Euskonews Gaztea
Gaiak: Mikel Urmeneta
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Jendeari Iruñea zerekin lotzen duen galdetuz gero, ehunka erantzun egongo diren arren, San Fermin izango da erantzun nagusia; agian norbaitek Kukuxumusu erantzungo du, eta ez da oker ibiliko. Biak gainera, nahiko lotuta daude. Argazkia: Diario de Noticias de Gipuzkoa.
Kukuxumusuren sortzaileetariko bat da Mikel Urmeneta Otsoa. Nafarroako hiriburuan jaio zen 1963ko abenduaren 25ean, eta gaur egun New Yorken bizi den marrazkilaria dugu. Ikasketei dagokienez, Jesusen Bihotzaren Misiolariak eta Cristo Rey ikastetxeetan burutu zuen oinarrizko hezkuntza, eta etapa berri bat ekinez, institutura joateko unea iritsi zitzaion.
Bi lekutan saiatu zen Urmeneta –Ximénez de Rada eta Ermitagaña– baina bietatik ala bietatik kaleratu zuten. Orduan, benetan gustuko zuen zerbaitetan murgildu nahirik, Dekorazioa ikasi zuen urtebetez, eta horrek bere aurreneko lana eskuratzeko aukera eman zion, hain zuzen ere, publizitate agentzia batetan.
Lanak dirua esan nahi zuen eta Mikelek ongi aprobetxatu zituen eskuratutako sosak. Modu horretan, maletak egin eta mundura atera zen; lurralde desberdinak esploratzeko unea iritsi zitzaion. Berezko abentura senak, Polinesia edo Japoneraino eraman zuen nafar gaztea, beste makina bat tokiren artean.
Baina 80.hamarkada amaitzear zela, proiektu berri bat abiarazi zuen Koldo Aiestaran eta Gonzalo Dominguez de Bidaurreta lagunekin batera eta 1989an, Kukuxumusu sortu zuten. Beraien asmoa San Fermin jaietako ohiko oroigarrien alternatiba bat eskaintzea zen eta lortu zuten. Urmeneta marrazkigintzaz arduratu da beti eta sormen zuzendari eta ideien departamentuko arduraduna da.
Halere, nahiz eta marka horren aitetako bat izan, bere kabuz ere lantxo batzuk eginikoa da iruindarra. Esate baterako, kartel lehiaketa ugaritara aurkeztu ditu bere lanak, eta maiz irabazi du, gainera. Esate baterako, 1990eko San Fermin festetako kartela berea zen; urte berean jaso zituen baita ere, Iruñeko Udaleko Artista Gaztearen, Nafarroako Jaialdiaren eta Burlatako Udalaren sariak. Halaber, 1991an Baztandarren Biltzarra jaia iragarri zuen bere irudiak, Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailaren ekimenezko lehiaketan irabazle hautatu zuten 1995ean...
Marrazteko abilezia beste esparru batzuetan ere erakutsi du, dela koadroak egiten, dela zenbait libururen azalak diseinatzen. Bestalde, Andreu Buenafuenterekin batera, Hell and Heaven proiektua burutu zuen, eta modu horretan biek batera mural ezberdinak sortu zituzten, New Yorken. Arrazoia, gustuko zutela, besterik ez zuten behar.
Baina marrazketaz gain, argazkilaritzak ere nafarraren zaletasunen artean puntuazio altua jasotzen dut. Bere kamera hartuta handik hona ibiltzea gustuko duen horietarikoa da, eta bere lanak Captura.org orrialdean ikus daitezke, esate baterako. Baina badauka beste afizio handi bat eta bere hiriko jaiak dira horiek, nola ez.
Originaltasunez eta fikziora salto eginez, zezenari merezitako protagonismoa emanda artista nafarra ezagun bilakatu da mundu mailan. Eta garrantzitsuena, gustuko duena egiteko gai dela, amestuz baina gogor lan eginez.