna gehiago ditut eskura, hein handi batean egurrari esker, baina garrantzitsuena hirugarren hori da.

Basora joan eta aurrean sustrai bat aurkitzen dudanean, haren eta nire artean komunikazioa sortzen da, eta hor ematen da eraldaketaren magia. Sustraiak eta horren inguruneak bat egiten dute sortzeko dudan borondatearekin, ni bakarrik ez bainaiz horretako gai. Elkarrekintza horretan forma eta esanahia eraldatzen dira, eta zerbait berria sortzen da, ordura arte izan ez dena, eta aldi berean prozesu eder horretako osagai guztiak biltzen dituena. Horregatik, hasieran “egurraren eraldaketa” esaten nion neure lanari, baina egia esan, uste dut biok eraldatzen garela emaitza bakar horretara iristeko.

Lantegian nagoenean, sustraia eskuetan eta emaitza berria buruan, egurrari soberan dituen zatiak kentzea izaten da hurrengo urratsa, zati bigunak, azala, etab. Horrela, forma berrira iristen naiz, sendoa eta aldagaitza den forma horretara. Prozesu horretan ezusteko aldaketak ere izaten dira, eta beraz, bukaerara arte ez dut jakiten “zer izango den” sustrai hori. Egia esateko, eraldaketaren magia ez da amaitzen pieza bukatuta dagoela erabakitzen dudan arte.

Hamar urteotan egin ditudan bostehunetik gora lanetan agerikoa da prozesu mailan eta emaitzan izan den bilakaera. Baina magiaren funtsa ez da aldatu, benetako inspirazioa borondatean datzala uste baitut, eta norberaren esku dago aurkitzea.

Egin behar duen produktuaren arabera aukeratzen du landuko duen egur mota. Aritza edo gaztainondoa erabiltzen ditu altzariak egiteko, pagoa uztarriak egiteko, gauza txikietarako nahiago du urkia, zuria delako eta kolorea ondo hartzen duelako, bolumena duten piezak egiteko, berriz, gaztainondoa erabiltzen du, egurraren formak aprobetxatzeko, batez ere harrotuta dauden egurrak, oso profil politak baitituzte.

Era berean, teila zaharrak margotzen ditu, eta erretako egurrekin ere egiten du lan.

Tailatzeko orduan, nahiago du moztu berria den egurra erabiltzea, lehorra baino errazago lantzen baita, ez delako horren gogorra.

Lantegian prest ditu lanerako behar dituen bitarteko guztiak: zinta-zerra, disko-zerra, motozerrak, azala lautzeko makinak, zulagailuak... eta baita lanabesak ere: trintxa-gubiak, arraspak, mazoak eta mailuak, zerroteak eta zerrak, kurrikak eta aliketak, erregelak, konpasak, etab. Horiez guztiez gain, kontsumigarriak direnak ere eskura izaten ditu: arkatzak, lixak, pintzelak, esmalteak, bernizak, etab.