531 Zenbakia 2010-05-07 / 2010-05-14

Artisautza

Eskulan. Beirazko artea: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Prozesuak

Beira Tiffany sistemaren bidez lantzea (piezak kateatzea, uztartzea), Louis Comfort Tiffanyk asmatu zuen. New Yorken jaioa 1848ko otsailaren 18an, bitxi-enpresa bat zuen Charles L. Tiffanyren seme zaharrena zen. 1881ean, Louisek Tiffany and Company dekorazio-enpresa sortu zuen, eta urtebetean berebiziko ospea erdietsi zuen (ikusi xehetasun gehiago Euskonewsen 291. zenbakian).

Tiffany sistema, laburbilduz, beira zatiak elkartzea da. Produktua edo pieza osoa eratzeko, zatien ertzetan kobrezko xafla itsaskor bereziak ipini eta gero soldatu egiten dira, era horretan zatiak elkarrekin uztartuz.

Horrek, ordea, aldez aurretik zenbait lan egitea eskatzen du; hala nola, egin beharreko gaia eta osatuko duten beiretako bakoitza diseinatzea; beira marraztu eta ebakitzeko eredu modura erabiliko ditugun kartoizko txantiloiak prestatzea; eta ertz guztiak leundu eta ertz zorrotzak kentzea.

Lan horietarako, 3 milimetroko lodiera duten beira lauak erabiltzen dira, bereziki horretarako egindakoak. Merkatuan kolore askotakoak daude eta xafletan eskuratu ohi dira.

Pieza guztiak eztainuz soldatu ondoren, batzuetan soldadurak margotu edo tindatu egiten dira; eta behar izanez gero, pieza sendotu ere egiten da, atzealdean burdina-hariak eta metalezko hagatxoak ipiniz. Hori beirate handien kasuan batik bat.

Laburbilduz, tiffany teknika edo kobrezko zintarena erabiltzen dute. Gogoan izan, ordea, batzuetan bestelako tratamenduak ere erabili behar izaten direla. Adibidez, tailatzea; grabatzea; hotzean apaintzea; grisailaz margotzea (Erdi Aroko teknika horren bitartez, beira oxidoez apaindu eta laberatu egiten da); termoeratua, etab. Objektuak ere txertatu ohi dituzte piezetan. Era horretan, testura eta akabera ugari lortzen dituzte.

Lana gauzatu ahal izateko, ongi hornitua dute Eibarko lantegi-denda.